2026-27

Larunbata izan arren ikastola zabaldu dute, ezagutu nahi zutenentzat

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 24a

2026-27 ikasturterako matrikulazio kanpainaren atarian, ate irekien saio bikoitza antolatu dute Udarregi ikastolakoek, larunbat honetan, urtarrilaren 24an.



Argiak piztuta eta atea zabalik gaurkoan, larunbata izan arren, Udarregi ikastolan. Izan ere, otsailaren 2tik 13ra bideratuko duten 2026-27 matrikulazio kanpainara begirako ate irekien jardunaldi eguna egin dute. Bi saio antolatu dituzte; goizeko 10:00etan lehenengoa, eta ordu eta erdi geroago, bigarrena. Bietan, irailetik aurrera, ikastolako HH, LH nahiz DBH zikloetan ikasi asmo duten ikasleen familiak bisitan izan dituzte.

Ikastolako langileen eskutik, proiektuari buruzko xehetasun nagusiak aurkezteaz gain, instalakuntzetatik barrena bisita gidatua egin zaie.

Matrikulazio garaia
Aipatu moduan, datorren otsailaren 2an irekiko dute hurrengo ikasturterako matrikulazio epea. Hilaren 13ra arteko tartea izango dute interesdunek tramitazio hau bideratzeko. Horretarako, ordea, Udarregitik ohartarazi dutenez aurrez hitzordua eskatu beharko da, bideotatik:
Gernika ibilbidea, 11
udarregi.eus
943 36 12 16

Aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzko xehetasun gehiago udarregi.eus atarian jaso ditzakezue.

Eskaintza
Ikastolak jada duen eskaintzaren berri eman du bere bitartekoen bidez.

Udarregi ikastolak zera eskaintzen dizue:

  • 2 urtetik 16 urtera bitarteko irakaskuntza arautua.
  • Heziketa euskalduna: euskaraz ikasiz eta biziz, Euskal Herriko Kultura eta herri-ekintzetan murgildu.
  • Balore eta jarreren lanketa, heziketaren ardatz gisa.
  • Irakaskuntza Eleanitza: D eredua, ingelesa 4 urtetik aurrera, gaztelania Lehen Hezkuntzaren 2. mailatik aurrera, eta frantsesa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.
  • Hizkuntzetarako irakasle espezialistak.
  • Orientazio Departamendua: tutoretza eta banakako orientazioa. Orientazioa gurasoentzat.
  • Heziketa Behar Bereziak dituztenentzat Laguntza Gela.
  • Garraio zerbitzua.
  • Jangela: Bertan sukaldatutako garaian garaiko janaria, herriko elikagaiak eta elikagai ekologikoak. Dieta orekatuak eta osatuak.
  • Eskolaz kanpoko jarduerak: ZIRIMARA proiektua. Udalerrian sortutako ekimena. Eskola kirola ez ezik, herriko aisialdia eta bizitza sozialean parte hartzea sustatzea du helburu, dimentsio herritarra emanez, eskaintza eraldatua eta berritzailea eskainiz.
  • Ikasleen Goizeko Zaintza: 08:00etatik 09:00etara.

Eta aurreko guztiaren euskarri gisa:

  • 55 urte baino gehiagoko esperientzia Usurbilen.
  • Irakasleria egonkorra eta berrikuntza pedagogikoez arduratua.
  • Gestio demokratikoa: guraso eta langileen partaidetza zuzena arlo guztietan.
  • Erakunde irekia, anitza eta iritzi guztietara zabalik. Herri Onurako Kooperatiba. Guraso Kooperatiba.
  • Kalitatezko Hezkuntza lortzen lagunduko digun, Kalitate Aurreratuaren Kudeaketa Sistemarekin konprometituta