Elurra, haizea, euria, itsaso zakarra... eragiten ari da egunotan Ingrid izena jarri dioten ekaitza pendintsularen mendebaldean bereziki. Baina gure artera heldu zaigu bere eragina. Igande honetan, urtarrilaren 25ean izango da bereziki, eguerditik aurrera.
Izan ere, inguruotan gutxitan aktibatzen duten alerta laranja izango dugu indarrean haizeagatik. Ostiralean, jada, Euskalmet meteorologia agentzia gaurko abisu horian izango ginela jakinarazten hasia zen. Larunbat goizean, ordea, aurreikuspena okertu eta alerta laranjan izango garela ohartarazten hasi zen. Alerta laranjan izango gara, beraz, gaur eguerdiko 12:00etan hasi eta gauerdira arte gutxienez. "Haizeguneetan mendebal-osagaiko haize-boladek 120 kilometro orduko abiadura gaindi dezakete, bereziki kostaldean", Euskalmet-en arabera. Haizeguneak ez diren tokietan, abisu horia izango da indarrean. Bertan, "mendebal-osagaiko haize-boladek 80 km/h-ko abiadura gaindi dezakete, bereziki iparraldeko eta hegoaldeko muturrean".
Alerta laranja horren ostean, haizea apaltzen joango dela aurreikusi du aipatu meteorologia agentziak. Halere, gauerditik astelehen goizaldeko 3:00ak arte abisu horia izango da indarrean haizegune horietan. "Mendebal-osagaiko haize-boladek 100 kilometro orduko abiadura gaindi dezakete, bereziki kostaldean".
Iragarpena
Baldintza horiekin, gaur, hilaren 25ean, "zerua hodeitsu egongo da, tarte oso hodeitsuekin. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, batez ere egunaren bigarren partean. Hego-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Eguerdi inguruan haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egingo du, ahul-bizi ibiliko da, bolada gogorrekin, eta oso gogorrekin. Tenperatura gutxi igoko da.".
Astelehenean, hilaren 26an, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, batez ere egunaren bigarren partean. Eguneko lehenengo orduetan mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin; goizaldean indarra galduko du eta goizean hego-mendebaldekoa nagusituko da. Egunaren bigarren partean hego-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura gutxi igoko da".
Asteartean, hilaren 27an, "zerua oso hodeitsu egongo da. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du. Egunaren bigarren partean trumoi-ekaitzak izan daitezke. Hego-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Eguerdi inguruan mendebal-osagaira egingo du: hegoaldean indarra galduko du, baina Kantauri isurialdean indartu egingo da, bizia izango da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira: azken orduetan neurtuko dira. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.