Euskal Ligarako sailkatu dira Usurbil K.E.-ren kadete mutilak

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 26a

Irudia: Usurbil K.E.

Asteburuan Oiardon jokatutako sailkapen faseko partida guztiak irabazi ostean, Euskal Ligan lehiatuko dira Usurbil Kirol Elkarteko kadete mutilak. Jubenil mutilak, liga horretarako sailkatzear izan dira.

Lorpen berrien astelehena gaurkoa Usurbil Kirol Elkartearentzat. Izan ere, aipatu bilguneak ateratako ondoko argazkikoak pozarren ziren atzo. Kadete mutilen taldea duzue. Euskal Ligan lehiatzeko sailkatzea eskuratu dute, asteburuan Oiardo kiroldegian jokaturiko promozio fasean. Tolosa C.F. Eskubaloia, Baigene Corazonistas eta Loyola Indautxu taldeen aurka jokatutako partidak, hirurak irabazi dituzte usurbildarrek. Ez zituzten nolanahiko aurkariak izan. Eskubaloi taldeen bilgunetik nabarmendu dutenez, "orain arte Euskal Ligan lehiatutako Tolosa CF, Bizkaiko txapeldunorde Loyola Indautxu, eta Arabako txapeldun Corazonistas".

Neurketoi buruzko nondik norako nagusiak plazaratu dituzte. "Lehen jardunaldian, ostiralean, usurbildarrek Tolosa CF zuten aurkari. Erasoan zorrotz eta defentsa lanetan gogor hasi ziren eta hasieratik markagailuan aldeko emaitzarekin ibili ziren eta 13 goleko aldearekin irabaztea lortu zuten bukaeran, eta bide batez, igoera faseko txapeldunak izateko hautagaitza sendoa zuela aldarrikatu zuen taldeak emaitza honekin".
 
Larunbateko bigarren neurketan, "Corazonistas gazteiztarrak ziren aurkari eta bezperan baino parekatuago joan arren hasieran, bukaeran aise irabazi zuten usurbildarrek berriz, 12 goleko aldearekin kasu honetan".
 
Hirugarren eta azken jardunaldian, igandekoan, "Loyola Indautxu talde bilbotarra zen aurkari, eta talde honek bere bi partidak ere irabazi zituen eta lehena nor geratuko zen zegoen jokoan. Hasiera zoragarri batean ostean, 5-0 irabazten jarri zen herriko taldea 5. Minuturako eta Loyola Indautxu taldeak jaurtiketa bakar bat ere egitea lortu zuen lehen 5 minututan. Orduan, entrenatzaile bilbotarrak hutsartea eskatu eta zerbait gerturatzea lortu bazuen ere hasieran, ez ziren gai izan emaitza iraultzeko eta bukaerarako 18 goleko aldearekin irabazi zuen Usurbil KEk".

Garaipenon aurrean, zorionak helarazi dizkio taldeari haren entrenatzaile Jon Aizpuruak, "igoera fase ezinhobea egin baitute. Orain aurkari gogorrak etorriko dira, eta bi onenek bakarrik izango dute amaierako faserako txartela. Barakaldo da multzoko faborito handiena irabazteko, eta gainontzekoekin borrokan ibili behar dugu ahalik eta ondoen bukatzeko".

Usurbil K.E.-ko kirol arduradun Julen Nazabalek ere bat egin du zoriontzeko mezu horrekin. "Lorpen horrek klubak oinarri mailetan egiten duen lanaren kalitatea eta etorkizunerako duen proiekzioa berresten ditu".

Euskal Ligako lehiakideak
Usurbil K.E.-tik aditza eman duen moduan, "Euskal Ligara igotzeko igoera faseak jokatu dira maila ezberdinetan. Usurbilen jokatu zen igoera fase horietako bat tartean, eta horren ondorioz, kadete mutilek igoera faseko txapeldun bukatu dute partida guztiak aise irabazi ondoren eta aste honetan bertan Euskal Ligan lehiatzen hasiko dira".

Eskubaloi taldeen bilgunetik iragarri dutenez, hurrengo fasean kadete mutilak taldeokin lehiatuko dira:
Barakaldo - Barakaldo, Bizkaia
Pulpo – Zumaia, Gipuzkoa
Urdaneta – Loiu, Bizkaia
Corazonistas – Gasteiz, Araba
Muskiz – Muskiz, Bizkaia


Jubenil mutilak sailkatzear
Bermeon lehiatu ziren, bestalde, Usurbil Kirol Elkarteko jubenil mutilak. Euskal Ligarako sailkatzear izan dira, "maila handia erakutsi zuen, nahiz eta azken helburua —Euskal Ligarako txartela eskuratzea— lortu ez. Lau talderen arteko fase gogorrean, usurbildarrek lehiakortasuna, konpromisoa eta denboraldian zehar izandako bilakaera nabarmena erakutsi zuten".

Hitzordu horretan, maila handiko taldeekin lehiatu ziren usurbildarrak. "Eibar, orain arte Euskal Ligan jardundakoa, eta faseko faborito nagusia; Urdaibai, Bizkaiko txapelduna; eta Saieko, Gipuzkoako hirugarren sailkatua. Taldeak bazekien erronka handia zuela aurretik, izan ere, multzoko lehen postuak bakarrik ematen zuen igoera".

Usurbil K.E.-k asteburuan zehar jokatutako partidei dagokienean, berri eman dutenez, "lehen jardunaldian, ostiralean, Usurbilek Eibarren aurka jokatu zuen. Neurketa oso parekatua izan zen, baina une jakinetan egindako akatsek eta hasierako urduritasunak baldintzatu zuten taldearen jarduna. Horren ondorioz, markagailuak aurkariaren alde egin zuen, eta porrot horrek lehen posturako aukerak nabarmen murriztu zituen".
 
Bigarren neurketa etxekoen aurka jokatu zuten. "Usurbil KEk beste aurpegi bat erakutsi zuen eta txapeldun geratzeko aukerak mantentzeko garaipena beharrezkoa zen. Taldea sendoago aritu zen, bai defentsan bai erasoan, eta neurketaren kontrola une askotan bere esku izan zuen. Hala ere, amaieran gol bakarreko aldeagatik galdu zuen partida, azken unera arte borrokan aritu ondoren".
 
Hirugarren eta azken jardunaldian, "Saieko talde donostiarraren aurka, usurbildarrek beren mailarik onena erakutsi zuten. Hasieratik erritmo bizia ezarri zuten, defentsa sendoa eta eraso eraginkorra uztartuz. Lan horren ondorioz, zortzi goleko aldearekin lortu zuten garaipena, promozio faseari amaiera bikaina emanez".

Asteburu honen ondotik, taldeko entrenatzaile Julen Nazabalek balorazio oso baikorra egin du taldearen denboraldiaren bueltan. "Pena handia da ostiraleko lehen partidan gure benetako maila erakutsi ez izana; partida horretan ez genuen jakin egiten dakiguna egiten, eta horrek lehen posturako aukerarik gabe utzi gintuen. Hala ere, oso harro gaude talde honekin: Gipuzkoako txapeldunorde izan dira, eta abuztutik hona izan duten bilakaera benetan ikaragarria izan da".