NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia

Lehen emanaldiko sarrerak agortuta ekin diogu kultur zikloari

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 25a

Dejabu antzerkia konpainiaren "Itzulera" sorkuntza lanak Sutegi goraino bete du bart.

Arrakasta handiko itzulera bikoitza bart Sutegin; batetik, NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko Kulturaldiarena hain zuzen. Hirugarren urtez segidan, urtarrilean abiatu da elkarte honek antolaturiko zikloa. Hortxe lehen itzulera; bigarrena, Dejabu antzerki konpainiaren sormen lana; "Itzulera" izenekoa noski. 

Harrera beroa izan du antzezlanak Usurbilen. Sutegiko auditorioa goraino bete zuen emanaldiak, eserleku hutsik utzi ez eta sarrerak agortzeraino. Arte eszenikoa eta zinematografikoa uztartzen dituen road movie bat da Itzulera. Antzerki konpainia bateko hiru kideek Mexikora eginiko bidaia du abiapuntu. Izan ere, dokumental bat grabatzera doaz sorkuntza krisialdia bizi duten hiru lagun, Etxepare Euskal Institutuak emandako dirulaguntzari esker. "Ezusteko gertakari batek zeharo aldatuko du bidaiaren norabidea".

Eta haiekin egiten dute ikus-entzuleek baita aipatu bidaia, "esperientzia errepikaezina", atzo Sutegira joandakoek bizi izan zuten bezalaxe.

Hasi baino ez da egin, NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia. Hemen, otsailaren 1era arte izango den kultur zikloko hurrengo hitzorduen berri:

NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia


Urtarrilak 25, igandea

18:00 “Lurdes Iriondo, ez gara alferrik pasako” dokumentala Sutegiko auditorioan.
Zuzendaria: Inge Mendioroz Ibañez.
Gidoigilea: Idoia Garzes Aldazabal. 
Zehaztasunak: "Garai bateko zuri-beltzezko argazkietan izoztua gelditu den abeslari gaztea. Kapsulatua. Enkuadre baten barruan harrapatua, haren ahotsa diskoetan bezala. Ahaztuta, nonbait, ikuspuntua hautatu egiten dela. Ahaztuta, abeslaria izateaz gain, euskal kulturaren transmisioan ezinbesteko erreferentea ere badela Lurdes Iriondo. Transmisioarentzat haurrak ezinbesteko zirela ulertu zuen eta haientzat idatzi zituen liburuak eta antzerkiak".
Oharra: dokumentalaren proiekzioaren ostean, Inge Mendioroz Ibañez zuzendariarekin solasaldian aritzeko aukera izango dugu.
Sarrerak: 6 eurotan aldez aurretik, usurbilkultura.eus plataforman edo NOAUA! K.E.-ren egoitzan. Bazkideek aldez aurretik 4 eurotan, NOAUA! K.E.-ren egoitzan.



Urtarrilak 30, ostirala
20:00 Izaki Gardenak taldekoen kontzertua Sutegiko auditorioan.
Zuzeneko partaideak: Jon Basaguren: ahotsa, gitarra/Libe Kortazar: teklatuak, ahotsa/Joseba Baleztena: gitarra, ahotsa/Aitor Aguirre: baxua, ahotsa/Dani Arrizabalaga: bateria/Ander Sevilla: soinua/Beñat Gorroño: argiak.
Zehaztasunak: 2012an sortu zuen Jon Basaguren-ek Izaki Gardenak. Ordutik lau disko luze eta hainbat single plazaratu dituzte, indie-rocketik, americanatik eta bestelako estiloetatik edanez. Zer esaten den eta nola esaten den bereziki zaintzen dute, ahotsen doinuei, armoniei eta hitzei bereziki erreparatuz. Giro sotil eta lasaienetatik energia erauntsietara bidaiatzen iaioak dira, oinarri erritmiko sendo eta gitarra zein teklatuen ekarpen ederrekin. 
30 kontzertutik gora eskaini dituzte 2025ean zehar. Gainera, disko berri berezi bat argitaratu dute abenduaren 2an: “Sitsak”. Bertan 4 kantu berri eta urteetan zehar diskoetatik kanpo argitaratzen joan diren beste 6 bilduko dituzte".
Sarrerak: 10 eurotan aldez aurretik usurbilkultura.eus plataforman edo NOAUA! K.E.-ren egoitzan eskuragarri. NOAUA! K.E.-ko bazkideek 8 eurotan eskuragarri kultur elkartearen egoitzan.



Urtarrilak 31, larunbata

19:00 Ugaitz Agirreren "Bihotzeko fonoteka" ipuin kontaketa musikatua Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "Ugaitz Agirrek aurkeztuko digu bere Bihotzeko fonoteka, ipuin kontaketa musikatua. Zer da Bihotzeko fonoteka? Hasiera batean, literatur ariketa hutsa. Atzerriko abestien hitzak hartu, eta euskarara ekarri. Abestien kortsean erronka handia, alajaina. Baina ariketa hutsetik emanaldi egin da. Zortzi abesti, bihotzeko abesti, maitasunezko abesti, eta bakoitzak bere ipuintxoa. Maitasunaren ertzetan joan-etorrian: musu desiratuak, herdoildutako errutinak, ihes debekatuak, pozoiarekiko obsesioa".
Sarrerak: 6 eurotan usurbilkultura.eus webgunean edo NOAUA! K.E.-ren egoitzak eskuragarri. Bazkideek 4 eurotan eskuratu ahalko dituzte NOAUA! K.E.-ren egoitzan.




Otsailak 1, igandea
18:00 "Frankopoleon" antzezlana Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "2070. urtea. Frankopoleon estatu duala…
Zerk egiten gaitu euskaldun? Noren begiradapetik begiratu, mugatu, mututu, mutilatu edota depilatzen gaituzte? Zenbat hizkuntza hitz egiten ditugu euskaldunok? Zein euskara hitz egiten dugu? Nondik gatoz? Nola bukatuko dugu?".
Egileak: ·KULTURARTECO, belaunaldi desberdinetako hiru emakume sortzaile gara: Ekhiñe Famoso Intxaurrandieta, Inma Koiote eta Saioa Gomez Tejeria. Udalbiltzako Geuretik Sortuak ekimenari esker elkartu ginen 2024an. KulturArteCo.-ren helburua gure sormen lanak kulturartekotasunaren begiradatik eratzea da. Euskaraz bizi gara eta euskarei lekua ematen diegu".
Sarrerak: 3,5 eurotan, usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzaileak: Udalbiltza (Geuretik Sortuak), Usurbilgo Udala eta NOAUA! Kultur Elkartea.

Antolatzailea: NOAUA! K.E.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.