Otsailaren 6an

Usurbilen ere grabatutako "Irabazi Arte!" Sutegin ikusten hasteko aukera

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 29a

Otsailaren 6an ETB-k estreinatu aurretik, Sutegin ikusi ahalko da "Irabazi Arte" telesailaren denboraldi berriko lehen atala. Gonbidapenak, ostiral honetatik, urtarrilaren 30etik aurrera eskuratu ahalko dituzue, usurbilkultura.eus plataforman. Denboraldiko zenbait eszena uda partean Usurbilen grabatu zituzten.

Azken urteotan Euskal Telebistaren "Go!azen" telesailarekin egin bezalaxe, iaztik "Irabazi Arte" ekoizpenaren denboraldi hasierako lehen atala Sutegin eta Euskal Herriko beste hainbat antzokietan estreinatu ohi dute, telebistan pantailaratu aurretik. "Irabazi Arte" telesailaren bosgarren denboraldia estreinatzear du Euskal Telebistak. Lehenengo atala otsailaren 6an eskainiko du euskarazko telebista kateak, iluntzeko 21:00etan.

Ordu batzuk lehenago, ordea, Sutegiko auditorioan proiektatuko dute, bitan, arratsaldeko 17:30etan eta iluntzeko 19:00etan. Hitzorduotarako gonbidapenak, ostiral honetan, urtarrilaren 30etik aurrera eskuratu ahalko dituzue usurbilkultura.eus plataforman.

Lankidetza hitzarmenaren baitan
Sutegin soilik ez, ostiral honetatik, hilaren 30etik aurrera, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide diren 120 udalerrietatik 90 herrietan (tartean, Usurbilen) eskainiko da denboraldi berriko lehen atala, baita Makusi plataforman ere. Izan ere, "UEMAk eta EITBk euskarazko ikus-entzunezkoak zabaltzeko sinatuta duten hitzarmenaren baitan, euskarazko telesail arrakastatsuenak UEMAko kide diren herrietako zinemetan eta areto publikoetan estreinatzeko lizentzia du UEMAk".

Bien, UEMA-ren eta EITB-ren arteko lankidetza horren helburua, "udalerri euskaldunetan euskarazko ikus-entzunezkoak areago zabaltzea da". Beharra bada eta, sinatzaileen esanetan. "Azken ikerketek argi erakutsi dute euskarazko kultur kontsumoa erdarazkoen oso azpitik dagoela. Euskal Herri osoan gertatzen da hori, baita udalerri euskaldunetan ere. Gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruz UEMAk 2022an argitaratutako ikerketak ere azalarazi zuen pantailetan erdarazko edukiak ikusten dituztela batez ere haurrek, nerabeek eta gazteek, eta horrek eragin nabaria du hizkuntza-ohituretan".

Horregatik, errealitate hori iraultzeko ezinbestekotzat jotzen dute "euskarazko eskaintza zabaltzea, eta ildo horretan urratsa egin nahi izan du UEMAk, iaz EiTBrekin sinatu zuen hitzarmena baliatuta, besteak beste". Horren harira, gaineratu dutenez, "euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza ezagutarazi eta hauspotu nahian, EiTBren Primeran eta Makusi plataformak ere sustatuko ditu UEMAk udalerri euskaldunetan".

Institutuko azken urtea
Hitzarmen horren testuinguruan eskaintzen dira azken urteotan ETB-ren "Go!azen" eta "Irabazi Arte" telesailen denboraldi berriko lehen atalak antzokietan, telebistan baino lehen. "Egundoko arrakasta izan ohi du ekimenak, milaka eta milaka ikuslerekin", nabarmendu du Usurbilgo udalerria kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak.

Proiekzio horien antolatzaileek aurreratu dutenez, "denboraldi berrian, Arenek eta bere lagunek institutuko azken urteari egingo diote aurre. Azken urtea, gainera, mugitua izango da: norbait ez dago futbol klubaren festa egunean igerilekuan gertatutakoa ahazteko prest, eta denek jasan beharko dituzte zorigaiztoko gau hartan gertatutakoaren ondorioak".

EITB-k berri eman duenez, "bi aktore berri izango ditugu denboraldi honetan: Unai Arana (Aimar) eta Markel Uranga (Ekain).
Horiekin batera, dagoeneko ezagunak ditugunak: Sua Enparantza (Arene), Alvaro Garayalde (Peio), Jose Ramon Soroiz (aitona), Joana Garinato (Lili), Joan Bailador (Malen), Nahia Sillero (Nora), Ainhoa Azpitarte (Olatz), Ane Garmendia (Itsaso), Angela López (Alaitz), Aritz Basterra (Jon), Ander Rovira (Gorka), Iker Barandiaran (Galder), Ugaitz Amundarain (Kepa), Ibai Ugarte (Amets), Tessa Andonegi (Idoia), Dorleta Urretabizkaia (Eunate) eta Iker Galartza (Larra)".

Telesaileko zenbait eszena Usurbilen grabatu zituzten iazko udaberri amaieran nahiz uda partean; besteak beste, Aranerreka inguruan nahiz Askatasuna plazan.