Odola emateari eta emaileei gorazarre, haien urteroko bilkuran

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 25a

Igande honetan, urtarrilaren 25ean Atxegan bildu dira Usurbilgo odol-emaileen elkartekoak bazkaritarako. Aurretik, eskertzarako tartea hartu dute.

Bi hilean behin izaten den odol-emate saioetan parte hartzen dute. Guztiok bizitzeko ezinbestekoa dugun odola elkarbanatzen dute, eskuzabaltasun osoz. Usurbilgo odol-emaileen elkarteak jakinarazitako datuen arabera, iaz, 224 odol-emaile izan zituen udalerri honek urtean zehar izandako hitzorduetan eta hauetatik 195 odol poltsa bildu zituzten. Haien artean, hamar emaile berri izan ziren.

Urtean zehar eginiko ahalegina eskertu eta biltzeko egun bat izaten dute urtero. 2026koa gaurko, urtarrilaren 25erako zuten izendatua Atxega jauregian. Emaileen bazkaritarako elkartu dira bertan. Hitzordua, urtero, odol-emate kopuru zehatz batera ailegatutako herritarrak omentzeko baliatzen dute. Aurten, 75 aldiz odola emandako Iñigo Arrona Rezola eskertzeko baliatu dute tartea. Albiste honi atxikitako irudian duzue omendutako herrikidea, senide eta odol-emaileen elkarteko kideekin batera. 75 odol-emateen eskertza oroigarri moduan jaso du, gainera.

Gero, bazkaritara jo dute denek. Egun honen bidez, odola ematearen garrantzia aldarrikatzen dute. Gogoan izan, 2026ko odol-emateko zikloa hastear dela. Astelehen honetan, urtarrilaren 26an izango da aurtengo lehen emanaldia.


Iñigo Arrona Rezola: "Normalean, odola ematen hasten denak segi egiten du"
Noiz eta nolatan hasi zinen odola ematen?
2003ko urtarrilean hasi nintzen odola ematen, duela 23 urte. Hainbat senideek ematen zuten odola, ni beti uzten nenbilen. Egun batean planteatu, joan eta hala hasi nintzen. 

Senideek bidea erraztu zizuten?
Bai. Bere garaian aitona aldakatik operatu zuten, hor ikusten da zenbat odol behar den. Ez denez ezer kostatzen, hala hasi nintzen. 

Odola ematen hasi zinenetik, hitzorduok zertan aldatu dira?
Odola ateratzeko modua ez da asko aldatu. Gainerakoan, lehen hitzordurik hartu gabe ematen genuen odola. Hiru lagun joaten ginen elkarrekin lehenik odola eman eta gero afaltzera. Pandemiaz geroztik, aldez aurretik hitzordua hartu behar izaten da. Alde horretatik hobeto antolatua dago egun. Hemen odola eman ezin dudanean, batzuetan Donostian antolaturiko hitzordura joaten naiz.  

Usurbilen, odola ematera joaten zaretenon artean, gehienak jada ezagunak izango zarete?
Bai. Gure jirako jendea izaten da odola ematera doana. Gazteagoak ere ikusten dira odola ematen. Hor dago nire kezka, ea gazte jende gehiago animatzen den.

Aurpegi aldaketa bat baino gehiago ikusiko zenuen odol emaileen elkartean.
Urte mordoa daramaten kideak daude. Zerbaitetan pentsatzen hasi beharko gara, haiei ere erreleboa eman beharko zaie. Gazteak falta dira, bestalde, ea animatzen diren.  

Emaile izateak zer eman dizu?
Jendea ezagutzea. Ez da ezer kostatzen odola ematea. Odola bizitzeko beharrezkoa da. 

Odola emateak ere on egin izan diela aipatu izan digute urteotan hainbat emaileek.
Odola emateko "sano" egon behar zara. Odola emateko osasuntsu egon behar da. Horrek zaintzeko kontzientzia izaten laguntzen du. Odola eman behar den kontuarekin zaindu egiten zara, ahalegin hau ere arduraz egin behar baita. odola. Odola eman eta gero beti diot ahalegin gutxi egin behar da. 

Zer esan, inoiz odola eman ez edo emateko zalantzan dagoenari?
Proba egiteko, dudarik egin gabe. Ez da ezer kostatzen. Normalean, odola ematen hasten denak segi egiten du. Medikuak oso atseginak dira, gainera, oso ondo azaltzen dute dena. 

Espero al zenuen 75 odol emateetara heltzea?
Hasi nintzenean ez. Pentsatu ere ez nuen egin.

Nola hartuko duzu eskertza?
Gustura hartuko dut, baina hortik aurrera orain arte bezala odola ematen segi eta kito.   

Odola ehun aldiz emateko erronka al duzu orain?
Osasunak uzten badigu bai. Osasuntsu izanda, dudarik ez izan. Ahal den heinean, odola ematen segiko dugu.



2026ko odol-emateak
Egunak: urtarrilaren 26a, martxoaren 2a, maiatzaren 4a, uztailaren 6a, irailaren 7a eta azaroaren 2a.
Ordutegia: 16:30-20:10.
Tokia: Udarregi Ikastola.
Zehaztasunak: odola emateko bete beharreko baldintzak:
-Aurrez odola eman dutenei hitzordua finkatuko zaie. Lehen aldiz odola ematen dutenek dei dezatela 943 007 884 telefono zenbakira.
-18-65 urte artean izatea.
-50 kilotik gora pisatzea.
-12 urte baino lehenago hepatitisa izan, kolesterol maila altua izan, baraurik egon ez edota ohiko botikaren bat hartzen baduzu ere, odola eman dezakezu.
-Emakumezkoek urtean gehienez hiru aldiz eman dezakete odola, gizonezkoek gehienez lautan. Odol emate baten eta hurrengoaren artean, gutxienez bi hilabeteko tartea igarotzen utzi beharra dago.

Informazio gehiagorako: donantesdesangre.eus

Deitzailea: Usurbilgo Odol Emaileen Elkartea.