Etxe hutsen errolda eguneratzera doa Usurbilgo Udala datozen asteotan. Udalak kalkulatua duenaren arabera, 200 inguru etxe huts izan ditzake udalerri honek. Horretarako, etxe hutsen jabeei martxoaren 31ra arteko epealdia ezarri die, bizilekuok "hutsik ez daudela arrazoitzeko".
Gutun bana helaraziko die etxe hutson jabeei, hutsik ez badaude horren berri eman dezaten. Justifikatzeko moduan txertatu duten aldaketaren berri eman du Udalak. "Hori justifikatzeko modua aldatu egin da 2026ko ordenantza fiskalak onartzearekin batera. 2025 arte, inor erroldatuta egon ezean, alokairu kontratua nahikotzat jotzen zen bertan norbait bizi zela frogatzeko: 2026ko ordenantza fiskaletan jaso denez, aurrerantzean, gutxieneko energia kontsumoa (elektrizitatea eta gasa) aztertuko da etxe bat hutsik ez dagoela frogatzeko irizpide gisa. Hala, aurten, etxe jabeek faktura horiek udalera ekarri beharko dituzte martxoaren 31 baino lehen".
Araudi gehienetan bezala, honek ere baditu zenbait salbuespen aurreikusiak; "esaterako, etxe jabea zaharren egoitzaren batean badago, etxebizitzan jarduera ekonomikoren bat baldin badago, edo etxeak herentziaz jaso badira (azken kasu horretan, salbuetsita egoteko bi urteko epea izango da). Halako kasuak justifikatuz gero, ez dute errekargua ordaindu beharko".
%150eko errekargua
Udalak ohartarazi duenez, martxoaren 31 igarota etxe hutsa duten jabeek bizilekua ez dutela arrazoitzen ez badute, "%150eko errekargua kobratuko zaie OHZ Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (maiatzaren 15etik uztailaren 1era izaten da hori ordaintzeko epea)".
Gogoan izan, Udalak urriaren 8an onartu zituen hasieraz, aurtengo ordenantza fiskalak. Usurbilgo Udalak hiru urterako etxebizitza plangintza bat landua du, eremu tentsionatuan sartzea ahalbidetu diona. Plangintza horren testuinguruan, etxe hutsei lehendik aplikatzen zaien errekargua ere nabarmendu zuen udal gobernu taldeak saio hartan. Lehen, %50ekoa zen. 2024ean hala erabakita, %150eraino igotzea adostu zuten. Honenbestez, estreinakoz iaz aplikatu zuten, zerga eguneratu hori.
Igoera horrek izandako eraginari lotutako lehen datuen berri eman zuen udal gobernu taldeak, urria hasierako osoko bilkura hartan. "193 kobrantza bideratu dira. 38 errekurtso egon dira eta horietatik 8 ez dira onartu. Ondorioz, 163 etxebizitzei egin zaie errekargua".
Horrekin batera, etxe huts gisa jotzen zituzten inor erroldatu gabeko bizilekuak. Alokairu kontratu bat erakustea aski zen lehen, etxe horretan norbait bizi zela ondorioztatzeko. Aurrerantzean, ordea, fidagarriagotzat jotzen duten neurria hartuko zutela berri eman zuten; urteko argindar eta gas kontsumo gutxienekoa ezartzea, etxe bat hutsik den edo ez egiaztatzeko. "Hainbat herrietan hala dago jasota", udal gobernu taldetik azaldu zutenez.
Hala egingo dute aurrerantzean, Udaletik jakinarazi dutenez. "Aurrerantzean, gutxieneko energia kontsumoa (elektrizitatea eta gasa) aztertuko da etxe bat hutsik ez dagoela frogatzeko irizpide gisa". Ondorioz, "aurten, etxe jabeek faktura horiek udalera ekarri beharko dituzte martxoaren 31 baino lehen".