Igandeko Irisasi BTT Hotzak Akabatzen proban izena emateko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 23a

Igande honetan, urtarrilaren 25ean izango den Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probarako izena emateko azken eguna duzue ostiral hau, urtarrilaren 23a. Proba egunean ezingo da tramite hori bideratu. Bestalde, larunbat arratsaldean jada dortsalak jasotzeko aukera izango da Sutegin.

Badator, jada herri honen bizitzan sakonki errotua den 2026ko lehen kirol hitzordua; 14. Irisasi BTT Hotzak Akabatzen. Igande honetarako, urtarrilaren 25erako iragarria dute. Goizeko 9:00etan abiatuko dira garaiz izena emandako parte hartzaileak, Mikel Laboa plazatik.

Ekimenean parte hartu nahi dutenei zuzenduriko azkeneko argibide sorta plazaratu dute. Hasteko, gogoan izan, Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probarako izen-emateko azken eguna duzue ostiral hau, urtarrilaren 23a, kronoak.com atarian, 28 euroren truke.

Probaren bezperan jada dortsalak eskuratzeko aukera izango dute izena emandakoek. Izan ere, hilaren 24an, larunbatean 16:00-19:00 artean eta igandean 07:30etatik aurrera Sutegin jaso ahalko dira. Bi multzotan egingo da banaketa: batetik, maillotaren neurria aukeratu zutenak eta bestalde, maillotaren neurria aukeratu gabe dutenak. Kontsigna ere bertan izango da eta sarreran kafea hartzeko aukera izango da.

Bizikleta gaineko irteera egunera itzulita, hilaren 25eko proba abiatu baino 15 minutu lehenago irteeran biltzea aholkatu dute antolatzaileek, goizeko 8:45 inguruan. Kaskoa ondo jantzita eramatea derrigorrezkoa izango da. Adin txikikoak arduradun baten laguntzaz irten beharko dira. Orri bat sinatu beharko dute abiatu aurretik.

Bi ibilbide
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, txirrindulariek bi ibilbide izango dituzte aukeran: motza (23 km+650 m) eta luzea (32 km+950 m). Ibilbidea ikusgarri egiten laguntzeko zintak zintzilikatu dituzte, karea bota dute lurrean bidegurutzeetan eta laguntzaileak izango dira zalantzak eragin ditzaketen bidegurutzeetan, ekimena iruditan bilduko duten argazkilariekin batera. Ibilbidea errespetatzeko deia egin dute antolatzaileek. Ibilbidean zehar, istripu edo larrialdi egoeren baten aurrean, DYAra deitzea galdegin diete parte hartzaileek. 943 46 46 22 da DYAkoen telefono zenbakia.

Proban zehar, anoa gunea izango da ibilbideko 15. kilometro inguruan, baita frontoian kokaturiko helmugan ere. Pilotalekuan "jateko eta edateko ugari izango duzue: salda, garagardoa, tortillak, txorizo egosi pintxoak... Segituan berreskuratuko duzue galdutako indarra!", berri eman dute.

Bideez ari garela, ohi bezala, proba hau tarteko,  Oxtapeko sarrera itxita egongo da igande goizean, 8:00-14:00 artean. Troiako nahiz San Inazioko pasabideak baliatu beharko dira herri erdigunera sartu nahiz bertatik irteteko. Usurbilgo Udaletik gaineratu dutenez, "Donostia-Zumaia arteko autobusak San Inazioko biribilgunean geldituko dira".

Oparien zozketa
Frontoia izango du helmuga probak. Bertako oholtzan egingo da amaierako oparien banaketa, helmugan papera jaso duten txirrindularien artean. Oparion zozketa, aldiz, aplikazio bidez proba abiatu berritan. Sarituen zerrenda frontoi sarrerako horman kokatuko dute.

Ekimena amaitu ostean, erabilitako bizikletak Dema plazan utzi ahalko dira eta garbitzeko mangerak kiroldegi ondoko aparkalekuan izango dira.

Azkenik, Kiroldegian kokatuko dira dutxak. Ezingo da lokaztutako oinetakoekin sartu, antolatzaileek ohartarazi dutenez.