NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia

"Lurdes Iriondo, ez gara alferrik pasako” dokumentala igandean

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 19a

"Lurdes Iriondo, ez gara alferrik pasako" dokumentalaren proiekzioa dakar urte hasiera honetako NOAUA! K.E.-ren Kulturaldiak. Igande honetan, urtarrilaren 25ean eskainiko dugu Sutegin.

Pasa den Donostiako Zinemaldiaren baitan, Zinemira sailean aurkezturiko "Lurdes Iriondo, ez gara alferrik pasako" dokumentala dakar Sutegira, NOAUA! Kultur Elkarteak abiatzear duen Kulturaldiaren baitan. Euskal kulturgintzan erreferente izandako Urnietako sortzailea da ikus-entzunezko horren protagonista. Artxiboko irudiez, euskal musika eta literatura alorretako hainbat sortzaileren lekukotzak batzen ditu ikus-entzunezkoak.

Hemen, aurrerapena: "Garai bateko zuri-beltzezko argazkietan izoztua gelditu den abeslari gaztea. Kapsulatua. Enkuadre baten barruan harrapatua, haren ahotsa diskoetan bezala. Ahaztuta, nonbait, ikuspuntua hautatu egiten dela. Ahaztuta, abeslaria izateaz gain, euskal kulturaren transmisioan ezinbesteko erreferentea ere badela Lurdes Iriondo. Transmisioarentzat haurrak ezinbesteko zirela ulertu zuen eta haientzat idatzi zituen liburuak eta antzerkiak".

Trailerra albiste honi atxikia duzue, baita proiektu honen egileen adierazpenak ere. Inge Mendioroz Ibañezek zuzendu du ikus-entzunezkoa, Idoia Garzes Aldazabal aritu da gidoigile lanetan. Mendioroz Sutegin izango da dokumentala proiektatuko den urtarrilaren 25eko hitzorduan.

“Lurdes Iriondo, ez gara alferrik pasako” dokumentala
Eguna: urtarrilak 25, igandea.
Ordua: 18:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Zuzendaria: Inge Mendioroz Ibañez.
Gidoigilea: Idoia Garzes Aldazabal.
Ekoizpena: Maluta Films, Behirada.
Ekoizpen urtea: 2025.
Musika: Mursego.
Iraupena: 72 minutu.
Oharra: dokumentalaren proiekzioaren ostean, Inge Mendioroz Ibañez zuzendariarekin solasaldian aritzeko aukera izango dugu.
Sarrerak: 6 eurotan aldez aurretik, usurbilkultura.eus plataforman edo NOAUA! K.E.-ren egoitzan. Bazkideek aldez aurretik 4 eurotan, NOAUA! K.E.-ren egoitzan.
Antolatzailea: NOAUA! K.E.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.