Zeintzuk hartzen duzue parte oholtza gainean?
Dejabu konpainiako hiru kideak gaude oholtzan, hau da, Ainara Gurrutxaga, Miren Alcalá eta ni, eta gurekin batera, David Aguilar kameraria. Horiek oholtza gainean gaudenak gara. Bi teknikari daude, muntaketan laguntzera datozenak eta obran zehar argi eta soinu teknikariak direnak.
Zer ikusiko dute usurbildarrek larunbateko antzerkian?
"Itzulera" antzezlana ikusiko dute, Dejabu konpainiaren oholtzarako azkeneko sormena. Hitz batean esanda, ospakizun moduko bat da. Hortik haratago, road movie baten moduan eszenaratzen den antzezlana da.
Antzezlan honetan nolabait hibridatzen ditugu antzerki lengoaia eta zinema lengoaia, zuzeneko bideogintzarekin. Horretarako David Aguilar Zazpi T'erdi ekoiztetxeko kidea dugu kamerari lanetan, eta ikus-entzunezko kontrolean oholtzan bertan. Ikus-entzunezkoa beste narratzaile bat baita obra osoan.
Orokorrean, nahiko obra umoretsua da, eta ganberroa da. Baina, horrek ez du kentzen sakontasuna duen obra bat izatea. Azken finean, gutaz hitz egitearen aitzakiarekin, konpainiak azken urteetan pasa dituen zailtasun batzuetatik abiatuta historia gorabeheratsu batean sartzen gara, Mexikora egin genuen bidaia bat kontatuz.
Aipatzen duzu zuek bizitakoa dela, esperientzia pertsonaletan oinarritua dago?
Esperientzia pertsonaletan baino autofikzioaren kodean oinarrituta dago; hau da, gu gure buruaz ari gara, gure izenak dauzkagu, eta konpainiaz hitz egiten dugu gutaz baino gehiago. Ez dugu esperientzia intimo eta pertsonalez hitz egiten, ez da egia kontatzen duguna, baina benetakotasun handia du: gure jardunaren inguruan, gure lan egiteko moduan, gure artean moldatzeko moduetan, eta gure pertsonalitateekin.
Hori antzerkira eraman dugu umorearekin, baina antzezlana konpainian bertan egin dugun gogoeta eta lanketa handi baten ondorio izan da.
Konpainiak Mexikora egindako bidaia batean oinarritzen da antzezlana. Benetakotasun hori edukitzeak jendearen atentzioa deitzen du edo hunkitzen ditu?
Hori bakoitzaren bidearen araberakoa da. Autofikzioa erabili dugu narrazio hau kontatzeko, eta horrek ikusleak identifikatuak sentitzea ekartzen du, nahiz eta nik nire egoerak kontatu, gauza humanoez eta norberaren miseriaz hitz egiten dugu, askotan konpartituak direnak. Autofikzioaren bidez denaren inguruan hitz egiten da, eta norberaren inguruan. Ez da norbera bakarra, hartzailea ere identifikatua sentitu daiteke, eta horrekin hunkitu daiteke. Islatua ikusten den horretan hunkitu daiteke ikuslea.
Oso tonu dibertigarrian eta umoretsuan sortua dagoenez, uste dut, ikusleei gustatuko zaiela eta ziur nago disfrutatuko dutela. Eta era berean, tonu oso intimo bat dauka antzezlanak.
Ikuslea egunerokoan edo zerbaitetan islatua ikusi daitekeela. Zertan sentitu daiteke identifikatua?
Gauza humanoez ari gara, eta norberak eduki ditzakeen gabeziaz, zalantzak... Antzezlanak identitateaz hitz egiten du oso modu askean, baina era berean, sakontasunez. Norberaren gabeziez, maniez, beldurrez, espektatibez eta harremantzeko moduaz hitz egiten dugunean, ez modu zuzenean modu ireki batean baizik, hor sentitu daiteke identifikatua.
Hitz egiten ditugun gauzak ez dira aktore bati gertatzen zaizkionak, gizaki bati gertatzen zaizkionak baizik: bere harremanak, munduarekin sartzeko harremanak, bere burua ikusi eta identifikatzeko modua... Eta uste dut, maila horretan nahiko unibertsala izan daitekeen gai bat dela identitatearena. Pertsonaia ezberdin batzuetan ari gara, eta jendeak islatua ikusiko du bere burua gauza batzuetan ez bada pertsonaia batekin, bestearekin.
