Ohi bezala, izerdi patsetan datorkigu asteburu hau ere, futbol, eskubaloi eta pilota partidekin. Baina, adi, ezohiko irudia ikusiko da haietako hainbat neurketetan; zehazkiago esanda, futbol eta eskubaloi partidetan. Minutu erdiko isiluneak iragarri dituzte Usurbil F.T.-k eta Usurbil K.E.-k Haranen eta Oiardo kiroldegiko partidetan.
Usurbil F.T.-tik aditzera eman moduan, "azkenaldian Gipuzkoan gertatutako hainbat kirol jokabide desegoki direla eta, asteburuko partida guztiak minutu erdiz geratuta hasiko dira". Beste hainbeste egingo du Usurbil Kirol Elkarteak ere. Eta hori dena ez soilik Usurbilen, Gipuzkoa osoan egingo da asteburuan, "errespeturik gabe, kirolik ez" aldarripean.
Lelo horren bueltan, adierazpen instituzionala sinatu dute ostegun honetan Gipuzkoako kirol federazioek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, "kirolean egiten diren indarkeriazko ekintzen aurka".
"Gogaitasuna agerian uzteko"
Berri eman dutenez, "kirolen aurkako portaera gero eta handiagoa denez, hogeita zazpi federazioek lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute, kirolari guztiek beren jarduera ingurune seguru, osasungarri eta errespetuzko batean egin ahal izatea bermatzeko. Halaber, irmotasunez adierazi dute oinarrizko errespetu-eta tolerantzia-arauen arabera jokatzen ez dakiten pertsonek ez dutela lekurik Gipuzkoako kirolean".
Horren harira, "saskibaloiko, eskubaloiko, futboleko eta areto-futboleko partidak minutu erdiko geldialdiarekin hasiko dira asteburu honetan, kirol afizionatuak gure lurraldeko esparruetan gertatzen diren irain eta kirolen aurkako istiluen aurrean duen gogaitasuna agerian uzteko".
Deialdiarekin bat egin dute, aipatu moduan, Usurbil F.T.-k eta Usurbil K.E.-k. Eskubaloi taldeen bilguneko lehendakari Jon Loidik adierazi duenez, "Usurbil Kirol Elkartetik Gipuzkoako Federazioek sinatutako adierazpen instituzionalera batu eta bertan zehaztutako ekimenetan parte hartuko dugu. Gure kirola, eta bereziki adin txikikoek parte hartzen dutenean, ezin da izan gutxi batzuen frustrazioen azaleratze eremua. Kanpokoei zuzentasuna eskatzeaz gain, gure zaletuei ere zuzentasuna eskatu behar zaie: Usurbilen kiroltasunaren eta jarrera onaren eredu izan behar dugu". Gaineratu duenez, "asko pozten gara Usurbil KE ere dinamika honetara batzeagatik. Azkenaldian behintzat, ez naiz kontziente ezer larririk gertatu denik Usurbilen, baina inor ez gaude libre eta denok erne egon behar dugu indarkeria egoerak saihesteko".
Gipuzkoako Eskubaloi Federazioko lehendakari Arantxa Arzak esandakoa ekarri du gogora. "Kirola eta indarkeria ez dira bateragarri. Beharrezko ikusi dugu Gipuzkoako kirol federaziotako ordezkariok gure ekosistema osatzen duten eragile guztiak eta gizartea orokorrean arazo honetaz kontzientziatzea."
Hiru keinu
Federazioetatik aurreratu dute, minutu erdiko isilune horretan egingo diren keinuak zeintzuk izango diren. "Gipuzkoako lehiaketek hiru keinu ikusgarri izango dituzte pistan, denak elkartuta kirolean dagoen indarkeriaren aurka". Batetik, "Federazioak antolatutako partidetan parte hartzen duten guztiei kolore ezberdineko bi galtzerdi eramateko eskatzen zaie: bat zuria eta bat beltza".
Bigarrenik, "taldeen aurkezpena egiten den bitartean, bertako klubak kirolean indarkeriaren aurka audio bat jarriko du. Ekipoen arteko esku-talka ez da hasiko audioa amaitu arte".
Azkenik, "sakea egin behar duen jokalariak, partida hasten denean, baloia askatuko du, eta lurrean utziko du inork ukitu gabe. Epaileak, unea iristen denean, play on markatuko du, eta hasiera batean atera behar zuen taldeko edozein jokalarik baloia hartu eta jokoari ekingo dio. Baloia hartu duen pertsonak baloia askatu badu, ez da inolaz ere bikoitzik epaituko".
Pilota Usurbilen
Urtarrilak 30, ostirala
17:45 Kadeteak Gipuzkoa binaka 2. Maila: Pagazpe (Alejo-Alejo)- Behar zana 2
-Infantilak 3. Mailan binaka: Papazpe 1 (Harreguy-Ostolaza)- Oiarpe 2
-Jubenilak Gipuzkoako 1. Mailan binaka: Pagazpe (Aburuza-Alejo)- Tolosa 2
-Euskal Liga Jubenilak binaka: Pagazpe (Etxabe*-Errasti)- Larraun
Eskubaloia
Oiardo kiroldegian
Urtarrilak 31, larunbata
10:45 Kadete neskak B: Bilagun Usurbil K.E.- Neurri Elgoibar
12:30 Kadete neskak A: Cortes Usurbil K.E.- Kalefit Orio Eragin
16:00 Jubenil mutilak: Usurbil K.E.- Urangadeko Pulpo EK
Otsailak 1, igandea
12:00 Jubenil neskak: Usurbil K.E.- Bera Bera Urdina
Oiardotik kanpo
Urtarrilak 31, larunbata
15:00 Senior neskak: Saieko Mon Paperdenda-Urbil Usurbil K.E.
20:00 Senior mutilak: BM. Loyola-Saizar Usurbil K.E.
Otsailak 1, igandea
10:00 Kadete mutilak: Muskiz Eskubaloia-Usurbil K.E.
Futbola
Harane
Urtarrilak 31, larunbata
09:00 1. infantil mutilak "B"-Antigua Luberri "B" K.E.
10:30 1. infantil mutilak "A"-Antigua Luberri K.E.
12:00 1. kadete neskak "A"-Aizkorri Segura F.T.
15:45 Gorengo Maila neskak-Pasaia K.E.
18:00 Gorengo Maila mutilak-Danena K.E.
Otsailak 1, igandea
10:00 1. jubenil mutilak-Billabona K.E. "B"
12:00 1. kadete mutilak-Urola K.E.
15:45 Ohorezko jubenil mutilak-Billabona K.E.
18:45 Erregional mutilak-A. Mundarro F.K.E. "B"
Haranetik kanpo
Urtarrilak 31, larunbata
09:45 Lasarteko Michelinen: Texas C.F.-F-8 infantil neskak "A"
13:05 Lasarteko Michelinen: Ostadar S.K.T.-1. kadete neskak "B"
14:00 Tolosako Usabalen: Tolosa C.F.-1. infantil mutilak "C"
Otsailak 1, igandea
10:00 Zarauzko Asti-Txikin: Zarautz K.E.-F-8 infantil neskak "B"