Nolatan gurutzatu ziren zuen ibilbideak sorkuntza proiektu honetan bueltan?
Ekhiñe Famoso Intxaurrandieta: Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean elkar ezagutu ginen. Saioak eta biok klase berean ginen, Inma beste klase batean.
Inma Koiote: Hiru urteko formakuntza da. Ez da homologatutako titulua eskuratzen, baina errekonozimendua du. Bukaeran diploma modukoa ematen dute, ez da ofiziala. Ahotsa, gorputza, interpretazioa, dena lantzen da.
Saioa Gomez Tejeria: Antzerkiak elkartu gintuen, formatu nahi genuelako. Hirurok egin dugu antzerkia betidanik, haurtzarotik.
Nola izan zenuten Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren berri?
E.F.I.: Aurreko deialdian izan nuen egitasmoaren berri. Ez nintzen aurkeztu. Arantza horrekin geratu nintzen. Edizio honetan, Saioari komentatu eta azken unean, izena eman genuen.
S.G.T.: Deialdiaren berri banuen. Euskal sortzaileentzako laguntza zoragarria da, ez baitaude asko, egonaldiarekin gainera. Hartuko zigutela jakin gabe aurkeztu ginen. Oso barrutik ateratako proposamena aurkeztu genuen.
Zer nolako proposamena landu zenuten?
S.G.T.: Ukitzen gintuen gai bat hautatu genuen; euskal identitatearena. Ur handitan sartu ginen. Kulturartekotasunaren begiradatik egin nahi genuen, belaunaldiartekoa izatea nahi genuen. Plentzian egindako egonaldian parte hartzaileek haien hausnarketak partekatu zituzten gurekin, sorkuntza lana aberastu ahal izateko eta haiek ere grabatu genituen obraren parte izan ahal izateko. Bilera bat egin genuen, lehenik eta behin, Plentziako udal ordezkariekin eta Udalbiltzako teknikariekin. Adierazi genien konturatu ginela gaia mardula zela eta aurreikusitako bide horri jarraitu bai baina lan desberdina izango zela. Azkenean, distopia bat sortzea erabaki genuen, gogoko gaiak lantzeko. Denbora asko egon gara gidoia ontzen. Tarte horretan, pertsonaiak sortzen ari ginela, beste pertsona bat behar genuen. Hor sartu zen Inma.
I.K.: Tren hau martxan zela hartu dut. Ordurako dena zuten mamitua. Baina konturatu ziren pertsona bat gehiago behar zutela. Niretzat opari handia izan da.
S.G.T.: Guretzako ere oparia izan da. Plentziako herritarrekin egindako tailer eta solasaldiak ere oso interesgarriak izan ziren.
Nolakoa izan zen harremantze hori?
S.G.T.: Guk oso argi genuen, gidoia idazterakoan, aurretik ere zerk egiten gaituen euskaldun. Baina euskal identitateari buruzko ahots ez hegemonikoak entzun nahi genituen, zapalkuntzez (emakume izateak dakarren zapalkuntzaz, arrazakeriaz, LGBTI komunitateaz, lodifobiaz, euskarez...) eta botere harremanez aritzeko antzezlanean. Euskaldunak zapalduak gara, hori argi dago, baina zapaltzaileak gara ere. Kolektibo ezberdinetako belaunaldi askotako herritarrak etorri ziren saioetara. Oso aberasgarriak izan ziren gurekin partekatutako haien bizipen zein hausnarketak. Zoragarriak izan ziren, oso eskuzabalak. Obrarako haien ahotsak grabatzeko prest agertu ziren.
Hortik sortu duzue "Frankopoleon".
S.G.T.: Euskal Herria osotasunean uztartu nahi genuen eta Geuretik Sortuak beka deialditik ere ilusio gehien horrek egiten zigun; Euskal Herri osoan barrena bira egin ahal izateak.
Zein dira zuentzat, Geuretik Sortuak egitasmoak dituen ezaugarri aipagarrienak?
E.F.I.: Euskal Herriko herri batean hiru asteko egonaldia egiteko aukera eskaintzen du eta herri horrekin harremantzea, lanketa egin, lankideekin elkarbizitzea...
