24. Korrika

Datorren Korrikara begirako unitate didaktikoak erabilgarri, euskaltegientzat eta ikastetxeentzat

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 28a

AEK-k Euskal Herriko ikastolekin lankidetzan, martxoan egingo den 24. Korrikara begirako unitate didaktikoak plazaratu ditu. Gogoan izan, bestalde, estreinakoz batuko da Usurbilgo Korrika Batzordea etzi, urtarrilaren 30ean.

Gerturatzen doa, badator 24. Korrika! Martxoaren 25ean iritsiko da gure artera. Prestaketa lanak aurrerabidean dira. Hilabeteotan ezagutarazitako xehetasunei beste bat erantsi behar diogu orain; AEK-k Euskal Herriko ikastolekin lankidetzan egunotan plazaraturiko unitate didaktikoak. Korrika.eus atarian dituzue eskuragarri. Xedea, Euskal Herri osoko ikastola, eskola eta euskaltegietan hedatzea da. Horregatik, bi motatako unitate didaktikoak sortu dituzte ikastolekin batera, adinaren arabera sailkaturikoak, Haur Hezkuntzatik Batxilergora. “ Bestetik, euskaltegietarako atazak, AEKren Didaktika Sailak prestatuak; horiek mailaka antolatuta datoz, A1etik C1era”, egileen esanetan. Hiru materialeko sorta prestatu dute hizpideok izango dituena; “Badator 24. Korrika!”,” 24. Korrikaren ibilbidearen jolasa” eta “Korrika historian” izenekoak. “Azpimarratzekoa da materialetako bat berezia dela: diseinatuta dago entzumen zailtasunak izan ditzaketen pertsonek erabili ahal izateko”.

Ikastetxeetarako materialari dagokionean, Korrika Txokoa izeneko jarduerak txertatu dituzte baita “Hurrengora arte!” izeneko jarduera, 24. Korrika igaro ostean, lasterketako bizipenak partekatzea helburu izango duena.

Berrikuntzak izan arren, unitate didaktikoon helburuak orain artekoak dira; “euskararen aldeko jarrera zabaltzea, gure hizkuntzarekiko kontzientzia suspertu eta haren erabileran eragitea, euskal kultura transmititzea eta bertoko erreferente kulturalak ezagutaraztea; baita, nola ez, Korrika iragartzea ere”.

Bilera
Unitate didaktikoaz gain, Korrikarako materiala eskuragarri duzue korrika.eus atarian edota Etumeta AEK euskaltegian. Euskaltegian bertan deitu dute ostiral honetarako, urtarrilaren 30erako, arratsaldeko 18:30etan Korrika Batzordearen lehen bilera. Datorren euskararen aldeko lasterketa girotzeko ekimenak bideratuko ditu bilgune horrek. Prestaketa lanei ekiteko lehen bilera irekia izango da ostiralekoa, eragileei nahiz norbanakoei zuzendurikoa.

Materiala eskuragarri
24. Korrika gure artera martxoaren 25ean helduko den arren, jada AEK-ren ekimenarekin bat egiteko hainbat modu badira; tartean, soinean eramateko aukera izango da euskararen aldeko korrika. Izan ere, 24. edizioko materiala salgai dago eta zenbait bideetatik eskura daiteke. Hasteko, Usurbildik irten gabe, Etumeta AEK euskaltegian bertan eskuragarri duzue. Udazken partean, herrian antolatu diren azoketan postua jarri ostean, saltzeke geratu zaien materiala Kale Nagusiko egoitzan dute salgai. Hemen duzue, aipatu euskaltegiarekin hartuemanetan jartzeko bideen berri:
Nagusia, 43 (astelehenetik ostegunera 11:00-13:00 artean eta 17:30-20:00 artean. Ostiraletan, 11:00-13:00 artean)
607 609 379
usurbil@aek.eus
aek.eus
blogak.eus/etumeta-euskaltegia-aek

Online bidezko denda
Euskaltegiaz gain, Usurbildik gertuen Donostian izango duzue Korrikaren beste saltoki fisikoa, Alde Zaharreko Esterlines, 5 helbidean. Otsailean, ostegunetan (11:00-13:30 / 17:00-20:00), ostiraletan (17:00-20:00) eta larunbatetan (11:00-14:00/ 17:00-20:00) irekiko dute.

