Duela bi aste abiarazi zuen Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak bere hamazazpigarren ikasturtea. Ordutik, astelehenero biltzen hasiak dira berriz entsegu saioetarako, Agerialdeko musika gelan. Gaur, urtarrilaren 26an, 18:00etan batuko dira ohi den moduan, Jaione Eskuderoren gidaritzapean, ordubeteko saioan. "Adin guztietarako eta era atsegin eta errazean egin daitekeen bat proposatzen dizuegu: Zatozte abestera!", Usurbilgo Kantu Taldeak aditzera eman duenez. "Euskal abestien bidez euskal kultura eta euskara sustatzearekin batera, ondo pasako duzue talde-giro ederrean. Atzoko kantak gogoratu, berreskuratu eta gaurkoak ikasiz tarte ederrak pasako dituzue, ziur!".
Gaurko saioa, programatuak dituzten urteko lehenengo bi kantu-jiren atarikoa izango da. Izan ere, hilero azken larunbatetan antolatu ohi du Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak herrian barrena abesten plazaratzeko hitzordua. Urtarrilari dagokion, eta beraz, 2026ko lehen kantu-jira urtarrilaren 31rako dute iragarria.
Bazkalaurretik, kantuan ibiliko dira kalez-kale, herri erdigunean barrena. Ez ahaztu kantu-liburuxka eramatea. "Gure taldekoa izan edo ez, gogoratu kantu-jira herritar orori irekia dela. Hurrengoa urtarrilaren 31n izango da. Eguerdiko 12:00etan hitzordua dugu Mikel Laboa plazan". Hortxe Usurbilgo Kantu Taldearen gonbita: "gazte, heldu edo zahar, animatu eta ez ahaztu abesten duen herria ez dela inoiz hilko!".
Lurra esnatzeko
Halere, oraingoan, ohiko kantu-jira horretatik egun gutxira, berriz plazaratuko dira Kantu Taldekoak. Otsailaren 4a, Agate Deunaren bezpera izango dugu. “Urtero bezala, Santa Ageda bezperako ohitura zaharrari jarraiki, herrian zehar kantuz ibiliko gara. Makila hartu eta zatoz gurekin aspaldiko koplak abestuz gozatzera". Deialdiarekin batera, eskaera bat ere luzatu du Kantu Taldeak: "Ahal dela baserritarrez jantzita etorri. Egurtzegi aurrean egingo dugu lehen saioa, bertakoei ere antzinako usadioa berritzeko parada emateko”, iragarri dute.
Usurbilgo Kantu Taldearen deialdiak
Astelehenero
18:00 Entsegu saioak Agerialdeko musika gelan.
Urtarrilak 31, larunbata
12:00 2026ko lehen kantu-jira, Mikel Laboa plazatik abiatuta.
Otsailak 4, asteazkena
18:00 Agate Deunaren bezperako kantu-jira Egurtzegitik.
Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.