NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia

"Berezia eta bitxikeriaz beterikoa da 'Sitxak' diskoa"

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 29a

Jon Basaguren (Gasteiz, 1984) Izaki Gardenak taldeko kantugilea, gitarra-jolea eta abeslaria da. Ostiral honetan, kontzertua eskainiko dute Sutegin. Arratsaldeko 20:00etan hasiko da eta sarrerak usurbilkultura.eus plataforman edo NOAUA!-ren egoitzan eskura daitezke 10 eurotan. NOAUA! K.E.-ren bazkideek merkeago, kultur elkartearen egoitzan erosiz gero.

"Sitxak" diskoa iaz aurkeztu zenuten, nolako harrera izaten ari da?
Positiboa. Disko berezia da, eta alde horretatik, guk ere ez genekien zer espero. Alde batetik, kantu zaharragoak biltzen ditu, diskoetatik kanpo argitaratzen joan garen singleak, eta bestetik, lau abesti berri, baina horietatik bi moldaketak dira. Disko berezia da, bitxikeriez osatuta, baina era berean, errepertorioari beste haize bat ematen dio, eta jendeak gustura hartu ditu kantu berriak. 

Zer adierazi nahi duzu berezia eta bitxikeriaz beterikoa dela esaten duzunean?
Gure diskoetako ohikotasunetik kanpo dauden gauza batzuk daudelako. Singleak biltzen dituelako, bertsioak daude, eta guk ez dugu sekula bertsiorik sartzen, eta honetan, Benito Lertxundiren bat, gero blues batena, Johnny Cashen "Thirteen", eta hori guztia euskarara ekarri dugu. Gero, normalean, kantuak konposatzeko erabiltzen ez ditugun metodoak erabili ditugu.

Adibidez, letra batetik hasita kantu bat osatzea edo estudioan kantu bat borobiltzea. Horrelako lizentziak hartu ditugu, eta beraz, beste aire bat du diskoak. 

Zer musika estilokoa da "Sitxak" diskoa?
Izaki Gardenaken unibertsoko disko bat da; hau da, gure hasierako rock amerikar eta country puntu bat du, baina alderdi ilunetara joz, eta rocketik ere bai. Britpop-etik ere nahikotxo dugula uste dut, eta horrelako nahasketa bat dela esango nuke. 

Usurbilgo kontzertua "Sitxak" diskoaren biraren parte da?
Bai, hori da. Hibrido bat da. "Orube" duela urtebete pasatxo aurkeztu genuen, eta ibili gara "Orube" diskoa aurkezten eta "Sitxak"-ekin bien arteko nahasketa bat egiten, baita kantu zaharragoak ere. Errepertorioa pixka bat berritu dugu, "Sitxak" diskoaren abesti batzuk sartzeko.

Usurbil eta gero zer?
Martxotik aurrera emanaldiz beteta daukagu agenda, eta gero apirilean, Galiziara goaz. Bertan lau kontzertu egingo ditugu. 

Lehenengo aldia da Euskal Herritik kanpo jotzera aterako zaretela?
Ez, atera izan gara aurreko diskoekin. Sevillan, Bartzelonan, Zaragozan... 2020an Euskal Herritik kanpo jotzeko plana genuen, baina pandemia etorri zen, eta bertan behera utzi behar izan genuen. 

Diskoa antzoki baterako eginda dago ala jaietan eskaintzeko modukoa al da?
Bietarako dela iruditzen zait. Antzokietan jo izan dugunetan funtzionatu izan du, hitzei, argiei, soinuari eta giro bat sortzeari sekulako garrantzia ematen diogulako, eta hori aretoetan asko nabarmentzen da. Baina era berean, ia errepertorio berdina jo dugunean jaietan edo kanpoko kontzertuetan ere funtzionatu izan du, jakina ez goizeko lauretan jotzeko, kalean aritzeko ere oso gustura aritu zaitezke horrelako musika entzuten.