"Kirol eduki berezia eskaini asmoz sortu zen Matx sare soziala"

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 23a

Aratz Losada Perez oñatiarra da Matx sare sozialeko arduraduna. Bi urte daramatza abian proiektuak, eta geroz eta jende gehiago erakartzen ari da. "Guk garbi genuen tokiko kirol komunitatean zentratu behar genuela proiektua".

Nola sortu zen Matx proiektua egiteko ideia?

Gauza asko sortzen diren moduan, Matx behar batetik sortu zen. Hainbat hedabideok gazteengana heltzeko zuten arazoa ikusita, proiektu bat sortu behar zela ikusten zen. Gazteek gaur egun kirola asko egiten dutela ikusi zen, eta kirol eduki berezia eskaini asmoz eta gazteei heltzeko sortu zen Matx.

Zergatik eduki mota hori?

Gure xede taldeak, 18-35 urte bitarteko gazteek, hori kontsumitzen dutelako. Sareetan dabiltza, sareetan bizi dira eta ordu asko pasatzen dituzte sare sozialetan murgilduta. Sare sozialetan informazioa jasotzen da, baina asko entretenimendua kontsumitzen da. Hor aukera bat ikusi genuen euskarazko kirol entretenimendua eskaintzeko ideiarekin.

Gazteez gain, helduentzako ere bideratua dago?

Gure fokua gazteengan jarrita dago, baina kirolean interesa duen orok eta euskara eta entretenimenduan interesa duen orok interesa eduki dezake Matx proiektuaren inguruan. Baina bereziki gazteengan daukagu fokua jarrita.

Zergatik herriko taldeetan, eta ez goi-mailakoetan?

Horrek desberdintzen gaituelako. Tokikomeko kideak toki hedabideak dira eta gure indargunea tokian tokiko informazioan dago. Talde handietan edo ekitaldi handietan bestelako hedabideek lan egiten dute sarri, eta guk nonbait arrakasta baldin badugu, gertutasun horretan da. Guk garbi genuen tokiko kirol komunitatean zentratu behar genuela proiektua.


Euskal Herri guztia hartzen duzue?

Bereiziki Gipuzkoa hartzen dugu. Bi urte pasatxo dira proiektua hasi zenetik, eta muga horiek lausotzen ari dira. Tarteka beste lurralde batzuetan gauzak egiten aritu gara, baina bereziki Gipuzkoan egiten dugu lan.

Zergatik erabaki zen Mastodonen zabaltzea Matx?


Tokikomen filosofiari jarraiki hartutako erabaki bat da. Hausnarketa sakon bat egiten ari gara azken urtean sare sozial komertzialen erabilerari buruz. Sare sozial komertzialetako informazioa ez da gurea, sare horien jabeena da. Guk gure komunitatea gertutik osatu nahi dugu, eta horregatik egin genuen sare sozial libre baten aldeko apustua: guk egindako sare sozial bat delako, euskaraz egindako sare sozial bat delako, eta elkarlanean eraiki den zerbait delako. Bertara ekarri nahi ditugu gure ikus-entzuleak. Sare sozial komertzialetan promozioa egiten dugu jendea gure sare sozialera erakartzeko.


Zer egin behar du usurbildar batek Matx-eko edukia ikusteko?

NOAUA!ko kirolen orrian sartu, eta hor bloke more bat ikusiko du. Bertan klikatuz gero, erabiltzailea zuzen Matx. eus-era eramango du, eta bertan erregistratu behar da. Eduki guztiak ikusi eta bakoitzak bereak sareratzeko, erregistratzea gomendatzen da.