Aurtengo Argia Sariak ere Usurbilen banatuko dituzte

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 27a

Argazkia: Argia Sariak.

Ostiral honetan, urtarrilaren 30ean izango da sari banaketa horren 37. edizioa, Atxega jauregian.

Euskarazko kazetaritza eta komunikazioko 37. Argia Sariak Usurbilen banatuko dituzte aurtengoan ere. Ohi bezala, urtarrileko azken ostiral honetan, hilaren 30ean antolatu dute hitzordu hori, Atxega jauregian egingo duten ospakizunean.

Argiak aurreratu duenez, "euskal hedabideetako eta kulturako ehundik gora lagun bilduko dira bazkari baten bueltan". Bazkalaurretik, 13:00ak aldera elkartu eta zizka-mizken bueltan, "hedabideetako, kulturako eta erakundeetako ordezkariek argazkia aterako dute".

Haren ostean, 16:00etan, "Jon Torner eta Aimar Uribesalgo 'Kevin' Beranduegi podcasteko kideek aurkeztutako ekitaldian sariak banatuko dira". Sei izango dira guztira: prentsa, entzunezkoa, ikus-entzunezkoa, Internet eta sustapen ekintza edo kanpaina egitasmoak sarituko dituzte. Argiak Atxegan jazotakoaren berri emango du 17:00etatik aurrera eta hiru ordu geroago, saio osoa ikusteko moduan izango dela aurreikusi dute, helbide honetan: argia.eus/berezia/argia-sariak

Hautaketa prozesua
Sarituetarako hautagaiak proposatzeko aukera eskaini zuen Argiaren lantaldeak udazken partean, urtean zehar Argian lanketa egin ostean. "Udazkenean herritarrei galdetu zitzaien proposatzeko Argia Sariak nork merezi dituen, eta urtero bezala, ARGIAko lantaldeak erabaki du euskarazko komunikazioan nor nabarmendu den 2025ean".

Sarituek, estreinakoz, Alaia Gaztelumendi eskulturgilearen oroigarri bana jasoko dute. Izan ere, "Anton Mendizabalen lekukoa hartu du aurten Gaztelumendik, eta oroigarriak egiteko prozesu luze baten ondoren, prest daude zeramikazko piezak".

Iazko sarituak
Iazko 36. Argia Sariak ere Atxega jauregian banatu zituzten duela urtebete. Segidan dituzue zerrendatuak:
-Ikus-entzunezko saria: EITB Kultura telebista saioa, euskal kulturgileen lana bistaratzeagatik.
-Prentsako saria: Irutxuloko Hitza, eskuin muturraren igoerari egindako jarraipenagatik.
-Entzunezko saria: BaDA!bil, Durangoko Azokan kulturaz egindako podcasta.
-Interneteko saria: Oroibidea, Nafarroako oroimen historikoa berreskuratzeko bilatzailea.
-Kanpaina onenaren saria: Altxa Burua ekimena, seme-alabek mugikorra gutxiago erabiltzeko abiaturiko borrokagatik.
-Merezimenduzko saria: Ene Kantak, gazteenen artean euskara sustatzeko egindako lanagatik.