Idoia Torregarai: "Umorea bide eraginkorra da gauza garrantzitsuez hitz egiteko"

Erredakzioa 2026ko urtarrilaren 28a

Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileek ikuskizun berri bat sortu dute: 'Eskailerapekoa'. Umorea eta generoa ardatz hartuta, ordu beteko saioa ondu dute.

2018an  taularatu zuten lehenbiziko aldiz Mirari Martiarena (Oiartzun, 1986) eta Idoia Torregaraik (Usurbil, 1974) Bakean Dagoena Bakean Utzi umorezko ikuskizuna. 2020an bigarren banakako bakarrizketa iritsi zen, Luze edo Motz, eta 2023an hirugarrena, Ztandap. Laugarren ikuskizuna, Eskailerapekoa, igande honetan aurkeztuko dute Adunan, eta ondoren hasiko dute herriz herriko bira.

 

Ezkutukoa, agerian

Ardo ona eskatzeko era da eskailerapekoa eskatzea, eta ardo ona bezalaxe ondu dute Idoia Torregaraik eta Mirari Martiarenak euren laugarren bakarrizketa ikuskizuna. Elkarrekin oholtzan bakarrizketak egiten daramatzen zortzi urteetan ondu dira beraiek eta euren umore fina. Ardoa bezalaxe. Ibilbide horren hurrengo koxka da Eskailerapekoa. "Oraingoan ere eskailerapean, ezkutatuta dauden gaiak, bizipenak, krisiak eta aukerak" kontatuko dizkigutela ohartarazi dute prentsara igorritako ohar baten bidez. "Kritika eginez, deseraikiz eta nola ez, barre eginez!".

 

"Zortzi urte daramatzagu Euskal Herriko txokoak alaitzen"

 

"Gogoz gatoz berriro"

Ikuskizun berrian 40 urteko krisia, nerabezaroa, gorputza eta mendia izango dituzte hizpide, besteak beste. Beraien helburua jendea barrez jartzea dela azpimarratu dute Martiarenak eta Torregaraik, baita eragitea ere: “Umorea bide eraginkorra da gauza garrantzitsuez hitz egiteko. Zortzi urte daramatzagu Euskal Herriko txokoak alaitzen eta gogoz gatoz berriro".

Aurrestreinaldia igandean  egingo dute, Adunan.