ELA, LAB, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek Hego Euskal Herri mailako greba orokorra deitu zuten urte amaieran eta deialdia iragan astean erregistratu zuten martxoaren 17rako. “Gutxieneko soldata hemen erabaki. LGS 1500€. Soldatak hobetu aberastasuna banatzeko” aldarripean egingo da 24 orduko lanuztea bi hilabete barru.
Testuinguru horretan, langileei grebarekin bat egin ekimen eta batzarrak iragarri zituzten lantokietan. Grebara begirako dinamika abiarazi dutenen artean da LAB sindikatua. "Greba eta mobilizazio egun arrakastatsu baten alde lanean jarraitzen dugu". Martxoaren 17ko greba orokorra lantzeko asmoz, Goierri eta Buruntzaldea eskualdeetako ordezkarien batzarra egin zuen LABek aurreko astean Villabonan. "Euskal langileontzat gutxieneko soldata propioa lortzeko eta, oro har, soldatak hobetzeko aldarrikapenarekin lantokiak hustu eta kaleak betetzeko" deia egin du LABek.
Sindikatu horren esanetan, "grebarako arrazoiak ez dira falta". Hasteko, "bizitza garestitu da, baina soldatak ez dira neurri berean igo. Ondorioz, langileok erosahalmena galdu dugu. Soldatek 2008ko pisua berreskuratuko balute, 1.523 milioi euro gehiago jasoko genituzke. Kantitate horren herena nahikoa litzateke gutxieneko soldata bermatzeko".
Horregatik, LAB-etik aldarrikatu dutenez, "Euskal Herriko errealitatera egokitutako gutxieneko soldata behar dugu. Gaur egungo soldatek ez dute oinarrizko gastuei aurre egiteko aukera ematen. Horregatik, greba orokorrera goaz".
"Etengabe erasotzen dira langileon soldatak"
Gaineratu dutenez, "Patronalak uko egin dio gutxieneko soldata negoziatzeari. CENek eta Confebaskek uko egin diote lanbidearteko akordioa adosteko mahai bat eratzeari. Era berean, Herri Ekimen Legegilearen (HEL) bideari bizkarra eman dio EAJ-PSEren Jaurlaritzak, PP eta VOX bidelagun hartuta, baztertu egin du 138.495 herritarrek babestutako HELa. Aurrez pentsiodunen HELarekin gauza bera egin zuten".
Ondorioz, "eremu pribatuan eta publikoan, etengabe erasotzen dira langileon soldatak. Orain, absentismoaren mantrarekin datoz murrizketa berriak inposatzera. Beraz, greba orokorrarekin langileon indarra erakutsiko dugu", dio LABek. Eskualdeeko langileak grebara deitu dituzte, "1.500 euroko gutxieneko soldata lortzeko", "arrakala matxista eta arrazistak murrizteko", "soldata guztiak gorantz bultzatzeko", "enpresaz enpresa eta sektorez sektore soldatak hobetzeko",
"gutxieneko pentsioa eta prestazioak igotzeko", "sortzen dugun aberastasuna justuago banatzeko", "soldatak hemen erabakitzeko, eremu pribatuan zein publikoan",
"Eusko Jaurlaritzak gutxieneko soldataren eskumenak eskuratzeko. Burujabetza handiagoa behar dugu lan eta bizi baldintzak hobetzeko".
