Anbulatorioa pediatrarik gabe berriz ere, egiturazko plaza hori berehala betetzea erreklamatu dute

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 29a

Urtarrilaren 12az geroztik, berriz ere pediatrarik gabe dago Usurbilgo anbulatorioa. Egiturazkoa den plaza hori berehala betetzeko erreklamazio bateratua aurkeztu dute Usurbilgo hainbat familia eta herrikideek.

Pediatria zerbitzu duina galdegiten hasi beharrean aurkitu dira berriz. Iaz, Usurbilgo anbulatorioan bost hilabetez pediatra gabe egon ostean, berriz ere, urtarrilaren 12az geroztik egoera berean direla salatu dute, NOAUA!ri helarazitako ohar bidez familia kaltetuek. Horren harira, erreklamazio bateratua sinatu eta helarazi diote Osakidetzari baita hedabideei ere, "gure herriko osasun zentroan pediatrarik ez egoteak sortu duen egoera larria plazaratzeko".

Gogorarazi dutenez, herriko anbulatorioak berriro ere pediatria zerbitzua eskaini gabe egoteak "ondorio larriak ditu: diagnostiko eta tratamenduetan atzerapenak, prebentzio-kontrolen murrizketa, Lasarteko osasun zentroaren gainkarga eta, batez ere, familien eguneroko bizitzan eta kontziliazioan eragin zuzena". Laburbilduz, "ia 6.500 biztanleko herri batean, haurren osasun-arreta bertan behera uztea eskubide-galera onartezina dela uste dugu".

Testuinguru honetan, "Osakidetzari zein arduradun publikoei" herri honetako osasun-etxeko "pediatra plaza egiturazkoa berehala betetzea" galdegin dute, "herrian bertan eta modu egonkorrean arituko den profesional batekin". Izan ere, argi adierazi dutenez, "haurren osasuna lehentasuna izan behar da, eta osasun publikoa, unibertsala eta hurbilekoa bermatu behar da".

Segidan duzue, Usurbilgo familia eta herrikide hainbatek aurkezturiko erreklamazio bateratua bere osotasunean:

USURBILGO OSASUN ZENTRUAN PEDIATRA ORDEZKATZEKO ESKAERA
2025ean 5 hilabetean zehar Pediatrarik gabe egon ginen. Herrian kalte larriak eragin zituen egoera hark eta orain ere eragiten ari da: diagnostiko eta tratamenduetan atzerapenak, prebentzio-kontroletan murrizketa, larrialdietako eta Lasarteko osasun zentruko zerbitzuen gainkarga, gertutasun ezagatik familien lana eta bizitza pertsonala uztartzea oztopatzea...

Jakinaren gainean egongo zarete, Usurbilgo herrian Pediatrarik gabe gaude berriz ere urte hasieratik, 2026ko urtarrilaren 12tik. Lasartera bideratzen gaituzte Pediatrarengana joan behar dugunetan eta, horrela, bertako langileen lan-karga areagotzen da.

Usurbilgo haurren herriko osasun-zerbitzua bertan behera utzi da, osasun publikoa eta unibertsala defendatzen den garai honetan. Haurren osasunak lehen mailako lehentasuna izan beharko luke eta hala izatea eskatzen dugu.

Bada, herriko osasun zentruan Pediatrarik ez izatea eskubide-galera ikaragarria da ia 6.500 biztanleko herri batean, herritarren ongizateari eta osasunari zuzenean eragiten diona. Gure herrian badira kotxerik ez duten familiak, baita gidatu ezin dutenak ere eta haurrak herrian bertan artatuak ez izateak kontziliazioa are gehiago zailtzen du. Egoerarik zaurgarrienetan, haurrak gaixo daudenetan, gertu, herrian bertan, artatuak izateko eskubidea galdu dugu bat-batean Usurbilen. Badirudi gure haurrek ez dutela eskubide hori.

Gure eta gure haurren eskubideak errespetatzeko eskatzen dugu. Osakidetzako lanpostuen zerrendan (gaztelaniazko RPT, “Relación de Puestos de Trabajo”) Usurbilgo osasun zentruari dagokion egiturazko Pediatra plaza bete dezazuela exijitzen dugu. Berehala, herrian, artatuko gaituen profesionala eskatzen dugu. Egonkorra, jarraitua, hurbilekoa, familia guztien erreferentziazko profesionala izango dena, pazienteak ongi ezagutzen dituena: euskalduna, Pediatra, Lehen arretako medikua, jarraikera horretan. Hori guztia funtsezkoa da haurren kalitatezko osasun-arretarako.

Dagozkion lekuan ondorioak izan ditzan.