NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia

"Historia berridatzi egin behar da"

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 21a

"Lurdes Iriondo ez gera alferrik pasako" izeneko dokumentala proiektatuko da NOAUA! K.E.-ren Kulturaldiaren baitan, urtarrilaren 25ean. Bere zuzendariarekin izan da hedabide hau.

“Ez gara alferrik pasako” dio zuen dokumentalaren izenburuak. Lurdes Iriondori dagokion lekua emateko aldarria darama zuen sorkuntza lanak?
Izenburua Lurdesen abesti bat da. Oso ondo zetorkigun dokumentalerako, justu guk kontatu nahi genuena zen. Lurdes Iriondoren dokumental biografikoa da baina belaunaldi horretako emakumeak ekarri ditugu gogora.

Hein batean, ezezaguna zaigun emakumezko belaunaldia.
Gizonezkoak gehiago ezagutzen ditugu, gehiago gogoratu dira, baina emakumezkoak ez dira hainbeste gogoratu eta Lurdesen kasuan, adibidez, bakarrik gogoratu dena izan da abeslari bezala egindako lana. Lan artistiko anitza egin zuen, ordea. Lan hori guztia gogoratu nahi genuen. Ez Dok Amairu aurretik, abeslari gisa ibili zen bera bakarrik. Konpositore eta letragilea zen, hori ere ez da gogoratzen, baina hori guztia egiten zuen berak. Gerora egin zuen lan guztia ere ez da gogoratu.

Bere alderdi sortzailea ezkutatu da.
Bera sortzailea zen; idatzi, marrazten zuen. Eskulanak irakasten zituen Urnietako Egape ikastolan. Letragile moduan ere pentsalaria bazen, nahiz berak horrela ez ikusi bere burua. Ez Dok Amairu mugimenduan bera zegoen hasieratik eta gainera, pisu handia zuen.

Hori guztia, ez zaio aitortu, ordea.
Ez da aitortu. Baina egiten da beste irakurketa moduko bat. Ez Dok Amairun beti esan dute Lurdes idazkaria zela. Baina ez zen idazkaria bakarrik. Sorreratik zegoen. Lurdesek animatu eta lagundu zuen Xabier Lete taldera. Lurdesek bazituen ikasketak, operako abeslaria izan nahi zuen. Taldeko beste emakumeak, Maite Idirin lirikora pasatu zen, Estitxu bera abeslari zoragarria. Oso emakume gutxi zeuden, baina zeudenak oso onak ziren.

Proiektu hau nondik nora hasi zineten lantzen?
Niri amua bota zidaten, ea zerbait egingo nuen Lurdesen inguruan. Adibidez, nire kasuan, gurasoek ez zuten entzuten Lurdes Iriondo baina gero ikertzen hasita, konturatu nintzen nik neuk entzun nituela bere haurren diskak. Oso ezagunak ziren guretzat, ia etxe guztietan zeuden, liburuak ere bai. Ikastolan irakurri genituen liburuak ere Lurdesenak ziren. Hor jada hasi ginen jabetzen, bazegoela zer kontatua.

Sortzaile gisa, zenbateraino aldatu da, edo ez, Lurdesen garaiko gizartea?
Gauza batzuk, tamalez, ez dira gehiegi aldatu. Historia askotan esaten denean berreskuratu egin behar dela, ez, berridatzi egin behar da. Jule Goikoetxeak esaten du hori dokumentalean. Bertan ekartzen dugu gogora, Maite Idirinek idatzitako ikerlana emakume konpositoreei buruz egindakoa, urteetan, ez dago argitaratua. Azkenean esan nahi du ez dagoela benetako nahi bat. Arrazoi piloa dago horren atzean. Dokumentalean aipatzen ditugu hedabideak, kulturgintzan dagoen mailaketa, zer den garrantzitsuagoa eta zer ez, zergatik gogoratzen den Lurdesek oholtza gainean egindako guztia eta zergatik ez den gogoratzen umeentzako egindako lana edo berak idatzitako antzezlanak. Ikastolari material gisa ematen zitzaion. Lan handia egin zuen Lurdesek.

