Gaztelaniaz eskainiko den saioan, 2020an eskualde honetan sortutako zaintzaren sektoreko irabazi-asmorik gabeko eta gizarte-ekimeneko erakunde Maitelan Zaintza Kooperatiba aurkeztuko dute bertako kideek, hurrengo hilabeteotan, Usurbilen bideratu asmo duten lanketari buruzko nondik norakoen berri emateaz gain.
“Zaintza behar kolektiboari erantzun nahi diote, zaintza lanak duintzeko helburu argiarekin batera, batik bat, emakume migratuena. Beterri-Buruntza Mankomunitatearekin hitzarmen bat sinatu berri dute, batetik, zaintzaile profesionalentzako arreta eta aholkularitza zerbitzuak eskaintzeko eta, bestetik, zaintzaileen arteko dinamika kolektiboak sortzeko mankomunitateko kide diren herrietan”.
Hitzarmen horri buruzko zehaztasunak eskaini ditu Usurbilgo Udalak. "Mankomunitatearekin hitzarmena sinatu zuen, irail amaieran, euren jardunaren berri eman eta herri bakoitzean zenbait dinamika martxan jartzeko". Testuinguru horretan, "Maitelan zaintza kooperatibak zaintzaile profesionalentzako arreta eta aholkularitza zerbitzua eskainiko du, telefono bidez eta aurrez aurre, Beterri Buruntza Mankomunitatearekin udazkenean sinatutako lankidetza hitzarmen bati esker. Horren arabera, kide diren herrietan beren jardunaren berri eman eta zenbait dinamika jarriko ditu martxan", aurreratu du Udalak.
Udalarekin lankidetzan, Usurbilen, "aholkularitza zerbitzuaz gain, zaintzaile profesionalek elkar topatzeko saioak dinamizatuko ditu, hilean behin". Abenduaren 6an egin zuten estreinako saioa eta Udaletik gogora ekarri dutenez, "migratuak diren zaintzaile profesionalentzako saioa izan zen, eta arrazakeriari aurre egiteko tresnen inguruan jardun zuten".
Horren guztiaren berri emango dute hain zuzen, astebete barru, otsailaren 5ean egingo den ekitaldian.
Aholkularitza zerbitzua
Zehaztasunak: zaintzaile profesionalek haien lanari lotutako gai edo bestelako buruzko kontsulta.
Noiz: astelehenetik ostiralera, telefono bidez, 14:00-18:00 artean. Aurrez aurre, hilero azken ostiraletan, 15:00-18:00 artean, Usurbilgo Emakumeon Etxean.
Zaintzaile profesionalen topaketak
Noiz: hilero, bigarren ostiraletan.
Non: hasiera batean, Usurbilgo Emakumeon Etxea. Saio bakoitzaren edukiaren arabera, baliteke bestelako ekipamendu batzuetan egitea.
Oharra: "Maitelanek saioon edukiak proposatuko baditu ere, zaintzaileek eurek ere izango dute egin nahiko lituzketen ekintzak proposatzeko aukera".
Maitelan kooperatibarekin hartuemanetan jartzeko: 633 177 321 / sarea-red@maitelan.eus