Hitzordu berezia du Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanbladak hilabete amaieran, Bizkaiko Bermeo udalerrian. Bertakoekin nahiz gernikarrekin "matx" egingo dute, egun osoan zehar antolaturiko ekimenen baitan. Euskarak batuko ditu, Gazte Euskaltzaleon Sareak eta Euskal Herrian Euskaraz eragileek sustaturiko TindEHEr egitasmoak hain zuzen.
Sare sozial ezagunari erreferentzia egiten dion izen hori daraman proiektuak "gazteria euskaldunarengan kontzientzia linguistikoa berpiztu eta lurralde desberdinen arteko harremanak" sustatzea du xede nagusi, eta zehaztasunetan sartuta, "eremu soziolinguistiko desberdinetako gazte euskaldunen (gazte militante antolatuen) arteko harremanak sustatzea; informaltasunetik, aisialdia eta lanketa euskaltzalea uztartuko dituen egunak antolatzea; elkarrekiko ezagutza horretatik euskararen hizkuntza-kontzientzia handitzea; pedagogia politiko euskaltzalea egitea; edota euskal kultura (produkzio eta erreprodukzioa) sustatzea". Gazte talde eraldatzaileak, tartean, gaztetxeak, gazte asanbladak, gazte mugimenduak ari dira parte hartzen; tartean, aipatu moduan, Usurbilgo Aztarrikakoak. Haien guztien arteko senidetzea sustatu nahi dute, "denboran zehar harreman iraunkor bat sortzeko asmoarekin".
Gazte taldeen senidetzea
Guztira, sustatzaileen esanetan, 30 gazte taldeek baino gehiagok eman zuten izena proiektu honetan parte hartzeko. Gero, bikoteka antolatu ziren taldeok. "Harreman horiek sortzeko, ahal dela irizpide batzuk" hartu nahi zituzten aintzakotzat; "Iparralde eta Hegoaldeko herrien arteko loturak sortzea eta euskararen arnasgune (herririk euskaldunenak) eta ez oso euskaldunen artekoak. Hau da, gehienbat tipologia ezberdina daukaten herriak" jarri nahi zituzten hartuemanetan.
Horrekin batera, "Euskal Herriko egoera politikoaren jakitun izanik" kontuan hartu nahi zituzten, "eragileen baitan dauden joera politiko desberdinen arteko osaketa, aldebiko harreman erosorako baldintzak sortzeko". Irailean, Etxarri-Aranatzen eginiko bilkuran, "gazte taldeen artean egindako Matxak, bikoteak" aurkeztu eta elkarren artean harremantzen hasteko aukera izan zuten. Bikoteotako batean elkartu zituzten Busturialdeko Euskaltzaleak (Gernika-Bermeo) eta Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanblada. Egun haren ostean, udazkenean zehar hartueman horretan sakondu eta elkarrekin osatu beharreko egitarauaren antolaketan murgildu ziren. Segidan duzue emaitza; urtarrilaren 31n Bermeon antolatu duten topaketa.
TindEHEr
Urtarrilak 31, larunbata
Bermeo, Gernika eta Usurbilgo gazteen topaketa Bermeon:
10:30 Kabidxen: harrera eta hamaiketakoa.
11:30 Solasaldia: "gazte euskaltzaleon arnasguneak". Ostean, trikipoteoa.
15:00 Bazkaria herriko eskolako patioan. Ostean, Usurbilgo Anuk eta Elene (akustikoa).
18:30 C2-a lortzeko erronka jolasa.
21:30 Kontzertuak eskolako patioan: Argitu erromeria eta Mj Marifarra.
Sarrerak: 15 euro (bazkaria eta kontzertua), 3 euro (kontzertuak).
Sustatzaileak: EHE eta Gazte Euskaltzaleon Sarea.
