Buruntzaldeko transmaribibolloen aurkezpena ostiralean

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 27a

Buruntzaldeko transmaribibolloek aurkezpen ekitaldia antolatu dute ostiral honetan, urtarrilaren 30ean, Potxoenean.

“Urteari ekitearekin batera Buruntzaldeko transmaribibolloen aurkezpena egingo dugu Usurbilen”, iragarri dute Buruntzaldeko transmaribibolloen mugimenduak. Ostiral honetarako, urtarrilaren 30erako deitu dute aurkezpen ekitaldia, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. Ekitaldiak bi zati izango ditu; batetik, aurkezpena izango da eta, segidan, Anuk eta Elenek girotutako luntxa.

Eskualde mailako mugimenduaren berri izan dugu azken bi urteotan. 2024 inguruan hasi ziren saretzen, bilgunetik urte hartan berri eman zutenez, "elkarren arteko harremanak sendotu eta gure eskualdean zenbait auzi mahaigaineratzeko". Hainbat ekimen bideratu zituzten hasiera hartan; besteak beste, "trans ikusgarritasunaren eguneko manifestazioa, Bollotopaketen aurkezpena, Anita Doinelen “Me lo merezco” liburuaren aurkezpena…".

Azkenekoz, uda partean jaso genuen Buruntzaldeko transmaribibolloen berri. Uda hasieran Lasarte-Orian, Hernanin edota Andoainen izandako eraso LGTBIAQ+ fobo eta arrazistak salatu zituzten ohar bidez; zehazkiago esanda, hainbat hormetan izandako margoketak edota "Hernanin zein Andoainen festetan gertatutako eraso eta diskurtso arrazistak" deitoratu zituzten. "Buruntzaldeko transmaribibollook argi utzi nahi dugu ekintza horiek guztiak eraso gisa ulertzen ditugula eta, ez Buruntzaldean ez inon, ez ditugula inolaz onartuko, ezta pasatzen utziko ere", nabarmendu zuten.

Testuinguru horretan, jakinarazi nahi izan zutenez, "antolatuta gaude eta erasoei erantzun kolektiboz erantzungo diegu".

Orain, eskualde mailako aurkezpena egitea erabaki dute ostiral honetan, urtarrilaren 30ean, Potxoenean.

Buruntzaldeko transmaribibolloen aurkezpena
Ordua: 18:00.
Tokia: Potxoenea.
Zehaztasunak: “Urteari ekitearekin batera Buruntzaldeko transmaribibolloen aurkezpena egingo dugu Usurbilen”, iragarri dute Buruntzaldeko transmaribibolloen mugimenduak. Ekitaldiak bi zati izango ditu; batetik, aurkezpena izango da eta, segidan, Anuk eta Elenek girotutako luntxa.
Antolatzailea: Buruntzaldeko transmaribibolloak.