Tailer eta hitzaldi bana gaur, Sutegi udal liburutegikoen eta DYAkoen eskutik

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 23a

Hainbat ikastaro edo tailer antolatu dituzte egun eta asteotarako Usurbilen, haietako bi, ostiral honetarako, urtarrilaren 23rako. Lerrootan dituzue xehetasunak.

Sutegi udal liburutegia
Sutegi udal liburutegiak manga tailerra antolatu du ostiral honetan, urtarrilaren 23an, arratsaldeko 17:30etan liburutegian bertan. Sara Basurtok gidatuko du, 9 urtetik gorakoei zuzenduriko saioa. Izena aurrez eman beharko da liburutegian bertan.


KzGunera datozen ikastaroak
Urtarrilaren 31ra arte, 16:00-20:00 artean irekiko dute Usurbilgo KzGunea. Hona hemen, bertara datozen ikastaroen berri:
-Otsailak 2-13, 09:00-11:00 “Oinarrizko Interneta. Nabigatzen eta posta elektronikoak bidaltzen ikasi”.
-Otsailak 16-27, 09:00-11:00 “Ofimatika tresnak-LibreOffice”.
Informazio gehiago:
943 023 684
tutor.usurbil@kzgunea.net


Kantu Taldea
Abian dute hamazazpigarren ikasturtea. Astelehenero arratsaldeko 18:00etan elkartzen segiko dute Agerialdeko musika gelan. 2026ko lehen kantu-jira, hilaren 31n egingo dute. 12:00etan abiatuko dira Mikel Laboa plazatik. Otsailaren 4an, Santa Ageda bezperako kalerajira antolatu dute. 18:00etan abiatuko dira Egurtzegitik. Hitzorduokin bat egiteko gonbita egin dute.


"Yoga familian"
Aurreko hiruhilekotik datorren Bihurri ludotekakoen eskaintzak segida izango du datozen hilabeteotan. Saiook antolatu dituzte egunotan: urtarrilaren 16an eta 30ean, otsailaren 13an eta 27an eta martxoaren 13an. Kiroldegian eskainiko dira, 17:00-18:00 artean. Bost saioetan parte hartzeko 30 euro ordaindu beharko dira. Haurrek bakarrik ordaindu beharko dutela ohartarazi dute antolatzaileek eta plaza kopurua mugatua izango dela. Informazio gehiago, bihurriludoteka@gmail.com helbidera idatzita eskura daiteke.


DYA
DYAk bi hitzaldi eta ikastaro bat iragarri ditu datozen asteotarako. Hirurak Munalurra 26 kaleko egoitzan eskainiko dira, “Zuk bizitza bat salba dezakezu” lemapean.

Urtarrilak 23, ostirala
18:00-20:00 “Lehen sorospenak” doako hitzaldia euskaraz, "larrialdien aurrean zer egin eta zer ez egin jakin nahi dutenei zuzenduta. Bertan hainbat gai tratatuko dira. Horien artean itolarriak, zauriak, erredurak, traumatismoak, bularreko minak, isurketak, garuneko tronbosiak, konbultsioak, konorte galerak,…
Oharra: lekuak mugatuak dira, emandako prestakuntzaren kalitatea bermatzeko, beraz, aurretik izena ematea beharrezkoa da.

Otsailak 6, ostirala
18:00-20:00 "Bihotz-biriken suspertze tailerra" doan eta euskaraz. "Tailer honetan parte hartuta, Bihotz Biriken Suspertzeraen (BBS) teknika eta Kanpoko Desfibrilagailu Erdi-Automatikoa (KDA) erabiltzen ikasiko duzu. Edozein dela zure adina, eta nahiz eta aurretiko osasun formakuntzarik ez izan.

Otsailak 21-martxoak 8
09:00-14:00 Larunbat eta igande goizetan, "Lehen sorospen ikastaroa" euskaraz. "Ikastaro teoriko-praktiko honekin lehen sorospenetako oinarriak barneratuko dituzu. Egunerokotasunean aurkitu ahal izango dituzun arrisku egoerei aurre egiten ikasiko duzu – bihotz biriken suspertzea, zauriak, hausturak, erredurak-, eta larrialdi hauek nola ebatzi erakutsiko zaizu. Ezagutza hauek ezinbestekoak eta oso erabilgarriak dira, saio teorikoak eta praktikoak tartekatuz garatuko da egitaraua". Amaieran, titulazioa eskuratuko da.
Oharrak: 120 euroko prezioa du, taldea mugatua izango da.

