"2070. urtea. Frankopoleon estatu duala… Zerk egiten gaitu euskaldun? Noren begiradapetik begiratu, mugatu, mututu, mutilatu edota depilatzen gaituzte? Zenbat hizkuntza hitz egiten ditugu euskaldunok? Zein euskara hitz egiten dugu? Nondik gatoz? Nola bukatuko dugu?". Hortxe, "Frankopoleon" antzezlanaren abiapuntua.
Emanaldi horrek borobilduko du NOAUA! Kultur Elkarteak urte hasiera honetarako antolaturiko Kulturaldia. Hain zuzen, Usurbilgo udalerria kide duen Udalbiltza partzuergoak sustaturiko Geuretik Sortuak egitasmoaren baitan ondutako antzezlana duzue.
Gogoan izan, Geuretik Sortuak egitasmoaren xede nagusia da, "euskarazko kultura, euskal sortzaileak eta herri kontakizuna sustatzea". Hirugarren ediziora heldu da proiektua. "Lehen bi edizioei esker, zazpi lurraldeetako hainbat herritara iritsi dira 40 euskal sortzaile baino gehiagoren lanak, lau arte-diziplinatakoak".
Aurten, biran izango ditugu iaz sortzen, ontzen joandako sorkuntza lanak; "komikigintza, literatura, zinegintza eta antzerkigintzako 30 lan" hain zuzen, Udalbiltzak emandako Geuretik Sortuak bekari esker. Aipatu moduan, eginiko lan horien guztien emaitzez gozatzeko aukera izango da hurrengo hilabeteotan; tartean, otsailaren 1ean KULTURARTECO taldekoen "Frankopoleon" antzezlana aurkeztuko digute Kulturaldia borobiltzeko. Egileek Plentzian eginiko egonalditik sortutako lana da. "Proiektu honek, kulturartekotasunaren begiradatik, euskal identitatea behatzea du helburu. Hala, euskal identitateaz -hobeto esanda, identitateez- hausnartarazten duen antzezlana da hau". Plentzian egingo duten lehen aurkezpenetik haratago, aretoko estreinaldia Sutegin egingo dute.
Beste bi sorkuntza lan
Eta udalerri honi lotutako lan gehiago ere ezagutzeko aukera izango dugu aurrerago. Izan ere, batetik, Usurbilgo sortzaile bat aurkeztu den Geuretik Sortuak egitasmo honetara; Ixabel Agirresarobe. Ziordian eginiko egonalditik sortutako kontakizuna bildua geratuko da, gainerako hamar sortzaileen literatura lanekin batera, Udalbiltzaren "Hamaika irakurtzeko jaioak" izeneko argitalpenean.
Usurbilen ere egonaldia egin eta hortik ondutako proiekturik ere badakar Geuretik Sortuak egitasmoaren hirugarren edizioak; "Kolapsoa" izeneko Jon Ander Urrestiren sorkuntza lana. Aldaketarik ez bada, martxoaren 1ean estreinatuko dute Sutegin.
"Frankopoleon" antzezlana
Eguna: otsailak 1, igandea.
Ordua: 18:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Egileak: ·KULTURARTECO, belaunaldi desberdinetako hiru emakume sortzaile gara: Ekhiñe Famoso Intxaurrandieta, Inma Koiote eta Saioa Gomez Tejeria. Udalbiltzako Geuretik Sortuak ekimenari esker elkartu ginen 2024an. KulturArteCo.-ren helburua gure sormen lanak kulturartekotasunaren begiradatik eratzea da. Euskaraz bizi gara eta euskarei lekua ematen diegu".
Sarrerak: 3,5 eurotan, usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzaileak: Udalbiltza (Geuretik Sortuak), Usurbilgo Udala eta NOAUA! Kultur Elkartea.