HarEman egitasmoa abian hirugarrenez

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 20a

Hirugarrenez abian jarri dute Usurbilgo Udalak eta Zabalduz kooperatibak HarEman egitasmoa eta izena emateko epealdia ireki du. Bideotatik eman ahalko da izena: 722 446 156/hareman@zabalduz.eus

“Usurbilera bizitzera etorritako pertsonei herria eta herritarrak bertan errotutako pertsona baten bidez ezagutzen laguntzea da” bere xedea. “Parte hartzen duten boluntarioen artean bi multzo bereizten dira: mentoreak, herrian errotutako pertsonak, eta mentoratuak, beste nonbait jaio eta Usurbilera bizitzera etorritakoak”.

Bakarka nahiz taldean parte hartu liteke proiektu horretan. “Izena ematen dutenen soslaiak aztertuta osatzen ditu bikoteak Zabalduz-ek, hainbat aldagai kontuan izanda. Bikoteak osatutakoan, astean behin elkarrekin gelditzeko konpromisoa hartzen dute, bien artean adostutakoa egiteko (paseo bat eman, kafe bat hartu, herria erakutsi...). Harremana eraiki bitartean Zabalduz-en laguntza profesionala izaten dute, sei hilabetez”.

Iraunkortasuna, erronka
Hirugarren aldiz abiaraziko du Udalak eta berak egitasmoa koordinatzeko kontrataturiko Zabalduz gizarte ekimeneko kooperatibak. 2023ko udazkenean jarri zuten martxan estreinakoz. Ordutik bideraturiko bi aldietako lehenengoan, hamar bikote osatu ziren, iaz bost. Ekimenak “izandako balorazio onak bultzatu du udala programarekin jarraitzera: partaideek adierazi ohi dituzten esperientziak dira horren erakusgarri. Hain zuzen ere, HarEman programa eta esperientzia horiek ezagutarazteko lau bideo argitaratuko dira datozen asteetan”.

Herritarrak HarEmanekin bat egitera animatuko dituzte ikus-entzunezko pieza horien bidez. Egitasmoa “modu iraunkorrean eskaintzea da udalaren asmoa”.

Udaletik nabarmendu dutenez, komunitateak zeregin asko du Usurbil herri harreragile izateko bidean eta horren baitan kokatzen dute HarEman egitasmoa. Bide horretan hain zuzen, udalerri hau herri harreragile izateko norabidean, hainbat egitasmo bideratu ditu Udalak urteotan, “jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen lan-ildoari jarraituz. Bi eremutan egin da lan: udal barruan eta komunitatean. Udalari dagokionez, egindako lanaren emaitza dira, besteak beste, Aniztasun Kontseiluaren sorrera, Emakumeon Etxean eskaintzen den harrera zerbitzua, atzerritartasun gaietarako aholkularitza juridikoa, erroldatzearen garrantzia azaltzeko eskuorria edo baliabideen gida berritu eta oinarrizko hiztegi bat sortu izana”.