Erreserbak: 943 46 46 22.
Informazio gehiagorako: dyagipuzkoa.com


Zaintzaile profesional zein afektiboentzako saio bana
Urtarrilaren 26rako antolatu ditu saiook Usurbilgo Udalak, herri zaintzailea izateko norabidean, iaz egindako “zaintza behar dutenen eta haien zaintzaile profesional zein afektiboen bizi kalitatea hobetzen laguntzeko formakuntza eta akonpainamendu” proposamenaren baitan. Parte hartzeko interesa dutenek Gizarte Zerbitzuetara deitu (943 377 110) edo emaila idatzi dezakete gizarte-zerbitzuak@usurbil.eus helbidera.

Horretrako, Udalak 600 gutun inguru bidali dizkie “75 urtetik gorako herritarrei, zaintzaile profesional zein afektiboentzako antolatutako saioen berri emateko”. Herritarron izenean helarazi dituzte eskutitzok, baina Udaletik ohartarazi dutenez, “gutunen edukia zaintzaileei zuzendua da: zenbait kasutan, hartzailea bera zaintzailea izan daiteke, eta ez den kasuetan, etxean edo inguruan izan ditzakeen zaintzaile profesional zein afektiboari mezua helarazteko laguntza eskatzen zaie”.

Zaintzaileentzako saioak
Urtarrilak 26, astelehena
15:00-17:00 Zaintzaile profesionalentzako saioa Potxoenean. “Lehenengo, bisita gidatu bat egingo zaie, herria beste modu batera ezagutzeko, eta, horren ostean, solasaldia, zaintzen dituzten pertsonak bakardadetik eta isolamendutik aldentzeko herrian dauden jardueren berri emateko. Zaintzaile profesionalek herria ezagutzearen garrantziaz ere hitz egingo dute, baita pertsona bakoitzaren Bizi Plana oinarri izatearenaz ere”.

17:30-19:00 Zaintzaile afektiboei zuzenduriko saioa Egurtzegin, igogailura doan pasabidearen hasieran. “Zaintzadun etxebizitzak eta bizi osorako etxebizitzak ezagutzeko bisita egingo dute, zaintzaren inguruan herrian egindako lanaren eta Bizi Planen inguruko azalpenak ematearekin batera. Gutunean adierazi dutenez, halako saio gehiago egiteko asmoa dute Gizarte Zerbitzuek, herriko beste baliabide batzuk ezagutarazteko (Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa, Egurtzegiko Eguneko Zentroa edo Artzabalgo Eguneko Arreta)”.



Emakumeon Etxea
Jabetza eskolako ikastaro gehiago antolatu dituzte hurrengo hilabeteotarako:

Matrikulazioa: urtarrilaren 28tik otsailaren 5era.
Oharrak: doakoak  baina konpromisozkoak,; izen-emateek plaza kopurua gainditzen badute itxaron zerrenda osatuko dute eta zozketa bidez esleituko dira eta jakinarazpena helduko zaie denei inskripzio-orrian eskatutako bidea erabilita; taldea gutxienez sei lagunek osatu beharko dute; ikastaroa hasi ostean utzi nahi dutenek dinamizatzaileari eta Parekidetasun Saileko arduradunari jakinarazi beharko diote.

Otsailak 1, igandea
10:30-14:30 Twerk (Booty Dance)".
Formatzaileak: Ikerne Mendieta Uskola.
Hizkuntza: elebiduna.
Zehaztasunak: "Mendeetan zehar emakumeen gorputzak, uteroak eta aldakak atrofiatu dituen gizarte gaixo batek sortutako gaitzak pairatzen ditugu oraindik. Gorputzetik osotasunez eta zintzotasunez jarduteko behar horretatik sortzen da mugitzeko proposamen hau. Gorputz zapalduen, estigmatizatuen, epaituen, zaurituen, desbalorizatuen, ezezagunen, eta berezko gaitasun eta indarretik deskonektatuen sendabide eta askapen gisa hain zuzen ere. Utero eta aldaken mugimendu naturala, sentsualitatea eta norbere gorputzarekin jolastuz disfrutatzeko gaitasuna berreskuratzeko. Mugimendua osasun eta plazer iturri bizitzeko".

