Haizeagatik abisu horian berriz, ostiral goizaldean

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 22a

Haizeagatik abisu horian iragan dugu asteazken hau, hein handi batean. Arrastorik utzi du inguruotan. Ostiral goizaldean, berriz ere kolore bereko abisua izango da indarrean.

Gogotik jo du da haizeak asteazken honetan zehar. Goizaldeko 3:00etan hasi eta arratsaldeko 18:00ak arte abisu horia izan genuen indarrean. Haize-bolada gogorrak izan ziren hainbat uneetan. Horren erakusle, Aranerrekako parkean jasotako albiste honi atxikitako irudia duzue. Zuhaitz bat bota zuen.

Adi ibili beharko gara berriz ere ostiral goizalde honetan, urtarrilaren 23an. Izan ere, haizeagatik berriz ere abisu horia indarrean izango da, Euskalmet meteorologia agentzia ohartarazten ari denez. Gaur gauerditik aurrera eta hiru orduz, goizaldeko 3:00ak arte izango da indarrean kolore horretako abisua. Tarte horretan, "haizeguneetan hego-mendebaldeko haize-boladek 100 kilometro orduko abiadura gaindituko dute, bereziki mendebaldean. Bestalde, haizeguneak ez diren lekuetan hego-mendebaldeko haize-boladak 60-80 km ordu ingurukoak izan daitezke", Euskalmet-en arabera.

Iragarpena
Aldez aurretik, ostegun honetan, hilaren 22an, Usurbilen, "zerua hodeitsu egongo da, tarte oso hodeitsuekin. Euri txikia egin dezake: probabilitate handiagoarekin egunaren lehenengo partean. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da: azken orduetan bolada gogorrekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da".

Ostiralean, hilaren 23an, "zerua hodeitsu egongo da, tarte oso hodeitsuekin. Euria eta zaparradak egingo ditu noizbehinka. Trumoi-ekaitzak izan daitezke. Goizaldeko lehen orduetan hego-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Gero, indarra galduko du eta ahul-bizi ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da; minimoak egunaren amaieran neurtuko dira".

Etzi, hilaren 24an, "zerua tarteka hodeitsu egongo da. Noizbehinka eta han-hemenka zaparradak egin ditzake. Trumoi-ekaitzak izan daitezke. Hego-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin; egunaren amaieran haizea indartu egingo da, bolada oso gogorrekin. Tenperatura gutxi jaitsiko da".

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.