"Eskerrik asko Usurbilgo eta inguruko herriei dinamika hau sostengatzen jarraitzeagatik"

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 22a

Nafartarrak taldetik eskertza helarazi dute, Zuberoako ikastolak laguntzeko udazkenean zehar bideraturiko elkartasun kanpainaren harira.

Markak hautsi ditu Zuberoako ikastolen alde udazken partean bideratu ohi den elkartasun kanpainak. Usurbilen, Nafartarrak taldeak bideratzen du ekimena. Dakizuenez, hiru otar izan ziren aukeran. Eskabideak azaroa partera arte bideratu ziren eta gero, abenduaren 14ko NOAUA! K.E.-ren San Tomas azokaren bidez banatu ziren.

Azken kanpaina borobiltzeko, ondoko balantze eta eskertza mezua helarazi du Nafartarrak taldeak NOAUA! K.E.-ra. Segidan duzue osorik. Edizio arrakastatsutzat jo dute. Izan ere, "marka guztiak hautsi ditu aurtengoan". 2.800 saski baino gehiago banatu dituzte. Inguruotan, 12.700 eurotik gora bildu dituzte. Ekimena bideratu dutenei eskertza helarazi diete.

Eskertza
Ikaskoli kanpainaren emaitzek gora egin dute. Zuberoako ikastolen aldeko saskien dinamika arrakastatsua izan da aurten ere. Marka guztiak hautsi ditu aurtengoan. Gustura geratu dira Sohuta eta Basaburuko ikastoletako gurasoak aurtengo kanpainarekin, eta baita saski hauek osatzen diharduten ekoizleak ere.

Beste urte batez, saskien salmentekin ibili gara eta aurtengo emaitzekin gustura gaudela esan dezakegu (2.800 saski baino gehiago banatu dira Euskal Herri osoan). Gure inguruko herrien kasuan, elkarlanean ibili garenon artean, 12.700 eurotik gora lortu ditugu. Eskerrik asko Usurbilgo eta inguruko herriei dinamika hau sostengatzen jarraitzeagatik.

Datu hauek ikusita, gure herrietan oraindik elkartasuna geratzen dela ikusi dugu. Amaitzeko, saski hauek erosi dituzuenoi, banaketan laguntzen ibili zaretenoi eta gainontzeko bidelagun guztiei eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen. Espero dugu hurrengo kanpainan ere elkar ikustea! Eskerrik asko Usurbil.