Euskarazko kazetaritzari eta komunikazioari gorazarre egin die beste behin, ostiral honetan, urtarrilaren 30ean Atxega jauregian egindako ekitaldiak. Izan ere, 37. Argia Sariak banatu dituzte bertan. Lehenbizi, albiste honi atxikia duzuen talde argazkia atera dute bazkalaurretik jauregi atarian, "hedabideetako, kulturako eta erakundeetako ordezkariek". Bazkalostean egin dute, Jon Torner eta Aimar Uribesalgo 'Kevin' Beranduegi podcasteko kideek aurkeztutako ekitaldia. Urtero moduan, sei izan dira banaturiko sariak, alor hauetakoak; prentsa, entzunezkoa, ikus-entzunezkoa, Internet eta sustapen ekintza edo kanpaina egitasmoak hain zuzen.
Sarituek, estreinakoz, Alaia Gaztelumendi eskulturgilearen oroigarri bana jaso dute. Izan ere, "Anton Mendizabalen lekukoa hartu du aurten Gaztelumendik, eta oroigarriak egiteko prozesu luze baten ondoren, prest daude zeramikazko piezak".
Prentsa Argia Saria
Jakin aldizkaria saritu dute aurtengoan; zehazkiago esanda, "Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi" izeneko zenbaki berezia, "Azurmendirenganako zubi-lana egiteagatik, ia ehun kulturgileren gogoeten bidez haren balioa jasotzeagatik, eta irakurlea galderen munduan murgiltzeagatik".
Argiakoen esanetan, "kritika bultzatu eta galderak eta galderak egin zituen beti Joxe Azurmendik. Esaten zuen erantzunak beti zirela inportanteak, baina inportanteagoa zela jakitea zein den unean uneko galdera. Eta bazioen ere zubiak eraiki behar zirela, eta horretarako, gazteei ere entzun behar zitzaiela. Eztabaida sustatu eta jakintza goratzea izan zuen xede Azurmendik. Ziurrenik 60ko hamarkadan egin baino era ezkutuagoan, isilerago, atzeko planoan, Jakin aldizkariaren kidetzan".
Ikus-entzunezko Argia Saria
"Enarak" izeneko dokumentalari eman diote, haren zuzendari Beñat Iturriozi eta protagonista Juanjo Iturrioz eta Jose Iñurritari, "gaia modu original eta ausartean aurkezteagatik, dokumentazio lan aberatsagatik, eta euskal musikaren historia zatitxo bat txikitasunetik transmititzeko erakutsitako gaitasunagatik…".
Argiakoen esanetan, proiektu honen sortzaileak "argazkiz argazki eta notaz nota, ezezaguna zen intra-historia bat erreskatatu du iluntasunetik, The Beatlesen bertsioetatik hasi eta Larraizko 'akelarreraino'".
Kanpaina onenaren Argia Saria
Aroztegiko Elkartasun Komiteak jaso du, "elkartasuna eta salaketa mimoz, eraginkortasunez eta kemenez antolatzeagatik". Argiatik nabarmendu dutenez, "Aroztegiko proiektua oraingoz geldi dago eta haren aurka egiteagatik epaitu zituzten zazpi lagunak libre; desobedientzia zibila praktikan jartzeagatik isunekin, baina libre". Hori hala izatean "auzipetuei sostengua emateko antolatutako ekimen zabala" goraipatu dute. Komite horri esker, "hobeto ulertu daitezke hilabeteetan salaketa eta elkartasuna Baztango txoko guztietara hedatzea, maiatzean milaka herritarrek Iruñeko kaleak hartzea, edota ekainean Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean bost egunez duintasuna barreiatzen aritze hura".
Gogora ekarri dutenez, "boterearen eta diruaren babesa izan du Aroztegiko proiektu suntsitzaileak. Beste muturrean, karpa xume baina indartsu baten fereka norainokoa izan daitekeen ondo dakite auzian epaituak izan ziren zazpi lagunek".
Interneteko Argia Saria
Mende laurdena betetako Inguma datu-biltegiari eman diote, "euskaraz egindako zientzia eta jakintza zaindu eta herritar guztien eskura jartzeagatik, eta eduki akademikoa euskaraz sortzearen balioa aldarrikatu eta bultzatzeagatik". Dagoeneko, "14.000tik gora egileren, 48.000tik gora dokumenturen eta 220 erakunderen erreferentziak aurki daitezke klik batean".
Eduki horien artean, besteak beste, "feminismoaz, ekonomiaz, historiaz, biologiaz, matematikaz, euskarari buruz... okurrituko zaizkigun jakintza-esparruetako milaka lanen erreferentziak daude. Kazetariek, irakasleek, hezkuntza-komunitateak, kultur programatzaileek, ikertzaileek, eskura dute biltegi osoa; finean herritar orok erabil dezake datu-basea, doan".
Biltegi izaera hutsetik haratago, "euskaraz egindako produkzio zientifiko eta intelektualaren erakusleiho funtzioa ere bete nahi du: euskal komunitate zientifikoak egiten duen lanari ikusgarritasuna eman, baita prestigioa ere". Bultzada beharrean da eta. 'Euskarazko produkzio zientifikoa gutxitzen doa, euskararen garapen zientifikorako politika baten gabeziaren ondorioz".
Entzunezko Argia Saria
Antxeta irratiari eman diote, "Irungo “auzokide patruilen” inguruan egindako ikerketa-erreportajeengatik, eta orokorrean kulturaniztasunari eta arrazakeriaren aurkako ahotsei sakon heltzeagatik".
Argiakoen esanetan, "bizi ditugun garai hauek kazetaritza ausarta behar dute, ardi-larruz jantzitako otsoei mozorroa kentzeko gai den kazetaritza, eskuin muturrak hauspoturiko diskurtsoei aurre egiten diena". Ildo horretan, "segurtasunaren izenean kaleak patruilatzea helburu omen zuen hiritar taldearen benetako izaera azaleratu du gaurko gure sarituak". Horrez gain, "bere ohiko programazioan espazio eta denbora ez gutxi eskaintzen dizkie anti-arrazakeriari eta kulturaniztasunari, bai Irun-Hondarribia eta Hendaia batzen dituen ekosistema berezian, bai Bortzirietan".
Merezimenduzko Argia Saria
Bilboko Zenbat Gara elkarteak jaso du, "Bizkaiko hiriburuan euskara bultzatzen eta biziberritzen egiten duen lan nekaezinagatik". Izan ere, Argiatik nabarmendu dutenez, "euskarari eta euskal kulturari emandako bultzadak hiriko euskalgintzaren zentro bilakatu du gaurko saritua: urtean 2.000 euskara ikasle pasatzen dira bertatik, eta bertako kultur programazioak asetzen ditu euskaltzaleen gogoak; zer esanik ez euskara hutsean aritzen den hiriko komunikabide bakarraz, elkarte mitiko honen ganbaratik emititzen duen irratiaz".
Ia mende erdiko ibilbidea egina dute. Irakaskuntzatik ekin zioten, "handik urte batzuetara konturatu ziren euskara irakastea ez zela nahikoa, praktikatzeko tokiak ere sortu behar zirela, ingurua aldeko ez bazuten, bederen. Orduan ekin zioten ekosistema oso bat sortzeari, euskaraz ikastea, praktikatzea eta gozatzea posible egiteari".