Arlo teknikoaz hitz eginda, bideoak bidaia hartan ateratakoak dira edo espresuki antzerkirako sortuak izan dira?
Hori bilaketa handi bat izan da, zuzeneko bideogintza baita. Orokorrean dena zuzenean gertatzen da, eta ikuslearen aurrean. Ikusleek kamera ikusten dute, eszena hori hartzen nola ari garen ikusten du, eta hori proiektatu egiten da; hau da, jendeak bi plano horiek ikusten ditu: antzezlana nola ematen ari den eta nola dagoen kamera bat grabatzen, eta bideo sormen horren emaitza. Dena zuzenean sortutako bideoa da; oholtzan bertan garatzen joaten diren eszenak eta nola joaten garen hori konposatzen.
Badago bideotxoren bat Mexikon grabatutakoa, baina orokorrean dena zuzeneko bideoa da.
Antzezlanetik antzezlanera orduan bideoak aldatzen dira?
Bai. Azkenean antzezlan bat da, zuzenean gertatzen den gauza bat da. Antzerkiak duen aberastasunetako bat da normalean publikoak obra eramaten duela, eta hori oso positiboa da.
Guk, behintzat, antzerkia ez dugu ulertzen publikoari erakusten zaion gauza bat bezala, elkarrizketa baten moduan ulertzen dugu. Etengabeko komunikazioan gaude publikoarekin. Bereziki lan honetan hainbat detaile daude publikoarekin non jolas batean sartzen garen ospakizunean denek parte hartzeko.
Galdetzen didazunaren arabera, beti gertatu daitezke gauza ezberdinak, antzerkia gauza bizia da zuzenean eta momentu horretan gertatzen den gauza bat, eta publikoaren arabera gauzak aldatu daitezke, bai erritmoan baita testuan ere, inprobisazioan eta behar denean ere.
Ez duzue publikoko inor igotzen eszenatokira?
Hori ez. Jendeak ez du batere beldurrik eduki behar maila horretan, oso adeitsuak gara gu. Ez zaigu gustatzen publikoa modu merke batean atera, eta oholtzan jartzea. Baina antzezlan honetan trikimailuak bilatu ditugu publikoa benetan obraren barruan dagoela sentiarazteko.
Toki oso segurua da. Guretzat oso garrantzitsua da zaintza bai gure artean baita publikoarekiko ere. Ez izatea batere bortitza ezer. Bortitza izan behar baldin badu oholtzako zerbait izatea, urratzailea edo sakona delako. Jendea lasai egotea gustatzen zaigu, eta ahal den hoberen pasatzea.
Gero, bakoitzak epaitu dezala lortzen dugun ala ez, baina oso ariketa polita izan zen guretzako, erronka ere. Zuzeneko bideogintza eta antzerkiaren artean oreka bat bilatu nahi baikenuen, eta publikoa obra barruan egotea.
Zer esango zenioke usurbildar bati antzerkia ikustera joateko?
Merezi duen obra bat dela. Ez dela damutuko ikustera etortzen bada, lagun artean gozatzeko obra bat dela, eta jolas handia ematen duena ikusle moduan. Ikusle bezala oso modu sortzailean jartzen duela, gauza asko dauzkala jarraitzeko, ikusteko, gozatzeko. Zuk zerbait deskubrituko duzunaren sentsazioa oso latente dago obra guztian zehar.
Eta gero betikoa, antzerkia gauza oso efimeroa da, obrak hasten dira eta bukatzen dira. Gero ez dago modurik hori ikusteko, beharbada noizbait bideoan, baina horrek zentzu guztia galtzen du. Azken finean, antzerkia zuzeneko artea da, eta merezi du benetan horrela bizitzea eta tokatzen denean disfrutatzea.
Dejabu antzerki konpainiaren "Itzulera" emanaldia
Eguna: urtarrilak 24, larunbata.
Ordua: 19:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Ideia eta zuzendaritza: Dejabu konpainia.
Antzezleak: Ainara Gurrutxaga, Miren Alcalá, Urko Redondo eta David Aguilar.
Sarrera: 10 eurotan, aldez aurretik usurbilkultura.eus plataforman nahiz NOAUA! K.E.-ren egoitzan. NOAUA! K.E.-ko bazkideek 8 eurotan, aldez aurretik, kultur elkartearen egoitzan.
Antolatzailea: NOAUA! K.E.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.