Azkenaldian sarriagotan gertatzen ari den moduan, haizeak gogor jo dezake hurrengo orduotan. Izan ere, gaur iluntzeko 21:00etatik aurrera, abisu horian izango gara. "Mendebal/ipar-mendebaldeko haize-boladek 100 kilometro orduko abiadura gaindi dezakete" haizeguneetan. Larunbat arratsaldeko 18:00ak arte luzatuko da abisu hori horren epealdia, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez.
Asteburuko iragarpena
Hurrengo orduotan, aipatu meteorologia agentziaren arabera, "arratsalde-gau partean oso hodeitsu geratuko da eta zaparrada batzuk egingo ditu. Hego-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin; egunaren amaieran mendebaldera aldatuko da. Tenperatura gutxi jaitsiko da".
Larunbatean, urtarrilaren 31n, "zerua oso hodeitsu egongo da eta noizbehinka zaparradak botako ditu. Mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin; egunaren amaieran hegoaldera aldatuko da. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da".
Igandean, otsailaren 1ean, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Baliteke euri txikia egitea. Hego-haizea ibiliko da. Tenperatura minimoak gutxi igo eta maximoak nahikoa igoko dira".
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.