NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia

"Kantak itzultzeko ariketatik sortu nuen Bihotzeko fonoteka"

Asier Gonzalez de San Pedro 2026ko urtarrilaren 29a

Ugaitz Agirre Zapirainek (Usurbil,1992) "Bihotzeko fonoteka" ipuin kontaketa musikatua aurkeztuko du larunbat honetan Sutegin. Hainbat abesti euskararatu ditu, eta abesti horiek ekarritako oroitzapenekin eta asmatutako istorioekin osatutako ipuinen kontaketa egingo du.

Nolakoa da ipuin kontaketa musikatua?

Idazten ibiltzen naiz, eta itzultzeko ariketa bat egiten hasi nintzen, idazteko praktika ona baita. Ipuinekin hasi beharrean abestiak itzultzen hasi nintzen, horrek exijitzen duen guztiarekin. Hainbat kanta itzultzean ariketa horretatik zerbait sortzea pentsatu nuen. Argentinara egindako bidaia bat eta gero, gitarrarekin hastea erabaki nuen. Orduan gitarra jotzen ikasten hasi nintzen nire kabuz, eta dena muntatzen joan nintzen. Zortzi kanta euskaratu ditut, eta abestearena eta gitarra jotzen berde samar ikusten nintzenez, bakoitzari ipuin bat eman diot. Ipuin txiki bat sortu dut kanta bakoitzak niri sortzen didanetik abiatuta.

Zeintzuk dira abesti horiek?

Denak niri gustatzen zaizkidan abestiak dira, eta horregatik diot "Bihotzeko fonoteka". Emanaldiko lehenengoa, Bruce Springsteen-en "The River" abestia da. The Beatles taldearen "Yesterday", Joaquin Sabinaren "Sin embargo" eta "Chihiroren bidaia" pelikulako azkeneko abestia ere itzuli ditut, besteak beste.

Eta ipuinei dagokionez, asmatuak dira ala beste ipuin batzuk hartu dituzu erreferente gisa?

Ipuinak asmatuak dira, baina bizipenak ere badaude. "Yesterday" kantuarena, adibidez, bizipen bat da. Lisboara egindako bidaia batean, Fernando Pessoa idazlearen museoan geunden, bat pianoa jotzen hasi zen, eta "Yesterday" jo zuen. Kanta horrek, Lisboako pasarte hori ekartzen dit gogora, eta orduan, istorio hori kontatzen da. "Sin embargo" abestiarekin, harreman toxiko baten istorioa kontatzen dut. Eta azkenekoa, Irlandako "Parting Glass" abesti tradizionala da, despedidako kanta bat, eta nire heriotza kontatzen dut umoretik.

Nola uztartu zenituen musika eta ipuinak egiteko prozesu hori?

Hori nahiko erraza izan zen. Gitarra jotzen aplikazio batekin hasi nintzen, eta abestien akordeak bilatzen nituenean, zailak baldin baziren, baztertu egiten nituen, eta aldiz, errazak baldin baziren, ikasi egiten nituen. Horrek galbahe lanak egin zituen, eta esanahia gustatzen bazitzaidan, itzuli egiten nituen. Gero, egia da, testuingurua aldatu diedala. Aipatu dudan Irlandako abesti nostalgikoa Clare konderrian kokatzen da, eta nik Lapurdira pasa dut, adibidez. Egokitzapenak egin ditut hemengo txokoetara kantatzeko.

Usurbilgoa izango da lehenengo emanaldia?

Bai. Lagun askok esan didate ezin dutela emanaldira joan, eta sentsazioen arabera, agian, besteren bat egongo da. Ez daukat bira bat planteatuta. Gainera, nagi gehien ematen didan zatia izaten da, zerbait muntatu eta saioak lortzea. Baina ikusiko da, ez nago ezertara itxita. Kontua disfrutatzea da, eta publikoak berak ere gozatzea.

Etorkizunean abesti gehiago itzultzeko aukera ikusten duzu?

Ipuin gehiago sortuko ditudala ziur nago, baina kantatzearena ez dakit.