Otsailak 9-ekainak 8
18:00-20:00
Batukada feminista.
Egutegia: otsailak 9, martxoak 2 eta 16, apirilak 13 eta 27, maiatzak 11 eta 25, ekainak 8.
Formatzaileak: Arantzazu Albizu Escobar eta Ainara Sarasketa Alberdi.
Zehaztasunak: "Musikara gerturatu eta ondo pasatzeaz gain, beste emakume batzuekin batera talde-lanean aritzeko, sormena landu eta autoestimua igotzeko. Denok garelako musika egiteko gai, baita gauza berriak sortzeko ere. Irudimena landu eta besteak entzuten ikasteko. Emakumeok kalera irten eta espazioak okupatu bitartean jendeari gozarazteko".

Otsailak 12-martxoak 5
10:30-12:30 Euskal damak Erdi Aroan. Generoaren eta gizarte-klasearen arteko elkargunea.
Formatzailea: Isabel Mellén Rodríguez.
Hizkuntza: gaztelania.
Zehaztasunak: Lau saio izango dira eta hurrengo gaiak landuko dira:
1. saioa - Bizitza ematea: erditzeak eta sexualitatea.
2. saioa - Gerra eta bakea: ezkontza eta bitartekotza-estrategiak.
3. saioa - Artea eta politika: ezkontzak eta propaganda.
4. saioa - Heriotzaren kudeaketa: hildakoen eta alargunen erritua.

Otsailak 16- apirilak 20
17:00-19:00 Zoru pelbikoa.
Saioen egutegia: astelehenero.
Hizkuntza: elebiduna.
Formatzailea: Eneritz Gallastegi Lazkano.
Zehaztasunak: "Emakumeok, bizitzan zehar, gure zoru pelbikoan eta gure ongizatean eragina duten hainbat egoera bizi ditugu; erditzea, hormona gorabeherak, lanean jardutea, kirola praktikatzea... Garrantzitsua da gune horretako muskulazioa prestatzea eta ikastaro honek osasunarentzat hain garrantzitsua den arlo hau sentitzen, ulertzen eta hobetzen lagunduko digu".

Otsailak 24-maiatzak 5
10:00-12:00 Etxeko konponketak.
Formatzailea: Izaskun Gurrutxaga Etxeberria.
Zehaztasunak: "Etxean, ohiko lanez gain, tarteka sortzen dira beste zenbait behar. Lanpara hondatu da edo entxufe batek ez du funtzionatzen. Iturriak ura galtzen du eta komuneko bonbak ez du ondo ixten. Apal bat jarri nahi dugu edo lekuz aldatu nahi dugu. Hormak pintatu behar ditugu, edo zenbait konponketa egin ostean txukundu egin nahi ditugu. Ikastaroaren helburua da sor daitezkeen beharrei aurre egin eta konponketa txikiak egiteko oinarrizko ezagutzak eskuratzea: tresnak ezagutu eta erabiltzen ikasiko dugu, beldurra galdu eta konfiantza hartuz":

Martxoak 26-maiatzak 28
17:00-19:00 "Gure arbasoak: gure leinu femeninoaren lanketa".
Formatzailea: Pepa Bojo Ballester.
Hizkuntza: gaztelania.
Zehaztasunak: "Emakumeen ahalduntze-lanaren barruan, guztiz beharrezkoa da historia bera ezagutzea, emakumeek milaka urtetan gizartean izan zuten zeregina, hasi emakume ezagun, artista, idazle, pentsalarietatik eta benetako historia eraiki eta harilkatu zuten emakume anonimoetaraino. Kontatzen digutena, historia, gizartea zenaren eta zekienaren bertsio bat eta zati bat da, beste zatia falta da, ezagutza guztiek genero kutsu handia duten bezala. Tailer monografikoa da, emakumeen memoria, ekintzak, jakintzak eta historia berreskuratu nahi dituena".

