Estreinakoz plazaratu da Kantu Taldea, hamazazpigarren ikasturtea abiatu berritan

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 31

Usurbilgo Euskal Kantu Taldea 2026ko eta ikasturte berriko lehen kantu-jiran plazaratu da urtarrileko azken larunbat honetan.

Negu beteko urtarrileko azken larunbat hau gogotik girotu du Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak. Gaurkoa zuen 2026an estreinakoaz plazaratzeko lehen eguna, baita hamazazpigarren ikasturtea abiaratu osteko lehen kantu-jira ere. Euskal abesti ezagunekin girotu dute, herri bizitzari dagokionean, larunbat lasai hau.

Gogoan izan, urtarrilaren 12an hasi zuen Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak bere hamazazpigarren ikasturtea. Ordutik, astelehenero biltzen hasiak dira berriz entsegu saioetarako, Agerialdeko musika gelan, Jaione Eskuderoren gidaritzapean, ordubeteko saioan. "Adin guztietarako eta era atsegin eta errazean egin daitekeen bat proposatzen dizuegu: Zatozte abestera!", Usurbilgo Kantu Taldeak aditzera eman duenez. "Euskal abestien bidez euskal kultura eta euskara sustatzearekin batera, ondo pasako duzue talde-giro ederrean. Atzoko kantak gogoratu, berreskuratu eta gaurkoak ikasiz tarte ederrak pasako dituzue, ziur!".

Bertan landutakoa, gainera, hilero plazaratzeko aukera izaten dute gaur bezala, edota laster berriz egingo duten moduan. Izan ere, egun gutxi barru, berriz plazaratuko dira Kantu Taldekoak, otsailaren 4an, Agate Deunaren bezperan. “Urtero bezala, Santa Ageda bezperako ohitura zaharrari jarraiki, herrian zehar kantuz ibiliko gara. Makila hartu eta zatoz gurekin aspaldiko koplak abestuz gozatzera". Deialdiarekin batera, eskaera bat ere luzatu du Kantu Taldeak: "Ahal dela baserritarrez jantzita etorri. Egurtzegi aurrean egingo dugu lehen saioa, bertakoei ere antzinako usadioa berritzeko parada emateko”, iragarri dute.

Usurbilgo Kantu Taldearen deialdiak
Astelehenero
18:00 Entsegu saioak Agerialdeko musika gelan.

Otsailak 4, asteazkena
18:00 Agate Deunaren bezperako kantu-jira Egurtzegitik.

Otsailak 28, larunbata
12:00 Kantu-jira, Mikel Laboa plazatik abiatuta.

Antolatzailea: Usurbilgo Euskal Kantu Taldea.