Zubieta Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan arituko da kantari

Erredakzioa 2026ko urtarrilaren 28a

Txapelketa lehengo astean abiatu zen, baina Zubietan osatu den taldeak otsailaren 27an abestuko du, Yoko-Garbi elkartean. Lasarteko taldea izango dute aurrez aurre.

Hirugarren aldia izango da Gipuzkoan taldekako txapelketa egingo dena. 2026ko Herriarteko Txapelketa lau fasetan banatuko da: lehen fasea, bigarren fasea, finalaurrekoak eta finala. 100 saiotik gora egingo dira guztira.

 

Bailaraka

Bailaraka antolatu da txapelketa. "Zortzi bailara osatu dira Gipuzkoan, eta gu Buruntzaldean arituko gara", Asier Azpirozek aditzera eman digunez. "Zazpi talde gaude Buruntzaldean, eta zazpi taldeen artean hiru saio jokatuko dira". Saio bakoitzeko irabazlea Buruntzaldeko finalera pasako da.

Zubietak otsailaren 27an egingo du debuta, Yoko-Garbi elkartean, Lasarteren aurka. "Irabaziz gero, Buruntzaldeko finalera sailkatuko ginateke", Azpirotzek esan digunez.

 

Usurbildar bat Añorgako taldean

Harri Agirrerasarobe kalezartarra ere kantari arituko da, "baina Añorgako taldean", antolatzaileek aditzera eman digutenez.

 

Zubieta taldea (Buruntzaldea)

Bertsolariak: Unai Azpiroz Iztueta, Asier Azpiroz Iztueta eta Aitor Larreta Arruti.

Gai jartzailea: Maialen Iñarra Arregi.

Epailea: Ane Aranburu.

Ordezkaria: Asier Azpiroz Iztueta.

 

Lehen kanporaketa

Otsailak 27 ostirala. Zubieta eta Lasarte, aurrez aurre.

20:30 Yoko-Garbin, Zubietan. Afaria eta ondoren saioa.