Usurbilgo jaiak

Herriko jaiak antolatzen hasteko garaia heldu da

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 30a

2026ko Usurbilgo jaiak antolatzen hasteko lehenengo bi hitzorduak iragarri dituzte egunotarako.

Urtea hasi baino ez dugu egin. Halere, uda partera begira jartzeko moduan gara jada, urte garai honetan izango ditugun festen ziklora hurbiltzen hastekoa hain zuzen. Izan ere, Usurbilgo festak antolatzen hasteko garaia heldu da. Egunotarako bi hitzordu deitu dituzte.

Xauxar txozna batzordea
Usurbilgo bilgune horrek ostiral honetarako, urtarrilaren 30erako deitu du lehen bilera, gaueko 22:00etan Artzabalgo gazte lokalean. Jakinarazi dutenez, "Usurbilgo festetarako bost hilabete falta diren honetan, Xauxar txozna batzordea martxan da" jada eta gaurko deitu dute lehen asanblada irekia. "Jaiak herritik eta herriarentzat antolatzen ditugu Usurbilgo gazteok eta guztion laguntza beharko dugu horretarako", gogorarazi dute. Horregatik bertaratzeko deia egin dute. "Ez ahaztu kontzertu eta ekimen proposamenak pentsatuak ekartzeaz!", ohartarazi dute.

Jai batzordea
Xauxar txozna batzordea, herri eragile eta norbanako gehiagorekin batera, Usurbilgo jai batzordeko kidea da. Herri mailako bilgune horretan hartzen dira, Usurbilgo jaiei lotutako erabaki guztiak. Bertan bideratzen dira herriko festen prestaketa lan guztiak; hala nola, jaien iraupena zehazten dute, ekitaldien eskaintza osatu edota txupinazoa jaurtitzeko hautagaiak erabakitzeko nahiz egitarauaren diseinua aukeratzeko lehiaketak abiarazi. Herriko festak antolatzen hasteko lehen bilera deitu du jai batzordeak hurrengo asteazkenean, otsailaren 4an, arratsaldeko 17:00etan Potxoenean.