Maiatzak 15, 16 eta 17: Mendi orientazio formazioa II
Formatzailea: Patri Espinar Labian.
Ordutegia:
-Maiatzak 15: 17:00-20:30.
-Maiatzak 16 eta 17: 09:00-14:00.
Hizkuntza: elebiduna.
Zehaztasunak: "Ikastaroaren helburua emakumeek mendian era seguru eta autonomoan jarduteko beharrezko baliabideak eskuratzea da, horretarako naturaren interpretazioa, maparen irakurketa eta iparrorratzaren erabilpena egiten ikasteko ezagutza teoriko-praktikoak ahalbidetuz".



Beterri Buruntza mankomunitatea
Sukaldaritza eta arotzeria arloko bi formakuntza saio iragarri ditu mankomunitateak. Ikastaro hauek Beterri-Buruntzako langabetuei zuzenduta daude, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen laneratzea bultzatzeko. Aste honetan hasi da sukaldaritzakoa, eta arotzeriakoa otsailaren 16an hasiko da.  Gipuzkoako Foru Aldundiko Elkar-Ekin Lanean estrategiaren baitan kokatzen dira ibilbide hauek, eta lana lortzeko zailtasunak dituzten pertsonen egoera aldatzea dute helburu, eskualdeak behar dituen sektoreetan talentua formatzearekin batera.

"Sukaldeko Oinarrizko Eragiketak"
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Elkar-Ekin Lanean egitasmoaren baitan, aste honetan abiatu da 'Sukaldeko Oinarrizko Eragiketak' ibilbidea, Erroak-Sartu erakundearen eskutik. Ekimenaren helburua ostalaritza sektorearen beharrei erantzutea da, eskualdean langabezia-egoeran dauden pertsonen laneratzea sustatuz. Ibilbideak formakuntza teoriko-praktikoa eskainiko du, eta horrez gain, parte-hartzaileek gaitasun digitalak, hizkuntza-gaitasunak eta zeharkako konpetentziak landuko dituzte, hala nola komunikazio eraginkorra, talde-lana eta moldagarritasuna. Guztira 15 pertsonek hartuko dute parte, eta amaitzean ziurtagiri profesionala eskuratzeko aukera izango dute.

"Tamina Handiko Arotzeria eta Kudeaketa"
Formakuntza ibilbidea otsailean jarriko da martxan, Emaus Gizarte Fundazioa eta Arotzgi erakundeen eskutik. Prestakuntza honek zurgintzaren arloan kualifikazio teknikoa eskaintzea du helburu, sektorean dagoen langile kualifikatuen eskariari erantzuteko.

Ibilbide horretako formakuntza teknikoa 305 ordukoa izango da, eta bertan, besteak beste, tamaina handiko zurezko hondakinen berreskurapena eta errebalorizazioa, arotzeriako zerbitzuetako oinarrizko prozedurak, eta zurezko hondakinen sailkapena eta lehengoratzea landuko dira. Horrez gain, parte-hartzaileek 50 orduko prestakuntza jasoko dute gaitasun soziolaboral eta digitalen inguruan, eta 90 orduko praktikak egiteko aukera ere izango dute sektoreko enpresetan.

Izena emateko, egin klik esteka honetan: Arotzeria formakuntza saioa

Harremanetarako, idoia.vidaurrazaga@emaus.com helbidera idatzi daiteke, edo 690 175 982 telefonora deitu.

Digitalizazioa sustatzeko bi saio
Beterri-Buruntza mankomunitateak digitalizazioari lotutako beste bi saio iragarri ditu. Saio hauek eskualdeko enpresa txiki eta ertainei zuzenduta daude.

“Aprobetxatu Beterri-Buruntza Digitalak eskainitako doako trebatze ibilbidea, eta hasi zuen eraldaketa digitala”, hortxe Mankomunitatearen gonbitea. Saio hauetan, Ikuspegi praktikoa lantzen da, “industriako kasu errealekin”. Adituen bidelaguntza eta diagnostikoa eskura jartzen zaie enpresei eta “ibilbide pertsonalizatua” egiteko aukera, “zuen erritmora”.

Bi saio

  • Urtarrilak 30: Enpresen berrikuntza eta eraldaketa digitala.
  • Otsailak 5: IA sortzailea enpresa industrialean.
  • Ordutegia: 9:00 – 12:00.
  • Non: Astigarragako Erribera Kulturgunean.

