24. Korrika

24. Korrikaren herri erdiguneko ibilbidea zehaztu dute

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 20a

Martxoaren 25ean gure artera helduko den euskararen aldeko lasterketa herri erdigunean nondik igaroko den zehaztu du Etumeta AEK euskaltegiak.

Urtarrilaren 8an ezagutarazi zuen AEK-k "Euskara Gara" aldarripean, badatorren 24. Korrikako ibilbidea. Martxoaren 19tik 29ra egingo den euskararen aldeko lasterketa erraldoiena, hilaren 25ean 13:37 aldera iritsiko da Zubietako hipodromoko zubitik barrena. Zubieta, Santuenea, Atallu, Bizkarre, Kalezar, herri erdigunea edota Aginaga zeharkatuko ditu, lekukoa udalerri honen esku geratuko den hamaika kilometroetan.

Ibilbide horren baitan, herri erdigunean barrena egingo duen ibilbidea zehaztu du Etumeta AEK euskaltegiak. Aurreikusita zegoenarekin alderatuta, ez dago aldaketarik. Aipatu moduan,  Bizkarretik behera, Kale Nagusira sartuko da 24. Korrika martxoaren 25eko eguerdi partean. Aliprox saltoki pareko biribilgunetik Kalezarrera gora segiko du gero. Kalezar erdigunea alderik alde zeharkatu eta Ugartondora jaitsiko da lasterketa. Handik, Puntapax kaletik barrena BM saltoki pareraino joko du eta hortik, gero, Bordaberri kalean barrena, NOAUA! Kultur Elkartearen egoitza paretik behera Errekatxiki kalera eta handik Kale Nagusira. Kale Nagusia amaieraraino zeharkatu eta N634 errepidean sartuko da 24. Korrika eta ez da errepidetik aterako, Aginagako Mapilen lekukoa oriotarren esku utzi arte.

Eguerdian
Prest zuen ibilbidea ezagutzera eman zuen AEK-k, urtarrilaren 8an. 2022ko eta 2024ko edizioetan gauez heldu zen euskararen aldeko lasterketa gure artera. Duela bi urte afalostean izan zen, gauerdiaren bueltan eta duela lau urte, goizaldean igaro zen. 2022an Aginagako Mapiletik Zubietako hipodromorako noranzkoan batu ahal izan zen herri hau Korrikara, 2024n ibilbide bera kontrako noranzkoan osatu zen.

Lehenago, 2019koan ere bai, baina orduko hartan eguerdi partean heldu zen. Oraingo honetan ere, zazpi urte geroago egun-argiz iritsiko da eta Zubieta aldetik. Oraingo honetan ere, Lasarte-Oriak helaraziko dio lekukoa udalerri honi Zubietako hipodromoan.

Hamaika kilometro
Azken edizioen antzera, astegun batean izango da, kasu honetan, asteazkenez, martxoaren 25ean eta eguerdi partean. 13:37 aldera helduko da 24. Korrika Zubietako hipodromoko zubira. Handik, Zubieta, Santuenea, Kalezar eta herri erdigunea edota Aginaga zeharkatuko ditu euskararen aldeko lasterketa jendetsuenak.

Udalerri honetan, guztira, ordubete pasatxoz izango dugu datorren Korrika gure artean. Orotara, hamaika kilometroko bidea osatuko du inguruotan.

Hamaika kilometro izan arren, tarte horretan, lekuko aldaketa gehiago izango dira. Izan ere, herri eragile, elkarte, erakunde edota talde hainbatek erosten du kilometro oso bat edo erdi bat. Hartara, ekimena bera eta AEK finantzatzen laguntzen da eta trukean, gainera, tarte horretan lekukoa eramateko aukera eskuratzen da.

Aipatu moduan, oraindik ezin da jakin eta, beraz, ezin da zehaztu, nortzuk eramango duten lekukoa. Kilometroen erosketa epealdia otsailaren 1ean irekiko dute. Tarte hori igaro eta antolakuntzak lekukoa nork eta non hartu erabakitakoan jakinaraziko da.