Zer harrera izaten ari da dokumentala?
Oso-oso politak izaten dira solasaldiak. Adineko jendea izaten da gehienetan. Oso ondo hartzen dute. Ez ditu zalantza asko zuten, oso-oso lotua dugu guztia. Gure ikuspegi pertsonala da guztiz, baina datu asko daude. Ikerketa dago atzetik. Orduan, jendeak ere gustura hartzen du. Ematen die baita ere aukera, gauzak kontatzeko. Jendeak hartzen du parte, toki txikietan gehiago.

Hainbat ahots bildu dituzue dokumentalean. Kontakizunaren haria osatzera datoz.
Ahots horiek dira Lurdes bezalako alor ezberdinetako beste aitzindari batzuk. Lurdes beti Ez Dok Amairurekin lotu izan da, baina hiru belaunaldi ukitu ditu gutxienez: bere garaikideak bere kantagintzaren bidez; bere liburuak irakurri eta diskak entzundako gure belaunaldia; eta 80. hamarkadan bideoak bera egiten hasi osteko belaunaldia. Lan handia egin zuen, alor desberdinetan, beti ere, euskal kultura berpizteko Ez Dok Amairuren filosofia mantenduz. Lan horretan ibili zen amaierara arte.

Irudigintza ere landu behar izan duzue, irudi faltagatik.
Ez zegoen ezer. Ez Dok Amairuk ez zuen filmatu nahi izaten, garaiko errepresioaren beldurrez. Ez zegoen ezer filmatua. Erabili ditugu dokumentalean, kontzertuetako audioak, badaude batzuk eta argitaratu ez diren abestiak ere bai, badaude altxor batzuk. Baina irudirik ez dugu. Gainera, Lurdesek berak ez zuen agertu nahi izaten. Sartutako irudi urriak dira Lurdesi buruz daudenak. Horregatik, bestelako formulak bilatu ditugu. Gustura geratu gara emaitzarekin, beste sortzaileen lana atera dugu eta. Haur eta gazte literaturan guretzako pertsona oso garrantzitsua da Elena Odriozola. Berak egin du filmaren kartela eta bera grabatu dugu kartel hori sortzen. Hemen ere badago belaunaldi segida bat. Guk egiten duguna Mursegok Lurdesen abestiak kantatzea, badago Elena Odriozola baina baita Eider Eibar ere, hurrengo belaunaldia, animazio lana egiten.

Emakume sortzaileon belaunaldiartekotasuna irudikatu duzue baita dokumentalean.
Sorpresa handia izan genuen. Argi genuen Iparraldea sartu nahi genuela dokumentalean. Izan ere, Ez Dok Amairu desegin ostean, Lurdes Iriondo, Xabier Lete eta beste batzuk Iparraldera joaten dira eta hango kide gehiagorekin taldea osatu zuten. Hor kointziditu zuen Pantxika Erramuzperekin. Bera elkarrizketatzera joan ginen eta esan zigun, beste emazte batzuekin Estitxu, Maite Idirin eta Lurdes bera omentzeko kontzertu batzuk antolatzen ari zirela. Lehenengo kontzertu hori ere grabatu genuen. Presentzia nahikoa du Pantxikak eta bere taldeak egindakoak dokumentalean. Dokumentalean ere aipatzen dugu, aurten Lurdesen inguruko pastorala egingo dela.


“Lurdes Iriondo, ez gara alferrik pasako” dokumentala
Eguna: urtarrilak 25, igandea.
Ordua: 18:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Zuzendaria: Inge Mendioroz Ibañez.
Gidoigilea: Idoia Garzes Aldazabal.
Ekoizpena: Maluta Films, Behirada.
Ekoizpen urtea: 2025.
Musika: Mursego.
Iraupena: 72 minutu.
Oharra: dokumentalaren proiekzioaren ostean, Inge Mendioroz Ibañez zuzendariarekin solasaldian aritzeko aukera izango dugu.
Sarrerak: 6 eurotan aldez aurretik, usurbilkultura.eus plataforman edo NOAUA! K.E.-ren egoitzan. Bazkideek aldez aurretik 4 eurotan, NOAUA! K.E.-ren egoitzan.
Antolatzailea: NOAUA! K.E.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.