Gaurko alerta laranja tarteko, Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probaren amaiera aurreratu dute

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 25a

120 kilometro ordutik gorako haize-bolada arriskuagatik, gaur eguerditik aurrera indarrean izango den alerta laranja tarteko, 14. Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probaren ibilbidea egokitu dute 12:00etarako amaitzeko.

Ohi baino lehenago amaituko da, igande honetako, urtarrilaren 25eko 14. Irisasi BTT Hotzak Akabatzen proba, haizeagatik hain zuzen. Gogoan izan, gaur eguerditik aurrera, alerta laranja aktibatuko du Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak gauerdira arte, 120 kilometro ordutik gorako haize-boladak izan ditzakegulako.

Ondorioz, mendian egiten den ekimena izanik, Irisasi BTT-koek ibilbidea egokitu dute parte hartzaileak garaiz, beranduenez jota 12:00etarako frontoian bueltan izateko. Ohi bezala, goizeko 9:00etan abiatu dira Mikel Laboa plazatik. Aurretik, antolatzaileak ohartarazten aritu dira ibilbidea egokitu dutela horretarako eta txirrindulariei aipaturiko ordurako frontoira itzultzea galdegin diete.

Sare sozialen bidez ere bart jakinarazi dute antolatzaileek gaurko iragarpenak "aldaketa batzuk egitera" behartu dietela. "12:00etarako denok frontoian egon beharko dugu, abisuari kasu eginez".

Horregatik, jakinarazi dutenez, "mozketak egingo ditugu ibilbidearen puntu ezberdinetan, guztion segurtasuna bermatuz". Parte hartzaileei jakinarazi diete adi egoteko eta kasu egiteko bidean izango diren boluntarioei. "Helburua ondo pasatzea da, ez dugu inork minik hartzea nahi".

Antolatzaileek berri eman moduan, aurtengoan, gehienez jota, hiru ordu izango dituzte parte hartzaileek ibilbidea osatzeko.