Urtero ospatzen dute San Juan Bosko eguna Usurbilgo Lanbide Eskolan. "Hainbat ekintza antolatzen ditugu, baina aurten ospakizunak izaera berezia izango du, eskola sortu zenetik 50 urte betetzen baitira".
Ikastetxeko ikasleak, langileak eta jubilatuak elkartuko dituen ekitaldi handi bat iragarri dute ostiral honetarako. "Egun osoan zehar, ginkana erraldoi bat egingo dugu, parte-hartzea eta jai-giroa sustatzeko helburuarekin", Zubietako ikastetxetik aditzera eman dutenez.
"Ginkanan 500 partehartzaile espero dituzte. Edonor hurbildu daiteke ikustera"
Bederatzi proba
Ginkanak bederatzi proba izango ditu, diziplina eta interes desberdinekoak: sudoku txapelketa, xake txapelketa, tortilla txapelketa, slackline txapelketa, argazki lehiaketa, talo txapelketa, futbito txapelketa, herri kirolak eta bideo-joko txapelketa.
Txapelketak 08:00etatik 12:00etara jokatuko dira eta finalak eguerdiko 12:00etatik 14:00etara.
Guztira 14 talde osatu dira eta 500 bat parte hartzaile batuko direla aurreikusi dute.
Ekitaldia irekia izango da eta "edonor etor daiteke ikustera", ikastetxetik jakinarazi digutenez.