24. Korrika Usurbilen
Eguna: martxoak 25, asteazkena.
Ordutegia: 13:37-14:47.
Hasiera: Zubietako hipodromoko zubia (1784. kilometroa).
Amaiera: Aginagako Mapil ingurua (1.794 kilometroa).
Distantzia: 11 kilometro.

Ordua Helbide zehatza Kilometroa
13:37:35 Hipodromo etorbidea zubia 1.784
13:44:05 Irigoien kalea 34 (Zubietako Lanbide Eskola ingurua) 1.785
13:50:33 Learritza ibilbidea 23 (Zubietako Etxetxo ingurua) 1.786
13:57:03 Amiri ingurua 1.787
14:03:33 Santueneako autobus geltokia 1.788
14:10:46 Belmonte kalea 1 1.789
14:17:12 Borda Berri kalea 3 1.790
14:23:03 N 634 5. kilometroa 1.791
14:29:30 N634 6-7 kilometroa 1.792
14:36:39 N634 7-8 kilomeroa 1.793
14:41:43 N634 7. kilometro amaiera 1.794



24. Korrika
Iraupena: 2026ko martxoaren 19tik 29ra.
Aldarria: "Euskara gara".
Abiapuntua: Atharratzen, 2026ko martxoaren 19an.
Helmuga: Bilbon, 2026ko martxoaren 29an.
Mezua:
Euskara-herria naiz, bizitzeko era, izateko modua.
Suaren antzekoa naiz: beti bera, beti berri.

Ongi etorri nire etxera, gure etxera.
Iraganetik gaur egunera, ateak beti zabalik ditugun babesgunera.

Zu eta ni euskara gara. Bat gara.
Miloi bat euskaldun gara, eta gehiago izango gara.
Biziberritzen den komunitate aske eta irekia gara,
elkarrekin sortuko dugun etorkizuna.
Alderik alde zeharkatuko dugun Euskal Herria gara.

Eman hitza, eta eman pauso, erdigunean jartzeko aniztasuna eta elkar zaintzea.
Eman pausoa, eta aktibatu, lehen lerroan nahi dugu helduen euskalduntzea.
Guztiok gara ezinbesteko. Pertsona bakoitzak du balioa; hiztun bakoitzak, garrantzia.
Euskaltegian izena eman dugunok, euskara lehen hizkuntza dugunok, kanpotik etorri garenok,
euskaraz, Euskal Herrian, ikasi eta bizi nahi dugunok...
Guztiok herri bat gara. Euskara gara.

Aditu Korrikaren deiadarra.
Izan gaitezen dardara, izan gaitezen indarra.
Piztu da Korrikaren garra!…


Parte hartzeko bideak:
1-Herri batzordeetan parte hartuta.
2-Diru ekarpenak eginda:
-Korrika Laguntzaile izanda edota 24. Korrikaren materiala erosita.
-Korrikalarien peto edo bizkarrekoa erosita.
-Korrikaren kontu korronteotan diru ekarpenak eginda:
Hegoaldean: ES70 3035 0072 02 0720037810
Iparraldean: FR76 1333 5000 4008 9291 5827 532 (eurotan), 218371601 (euskotan).
-BIZUM edo txartel bidez "korrika" edo "aek" bilatuta, baita korrika.eus atariko "Nola parte hartu" atalean ere.
-Lekukoa eramanda senide edota lagunekin, elkartekideekin... dagokion ekarpena eginda.
3-Korrikaren berri eman eta haren ospea hedatuz:
-Korrika Kulturalaren ekitaldietan parte hartuta.
-Korrika.eus webgunea edota haren sare sozialetan parte hartuta.
4-Korrikan parte hartuta:
-Hasieran eta amaieran.
-Bizkarrekoa jantzita korrika eginez; "euskara ikasi, hitz egin eta euskaraz bizi nahi dugula erakusteko".
5-Enpresa eta saltokiek:
-24. Korrika iragartzeko euskarriak babestuta.
-Korrikalaria eskuratuz zein Korrika Lagun izanez.
-Kilometroak eskuratuz. Parte hartzeko modu hau erabili nahi dutenek Korrikaren bulegoetara jo dezakete otsailaren 1etik aurrera.

Informazio gehiago:
korrika.eus

Antolatzailea: AEK.