Irisasi BTT

Hamalaugarren edizio honek ere lagunartea ardatz

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 25a

Lagunarte hori irudikatzen duen irudi bilduma jaso dugu albiste honetan.

500 lagunentzako tokia izaten du Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probak. Igande honetan, urtarrilaren 25ean eginiko hamalaugarren edizioan ere ehunka txirrindulari batu ditu hitzordu honek.

Tartean ziren hainbat herrikide, Usurbildik kanpotik etorritako bisitariak nagusi halere. Adin tarte zabalekoak ziren guztiak. Belaunaldiartekotasuna sustatzen du, jada Usurbilgo herri bizitzan errotua den ekimen honek. 

Hortik aurrera, askotariko txirrindularien profilek bat egiten dute hitzordu honetan. Baina bada lotune nagusi bat parte hartzaile guztiak, antolatzaileen antzera, zeharkatzen dituena; lagunartea. Gaurkoa ez zen proba lehiakorra. Horregatik, gehienetan ez bezala, itzuliari lotutako sailkapenik ez da izaten.

Nork bere erritmoan ibilbidea osatu eta giro ederrean, udalerri honetako landa eremuaz gozatzeko parada ematen duen goiz pasa polita bizi ahal izaten dute; hamalaugarrenez, gaurkoan gertatu den moduan. Amaierako helmugaratzeak dituzue horren lekuko, albiste honi atxikitako argazkietan bildu ditugunak hain zuzen.