Irisasi BTT

Lokatzez eta azken txanpan iritsitakoak blai helmugaratu dira

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 25a

Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probako parte hartzaileak gutxinaka itzuli dira Irisasi aldetik Dema plazara. Albiste honi atxikitako bideoan dituzue, txirrindulari gehienen helmugaratzeak.

Izozteko moduko hotzik ez, baina lokatzik, euririk eta haizerik ez zaie falta izan igande honetan, urtarrilaren 25ean, Irisasi BTT Hotzak Akabatzen ekimeneko parte hartzaileei. Goizean oskarbi zela abiatu dira Mikel Laboa plazatik; helmugaratu, ordea, antzekotasunik ez zuen giroarekin heldu dira Dema plazara.

Azkarrenak, ateri itzuli dira Irisasiko itzulia egitetik. Gogoan izan, antolatzaileek egokitutako bi ibilbideetako bat osatzeko aukera zuten txirrindulariek; ibilbide motz edota luzea. Halere, eguerdiaz geroztik aktibatua dagoen alerta laranja tarteko, egokitu egin dute ibilbidea.

Aipatu moduan, helmugaraturiko lehenengoak oraindik ateri zela itzuli dira herri erdigunera. Tantaka joan dira iristen Dema plazara Potxoenea ondotik. Probaren amaiera alderako trantsizioaren islada argia izan du eguraldiak ere. Goiz eguzkitsutik, haize-bolada gogor eta euri zaparradetara igaro gara ordubeteko tartean.

Garai horretan heldu dira hainbat txirrindulari. Nabaria zen, parte hartzaile guztiek zuten itxura. Lokaztuak goitik behera eta blai, eguraldi aldaketaren eragina jasan dutenak.

Baina hasi bezala amaitu dute proba denek; gogotsu eta goiz pasa ederra eginda. Albiste honi atxikia duzue, helmugaratzeen bideoa.