Abenduaren 15ean egindako iragarpena ofizialdu dute sindikatuek astelehen honetan, urtarrilaren 19an. ELA, LAB, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek gaur erregistratu dute, martxoaren 17rako Hego Euskal Herrian deitua duten greba orokorrerako deialdia. “Gutxieneko soldata hemen erabaki. LGS 1500€. Soldatak hobetu aberastasuna banatzeko” aldarripean egingo da 24 orduko lanuztea bi hilabete barru.
Lan-baldintzen okertzea eta bizi-kostuaren etenik gabeko garestitzeari erantzun kolektiboa ematea izango du helburu nagusi, bi hilabete barru egingo den greba orokorrak. Izan ere, deitzaileen esanetan, "azken urteotan soldatek ez dute bizi-kostuaren igoerari erantzuteko adinako hazkunderik izan, eta horrek langileen bizi-baldintzak nabarmen kaskartu ditu".
Horregatik, premiazkotzat jotzen dute 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa aldarrikatzea, "hemen erabakitakoa eta bertako errealitate sozioekonomikora egokitua". Eskaera hau gauzatuko balitz, sindikatuon esanetan, Hego Euskal Herriko 167.000 langileren egoera hobetuko litzateke. Horrekin batera, "aberastasunaren banaketa bidezkoagoa" exijituko dute sindikatuok, "azken urteetan enpresen eta kapitalaren irabaziak handitu diren bitartean langileek galera izan dutela" salatzeko. Lan-harremanen esparruan erabakitzeko gaitasuna hemen kokatzearen beharra ere aldarrikatuko da. "Greba honek ere herritarren parte-hartze demokratikoaren alde jotzen du, pentsiodunen herri-ekimen legegilearekin batera hilabete gutxi batzuetan ia 300.000 pertsonen nahiari muzin egin eta eztabaida irekitzeari uko egin dieten alderdi politikoen autoritarismoa salatzeko".
Blokeoa
Greba orokorrerako deialdia egin aurretik, gogora ekarri dute sindikatuek bi lan-ildo jorratu dituztela. "Batetik, bertako eskumenen baitan, patronalekin negoziazio-mahaia irekitzeko saiakera eginez. Bestetik, eskumen berriak lortzeko bidean, sindikatuek herri ekimen legegilea bultzatu dute, eta horren alde 138.495 sinadura jaso zituzten, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa ezarri ahal izateko".
Aldiz, "patronalak eta euren mesedera lerrokatu diren alderdi politikoek" bi bideok blokeatu dizkietela salatu dute. Horiez gain, hirugarren bide bat zabaldu beharra ere aldarrikatu dute. "Ezinbestekoa da gutxieneko soldataren afera EAEn zein Nafarroan estatus juridiko-politikoaren berrikuntzan ezinbesteko aldarrikapen gisa kokatzea".
Ildo horiek jorratzeko Hego Euskal Herriko bi gobernu nagusiek duten erantzukizuna nabarmendu dute sindikatuek. "Ezin da soldaten galera orokortuaren aurrean neutralitatea mantendu, ezta lan-baldintzen okertzearen aurrean albo batera begiratu ere. Gutxieneko soldata duin baten aldeko neurriak hartzea borondate politiko kontua dela", nabarmendu dute.
Langileei grebarekin bat egitera deitu dituzte. "Datozen asteetan, grebaren arrazoiak eta helburuak azaltzen eta lantzen jarraituko dute, lan zentroz lan zentro eta auzo eta herrietan antolatuko dituzten ekimen eta batzarren bidez".