Beterri-Buruntzako beste ETE industrial batzuk eman dute urratsa eta dagoeneko eraldaketa digitalaren lehen onurak lortzen ari dira. “Orain zuen txanda da. Gorde zure plaza eta hasi trebatzen”, Mankomunitatearen deia horixe.

Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko, egin klik esteka honetan: https://labur.eus/xgpgj1nx



Buruntzaldeko udalak
'Beat-Eroak' euskarazko rap tailerra antolatu dute Buruntzaldeko Euskara Zerbitzuek, eta bi saio egingo dituzte eskualdeko udalerri bakoitzean, Odei Barrosoren eta Telmo Trenorren eskutik. 12 eta 16 urte bitarteko gazteek izango dute aukera. Aste hasieratik, zabalik da izen-emate epea.

12 eta 16 urte bitarteko gazteek, aukera ederra izango dute Buruntzaldeko udalerrietan, hitzarekin eta musikarekin jolasteko eta trebatzeko, euskaraz. Izan ere, 'Beat-Eroak' rap tailerra antolatu dute eskualdeko udaletako Euskara Zerbitzuek, honako leloarekin: 'Hitza askatu, erritmoa markatu'.

Otsailean eta martxoan izango da tailerra, eta udalerri bakoitzean bina saio egingo dituzte. Aurrenekoan, Odei Barroso rapero eta bertsolariarekin arituko dira gazteak, eta hitza landuko dute: oinarri musikala aukeratu, eta rap letrak lantzen lagunduko die Ødei artistak. Aurreneko saio hori otsailean izango da udalerri guztietan, eta bakoitzaren data zehaztu dute, azpiko koadroan ikusi daitekeenez.

Kanta sortu eta grabatuko dute bigarren saioan
Tailerraren bigarren saioan, Ødei ez ezik, Telmo Trenor DJ eta ekoizlea ere izango da gazteekin, eta guztien artean emango diote forma egindako lanari: aukeratutako base musikalarekin eta osatutako letrekin, kanta sortu eta grabatuko dute. Martxoan izango da bigarren saio hori. Horrela, herri bakoitzean abesti bat osatuko dute, eta herrien arteko lehiaketa ere izango da: abesti guztiak entzungai jarriko dituzte euskara.buruntzaldea.eus webgunean, eta bozketa zabalduko dute, herritarrek gustukoen dutena aukeratzeko. Sari potoloa izango du irabazleak: bideoklipa grabatzea. Gainera, rap festa ere aurreikusi dute, egindako lanak erakutsi eta gazteen artean harremanak sustatzeko.

Izen-emate epea, urtarrilaren 31ra arte
Herri bakoitzean, gehienez ere 30 gaztek hartu ahal izango dute parte. Urtarrilaren 31ra arte izango da apuntatzeko aukera, informazio gehiago ere jaso dezakezuen helbide honetan: https://euskara.buruntzaldea.eus/beat-eroak/

Egitasmoa 2020 urtean jarri zuten martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Sailaren eta Iametzaren eskutik; eta bi proiektu pilotu egin zituzten: Legazpiko eta Urretxu-Zumarragako gaztelekuetan. Buruntzaldeko herrietako gazteen txanda da orain. Ez galdu aukera!

LEHENENGO SAIOA

Odei Barrosorekin, base musikala aukeratu eta rap letrak landuko dituzue.

GORDE ZURE EGUNA!

ANDOAIN Otsailak 19, osteguna

ASTIGARRAGA Otsailak 10, asteartea

HERNANI Otsailak 24, asteartea

LASARTE-ORIA Eguna zehazteke

URNIETA Otsailak 9, astelehena

USURBIL Otsailak 23, astelehena

 

BIGARREN SAIOA

Odei Barrosorekin eta Telmo Trenorrekin, kanta sortu eta bideoklipa egingo duzue.

GORDE ZURE EGUNA!

ANDOAIN Martxoak 26, osteguna

ASTIGARRAGA Martxoak 5, osteguna

HERNANI Martxoak 12, osteguna

LASARTE-ORIA Eguna zehazteke

URNIETA Martxoak 2, astelehena

USURBIL Martxoak 9, astelehena