Beterri Buruntza mankomunitatea
Sukaldaritza eta arotzeria arloko bi formakuntza saio iragarri ditu mankomunitateak. Ikastaro hauek Beterri-Buruntzako langabetuei zuzenduta daude, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen laneratzea bultzatzeko. Aste honetan hasi da sukaldaritzakoa, eta arotzeriakoa otsailaren 16an hasiko da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Elkar-Ekin Lanean estrategiaren baitan kokatzen dira ibilbide hauek, eta lana lortzeko zailtasunak dituzten pertsonen egoera aldatzea dute helburu, eskualdeak behar dituen sektoreetan talentua formatzearekin batera.
"Sukaldeko Oinarrizko Eragiketak"
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Elkar-Ekin Lanean egitasmoaren baitan, aste honetan abiatu da 'Sukaldeko Oinarrizko Eragiketak' ibilbidea, Erroak-Sartu erakundearen eskutik. Ekimenaren helburua ostalaritza sektorearen beharrei erantzutea da, eskualdean langabezia-egoeran dauden pertsonen laneratzea sustatuz. Ibilbideak formakuntza teoriko-praktikoa eskainiko du, eta horrez gain, parte-hartzaileek gaitasun digitalak, hizkuntza-gaitasunak eta zeharkako konpetentziak landuko dituzte, hala nola komunikazio eraginkorra, talde-lana eta moldagarritasuna. Guztira 15 pertsonek hartuko dute parte, eta amaitzean ziurtagiri profesionala eskuratzeko aukera izango dute.
"Tamina Handiko Arotzeria eta Kudeaketa"
Formakuntza ibilbidea otsailean jarriko da martxan, Emaus Gizarte Fundazioa eta Arotzgi erakundeen eskutik. Prestakuntza honek zurgintzaren arloan kualifikazio teknikoa eskaintzea du helburu, sektorean dagoen langile kualifikatuen eskariari erantzuteko.
Ibilbide horretako formakuntza teknikoa 305 ordukoa izango da, eta bertan, besteak beste, tamaina handiko zurezko hondakinen berreskurapena eta errebalorizazioa, arotzeriako zerbitzuetako oinarrizko prozedurak, eta zurezko hondakinen sailkapena eta lehengoratzea landuko dira. Horrez gain, parte-hartzaileek 50 orduko prestakuntza jasoko dute gaitasun soziolaboral eta digitalen inguruan, eta 90 orduko praktikak egiteko aukera ere izango dute sektoreko enpresetan.
Izena emateko, egin klik esteka honetan: Arotzeria formakuntza saioa.
Harremanetarako, idoia.vidaurrazaga@emaus.com helbidera idatzi daiteke, edo 690 175 982 telefonora deitu.
Digitalizazioa sustatzeko bi saio
Beterri-Buruntza mankomunitateak digitalizazioari lotutako beste bi saio iragarri ditu. Saio hauek eskualdeko enpresa txiki eta ertainei zuzenduta daude.
“Aprobetxatu Beterri-Buruntza Digitalak eskainitako doako trebatze ibilbidea, eta hasi zuen eraldaketa digitala”, hortxe Mankomunitatearen gonbitea. Saio hauetan, Ikuspegi praktikoa lantzen da, “industriako kasu errealekin”. Adituen bidelaguntza eta diagnostikoa eskura jartzen zaie enpresei eta “ibilbide pertsonalizatua” egiteko aukera, “zuen erritmora”.
Bi saio
- Urtarrilak 30: Enpresen berrikuntza eta eraldaketa digitala.
- Otsailak 5: IA sortzailea enpresa industrialean.
- Ordutegia: 9:00 – 12:00.
- Non: Astigarragako Erribera Kulturgunean.
Beterri-Buruntzako beste ETE industrial batzuk eman dute urratsa eta dagoeneko eraldaketa digitalaren lehen onurak lortzen ari dira. “Orain zuen txanda da. Gorde zure plaza eta hasi trebatzen”, Mankomunitatearen deia horixe.
Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko, egin klik esteka honetan: https://labur.eus/xgpgj1nx
Buruntzaldeko udalak
'Beat-Eroak' euskarazko rap tailerra antolatu dute Buruntzaldeko Euskara Zerbitzuek, eta bi saio egingo dituzte eskualdeko udalerri bakoitzean, Odei Barrosoren eta Telmo Trenorren eskutik. 12 eta 16 urte bitarteko gazteek izango dute aukera. Aste hasieratik, zabalik da izen-emate epea.
12 eta 16 urte bitarteko gazteek, aukera ederra izango dute Buruntzaldeko udalerrietan, hitzarekin eta musikarekin jolasteko eta trebatzeko, euskaraz. Izan ere, 'Beat-Eroak' rap tailerra antolatu dute eskualdeko udaletako Euskara Zerbitzuek, honako leloarekin: 'Hitza askatu, erritmoa markatu'.
Otsailean eta martxoan izango da tailerra, eta udalerri bakoitzean bina saio egingo dituzte. Aurrenekoan, Odei Barroso rapero eta bertsolariarekin arituko dira gazteak, eta hitza landuko dute: oinarri musikala aukeratu, eta rap letrak lantzen lagunduko die Ødei artistak. Aurreneko saio hori otsailean izango da udalerri guztietan, eta bakoitzaren data zehaztu dute, azpiko koadroan ikusi daitekeenez.
Kanta sortu eta grabatuko dute bigarren saioan
Tailerraren bigarren saioan, Ødei ez ezik, Telmo Trenor DJ eta ekoizlea ere izango da gazteekin, eta guztien artean emango diote forma egindako lanari: aukeratutako base musikalarekin eta osatutako letrekin, kanta sortu eta grabatuko dute. Martxoan izango da bigarren saio hori. Horrela, herri bakoitzean abesti bat osatuko dute, eta herrien arteko lehiaketa ere izango da: abesti guztiak entzungai jarriko dituzte euskara.buruntzaldea.eus webgunean, eta bozketa zabalduko dute, herritarrek gustukoen dutena aukeratzeko. Sari potoloa izango du irabazleak: bideoklipa grabatzea. Gainera, rap festa ere aurreikusi dute, egindako lanak erakutsi eta gazteen artean harremanak sustatzeko.
Izen-emate epea, urtarrilaren 31ra arte
Herri bakoitzean, gehienez ere 30 gaztek hartu ahal izango dute parte. Urtarrilaren 31ra arte izango da apuntatzeko aukera, informazio gehiago ere jaso dezakezuen helbide honetan: https://euskara.buruntzaldea.eus/beat-eroak/
Egitasmoa 2020 urtean jarri zuten martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Sailaren eta Iametzaren eskutik; eta bi proiektu pilotu egin zituzten: Legazpiko eta Urretxu-Zumarragako gaztelekuetan. Buruntzaldeko herrietako gazteen txanda da orain. Ez galdu aukera!
LEHENENGO SAIOA
Odei Barrosorekin, base musikala aukeratu eta rap letrak landuko dituzue.
GORDE ZURE EGUNA!
ANDOAIN Otsailak 19, osteguna
ASTIGARRAGA Otsailak 10, asteartea
HERNANI Otsailak 24, asteartea
LASARTE-ORIA Eguna zehazteke
URNIETA Otsailak 9, astelehena
USURBIL Otsailak 23, astelehena
BIGARREN SAIOA
Odei Barrosorekin eta Telmo Trenorrekin, kanta sortu eta bideoklipa egingo duzue.
GORDE ZURE EGUNA!
ANDOAIN Martxoak 26, osteguna
ASTIGARRAGA Martxoak 5, osteguna
HERNANI Martxoak 12, osteguna
LASARTE-ORIA Eguna zehazteke
URNIETA Martxoak 2, astelehena
USURBIL Martxoak 9, astelehena