Zaintzaile profesional zein afektiboentzako saio bana

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 21a

Urtarrilaren 26rako bi saio antolatu ditu Usurbilgo Udalak zaintzaile profesional zein afektiboei zuzendurikoak.

Urtarrilaren 26rako antolatu ditu saiook Usurbilgo Udalak, herri zaintzailea izateko norabidean, iaz egindako “zaintza behar dutenen eta haien zaintzaile profesional zein afektiboen bizi kalitatea hobetzen laguntzeko formakuntza eta akonpainamendu” proposamenaren baitan. Parte hartzeko interesa dutenek Gizarte Zerbitzuetara deitu (943 377 110) edo emaila idatzi dezakete gizarte-zerbitzuak@usurbil.eus helbidera.

Horretrako, Udalak 600 gutun inguru bidali dizkie “75 urtetik gorako herritarrei, zaintzaile profesional zein afektiboentzako antolatutako saioen berri emateko”. Herritarron izenean helarazi dituzte eskutitzok, baina Udaletik ohartarazi dutenez, “gutunen edukia zaintzaileei zuzendua da: zenbait kasutan, hartzailea bera zaintzailea izan daiteke, eta ez den kasuetan, etxean edo inguruan izan ditzakeen zaintzaile profesional zein afektiboari mezua helarazteko laguntza eskatzen zaie”.

Zaintzaileentzako saioak
Urtarrilak 26, astelehena
15:00-17:00 Zaintzaile profesionalentzako saioa Potxoenean. “Lehenengo, bisita gidatu bat egingo zaie, herria beste modu batera ezagutzeko, eta, horren ostean, solasaldia, zaintzen dituzten pertsonak bakardadetik eta isolamendutik aldentzeko herrian dauden jardueren berri emateko. Zaintzaile profesionalek herria ezagutzearen garrantziaz ere hitz egingo dute, baita pertsona bakoitzaren Bizi Plana oinarri izatearenaz ere”.

17:30-19:00 Zaintzaile afektiboei zuzenduriko saioa Egurtzegin, igogailura doan pasabidearen hasieran. “Zaintzadun etxebizitzak eta bizi osorako etxebizitzak ezagutzeko bisita egingo dute, zaintzaren inguruan herrian egindako lanaren eta Bizi Planen inguruko azalpenak ematearekin batera. Gutunean adierazi dutenez, halako saio gehiago egiteko asmoa dute Gizarte Zerbitzuek, herriko beste baliabide batzuk ezagutarazteko (Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa, Egurtzegiko Eguneko Zentroa edo Artzabalgo Eguneko Arreta)”.