Horrez gain, online denda ere zabalik dute korrika.eus atarian, erosketok noiznahi egin ahal izateko. Webgune horretan, kamisetak, kirol jertseak, Errigorari Durangon urtarrilaren 31n egingo zaion omenaldirako sarrerak, giltzatakoak, botilak, motxilak, biserak, lepokoak, petoak, galtzerdiak,... eskuratu ahalko dituzue.

24. Korrika Usurbilen
Eguna: martxoak 25, asteazkena.
Ordutegia: 13:37-14:47.
Hasiera: Zubietako hipodromoko zubia (1784. kilometroa).
Amaiera: Aginagako Mapil ingurua (1.794 kilometroa).
Distantzia: 11 kilometro.

Ordua Helbide zehatza Kilometroa
13:37:35 Hipodromo etorbidea zubia 1.784
13:44:05 Irigoien kalea 34 (Zubietako Lanbide Eskola ingurua) 1.785
13:50:33 Learritza ibilbidea 23 (Zubietako Etxetxo ingurua) 1.786
13:57:03 Amiri ingurua 1.787
14:03:33 Santueneako autobus geltokia 1.788
14:10:46 Belmonte kalea 1 1.789
14:17:12 Borda Berri kalea 3 1.790
14:23:03 N 634 5. kilometroa 1.791
14:29:30 N634 6-7 kilometroa 1.792
14:36:39 N634 7-8 kilomeroa 1.793
14:41:43 N634 7. kilometro amaiera 1.794



24. Korrika
Iraupena: 2026ko martxoaren 19tik 29ra.
Aldarria: "Euskara gara".
Abiapuntua: Atharratzen, 2026ko martxoaren 19an.
Helmuga: Bilbon, 2026ko martxoaren 29an.
Mezua:
Euskara-herria naiz, bizitzeko era, izateko modua.
Suaren antzekoa naiz: beti bera, beti berri.

Ongi etorri nire etxera, gure etxera.
Iraganetik gaur egunera, ateak beti zabalik ditugun babesgunera.

Zu eta ni euskara gara. Bat gara.
Miloi bat euskaldun gara, eta gehiago izango gara.
Biziberritzen den komunitate aske eta irekia gara,
elkarrekin sortuko dugun etorkizuna.
Alderik alde zeharkatuko dugun Euskal Herria gara.

Eman hitza, eta eman pauso, erdigunean jartzeko aniztasuna eta elkar zaintzea.
Eman pausoa, eta aktibatu, lehen lerroan nahi dugu helduen euskalduntzea.
Guztiok gara ezinbesteko. Pertsona bakoitzak du balioa; hiztun bakoitzak, garrantzia.
Euskaltegian izena eman dugunok, euskara lehen hizkuntza dugunok, kanpotik etorri garenok,
euskaraz, Euskal Herrian, ikasi eta bizi nahi dugunok...
Guztiok herri bat gara. Euskara gara.

Aditu Korrikaren deiadarra.
Izan gaitezen dardara, izan gaitezen indarra.
Piztu da Korrikaren garra!…


Parte hartzeko bideak:
1-Herri batzordeetan parte hartuta.
2-Diru ekarpenak eginda:
-Korrika Laguntzaile izanda edota 24. Korrikaren materiala erosita.
-Korrikalarien peto edo bizkarrekoa erosita.
-Korrikaren kontu korronteotan diru ekarpenak eginda:
Hegoaldean: ES70 3035 0072 02 0720037810
Iparraldean: FR76 1333 5000 4008 9291 5827 532 (eurotan), 218371601 (euskotan).
-BIZUM edo txartel bidez "korrika" edo "aek" bilatuta, baita korrika.eus atariko "Nola parte hartu" atalean ere.
-Lekukoa eramanda senide edota lagunekin, elkartekideekin... dagokion ekarpena eginda.
3-Korrikaren berri eman eta haren ospea hedatuz:
-Korrika Kulturalaren ekitaldietan parte hartuta.
-Korrika.eus webgunea edota haren sare sozialetan parte hartuta.
4-Korrikan parte hartuta:
-Hasieran eta amaieran.
-Bizkarrekoa jantzita korrika eginez; "euskara ikasi, hitz egin eta euskaraz bizi nahi dugula erakusteko".
5-Enpresa eta saltokiek:
-24. Korrika iragartzeko euskarriak babestuta.
-Korrikalaria eskuratuz zein Korrika Lagun izanez.
-Kilometroak eskuratuz. Parte hartzeko modu hau erabili nahi dutenek Korrikaren bulegoetara jo dezakete otsailaren 1etik aurrera.

Informazio gehiago:
korrika.eus

Antolatzailea: AEK.