S.G.T.: Antzezlaneko gaiei buruz hitz egin ahal izatea Plentziako herritarrekin. Bestalde, beka honek euskal sortzaileoi bultzada emateaz gain, bira beraiek lotzen dute. Moldatu egin behar gara gela anitzetan antzeztera, baina horrek ere bere xarma, irakaspena ematen du.
I.K.: Usurbilgoa izango da areto ofizialetan eskainiko dugun lehen emanaldia.
S.G.T.: Usurbilen etxean bezala aritzea izango da, bertan hazi eta hezi ostean. Saio berezia izango da, zuzeneko musika izango dugu, gonbidatu bereziekin.
Noiz arte izango zarete biran?
I.K.: Apirilera arte ariko gara, gero berriz udazkenean.
S.G.T.: Hamar emanaldi jarri dizkigute, azkena, azaroaren 8an Oiartzunen. Gero, nahi izanez gero gehiago eskaini ditzakegu. Kontadores Gazte Zentroan eskaini nahiko genuke, gure sostengua izan da hasieratik.
Sorkuntzaren ertz guztiak ezagutu dituzue egitasmo honekin?
E.F.I.: Zenbat gauza lotu behar diren eta zenbat jende behar den inguruan.
S.G.T.: Sare hori izan dugu guk eta eskerrak. Ekoizpena, hedapena... zenbat lan dagoen atzean. Dena josi behar izan dugu, ez genuen uste hainbesteko lanik zegoenik antzezlan bat sortzeko bidean. Amancay Gaztañagaren kanpo begirada izan dugu, Mikel Sanchezek musika lan polita egin digu. Maider Segurola, Mikel Rotaetxe eta Ainhoa Urretabizkaiaren kolaborazio bereziak izan ditugu. Besteak beste, testu aholkularitzan Egoitz Zelaiak izugarri lagundu digu. Usurbilgo Udalak ere utzi zigun Sutegiko oholtza, pase teknikoa egiteko eta eskertu genuen.
E.F.I.: Antzerkigile berrien beka deialdia izanik, Udalbiltzak jartzen duen bidelaguntzan egokitu zaigu Belen Cruz, Donostiako gure formazioko irakaslea.
S.G.T.: Gure emanaldiarekin hausnarketa sustatzen badugu, ederra izango da.
Gaiak eta izenburuak hala eskatzen dute ezta?
I.K.: Franco eta Napoleonen arteko nahasketa islatzen duen izenburua deigarria da.
S.G.T.: Kritika asko dago azpitik. Askotariko zapalkuntzak salatzen ditugu. Hiru belaunaldietako hiru emakume euskaldun gara, zapalkuntza horiek jasandakoak. Zapalkuntzak hor dirau, hori hala dela ikusi dugu sorkuntza prozesuan. Hori kritikatzen dugu antzezlanean.
Sorkuntzaren alderdi berriren batean trebatzea gustuko izan duzue?
I.K.: Ekhiñek ere aipatu bezala, aktore bezala oso gustura aritzen naiz. Antzezten gozatu izan dut haurtzarotik. 2019an hasi nintzen jendaurrean Zestoako Lili jauregiko bisita antzeztuak eskaintzen. Bakarrizketa bat da, baina beti inprobisatzeko prest egon behar da. Oholtzara aspaldi igo gabe nintzen, Sutegin entseatzen aritu ginenean. Niretzako ederrena hori da. Saioak idazteko gaitasun oso handia du.
S.G.T.: Beti niretzat idatzi izan dut, obratxoren bat ere bai, esperientzia polita izan da. Gazi-gozoa izan da idazketa prozesua; ordu asko, blokeo uneak. Aktore laneko mugimendua eta jolasa asko gustuko dut. Antzezlan honetan, ordea, beste hamaika zereginetan aritu gara. Aktore gisa, hemendik aurrera gozatuko dugu.
Sutegiko emanaldira ikus-entzuleak zer nolako begiradarekin joatea nahiko zenukete?
I.K.: Gogotsu eta gozatzera. Distopia bat denez, ikuspegi irekiarekin joan daitezela. Izenburutik hasita, antzezlanak zer pentsatua emango die.