Herritarren lekukotzak Euskal Telebistan

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 22a

Zenbait herrikide agertu dira azken egunotan, Euskal Telebistak eskainitako asteroko "Ur Handitan" eta "Tribuaren berbak" saioetan.

Herritarrak ikusi ohi ditugu Euskal Telebistan lehian, aurkezle lanetan edota azken egunotan gertatu den moduan, elkarrizketatuak izaten. Azkeneko gauotan, euskarazko telebista kateko bi saioetan Usurbilgo ordezkaritza izan dute.

Olatz Altuna Zumeta eta Xuban Zubiria Elexpe
Hasteko, bart, abendu hasieratik egiten ari diren moduan, Tribuaren Berbak izeneko saioa eskaini zuen. Kike Amonarrizek eta Izaro Arrutik asteazkenetan 22:15ean aurkezturikoa, euskarari eta hizkuntzei buruzko entretenimendu eta dibulgazio programa izaten da. "Gure nortasunaren oinarri den hizkuntza, euskara, izango du erdigunean, beti begirada positiboz eta modu eraikitzailean landutako edukiekin", dio ETB-k. "Gazteen ahotan" izeneko saioa eskaini dute bart, gazteak eta euskara hizpide zituena. Belaunaldi horretako Gasteizko, Azpeitiako eta Zarauzko hainbat lagun elkarrizketatu dituzte eta haiekin batera, Usurbilen bertan, Soziolinguistika Klusterreko ikertzaile Olatz Altuna Zumeta herrikidea.  Gazteen artean, euskarak duen ezagutzaz eta erabileraz eta geure hizkuntzak izandako bilakaeraz mintzatu zaio Altuna saioko aurkezle Kike Amonarrizi.

Ez da saio berean agerturiko herrikide bakarra izan. "Hiztun aktiboak" hizpide izandako duela astebetekoan, urtarrilaren 14koan hain zuzen, Gipuzkoa Arigune izeneko egitasmoaren berri eman zuten. Horretarako, besteak beste, Xuban Zubiria Elexpe aginagarra elkarrizketatu zuten. "Egitasmoaren helburu nagusiak dira Gipuzkoan euskararen ezagutza unibertsalizatzea eta euskara eroso erabiltzeko baldintzak sortzea", ETB-k azaldu moduan.

Albiste honi atxikiak dituzue ETB-ren bideo banatan, bi herrikideon lekukotzak. Saiook osorik esteka honetan ikus ditzakezue: Tribuaren Berbak

Garazi Muguruza Manso
Asteartean, urtarrilaren 20an, bestalde, berriki ETB-ren programaziora itzulitako "Ur Handitan" aktualitateari eta gai sozialei lotutako erreportaien saioa eskaini zuten. Xabier Madariaga kazetariak aurkezturiko aste honetako emanaldian txakurrak izan dituzte hizpide. Asteartero 22:15ean egin ohi duten moduan, gai horren bueltan hainbat lekuko bildu zituzten; tartean, Garazi Muguruza Manso herrikidearena. "Garazi Muguruzak txikitatik izan ditu txakurrak etxean, baina etxea zaintzeko funtzioarekin. Gaur egun, txakurtegitik txakur zaharrak adoptatzen ditu amaiera zoriontsu bat emateko. Txakurtegiak txakur zaharrez beteta daudela dio, jendeak txakur "perfektua" nahi duelako, eta hori ez da existitzen". ETB-ren bideo honetan duzue bere lekukotza. Saioa osorik, esteka honetan duzue ikusgai: Ur Handitan