Sarereren aurtengo herri mailako lehen mobilizazioa gaur

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 30a

"Ezin da gehiago luzatu" aldarripean, milaka lagunek (tartean, usurbildarrek) urtarrilaren 10ean bat eginiko Bilboko manifestazioaren ondotik, aurtengo herri mailako lehen mobilizazioa deitu du Sarek ostiral honetarako, urtarrilaren 30eako, ohiko orduan eta tokian.

Milaka lagun batu zituen beste urte batez, Sarek lurtarrilaren 10ean Bilbon deituko manifestazio nazionalak. "Ezin da gehiago luzatu" aldarripean elkartu zituen, besteak beste, Usurbildik joandako herrikideak ere. Haietako hainbat mobilizatuko dira berriz, urtarrileko azken ostiral honetan, hilaren 30ean. Izan ere, hilero moduan, aurtengo lehen elkarretaratzea deitu du Usurbilgo Sarek iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan.

"Hau da jarraitu beharreko bidea"
Balantze baikorra plazaratu zuen Sarek Bilboko mobilizazioaz. "Urtez urte, milaka pertsonek euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko politiken amaiera modu baketsu eta demokratikoan aldarrikatzen dutenean, pentsa daiteke ezin dela hainbeste jende oker egon", nabarmendu zuen Sarek.

Kopuruan soilik ez, partaideen arteko aniztasunari ere erreparatu zioten aipatu mobilizaziorako antolatzaileek. "Beste urte batez, Bilboko kaleetan ikusi zen aniztasun ideologikoa azpimarratu nahi dugu. Jende horiek, beren jarrerarekin, adierazi zuten ez duela axola norekin zoazen, baizik eta garrantzitsuena giza eskubideen defentsa dela, eta hor demokrata guztiok egin behar dugula topo".

Urteotan, bereziki azkeneko hiru urteotan orain arte egindako bideaz pozarren agertu ziren. "Hori euskal gehiengo politikoen, sindikalen eta gizarte zibilaren zati handi baten arteko adostasunaren bidez egin dugu, kasu honetan, Sarek ordezkatuta. Hau da jarraitu beharreko bidea. Hori izango da, aurrerantzean ere, hasi berri den urte honetako jarduera-ildoa".

Barneratu berri garen urte honi dagokionean ere, Saretik iragarri zutenez, "jarrera-aldaketa eskatzen jarraituko dugu esparru politikoan eta judizialean. Urte honek salbuespen-politika guztien amaiera izan behar du. Dagoeneko zaharkituta dauden legedien bidez aplikatzen direnak, hala nola, 40 urtera arteko askatasun-gabetzearen kondenak; epaile eta fiskalen jarrerak, errebantxak baino gehiago justiziak gidatuta, eta espetxeetako eguneroko bizitzan euskal presoak Euskal Espetxe Eredua deitu denaren xede izateko beharra. Espetxe-politika humanistan eta salbuespenen amaieran oinarritutako eredua".

Eskakizun horiek "gizarte zibila protagonista izango duen ekimenen bidez islatuko ditugu" iragarri zuen Sarek.