"Konponbideak ezin du gehiago luzatu"

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 31

Bart egin du Usurbilgo Sarek urte honi dagokion lehen elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.

Urteko lehenengoa izan da eta urtarrilaren 10ean eginiko Bilboko manifestazio nazional jendetsuaren ostekoa. Mobilizazio hura ekarri dute gogora elkarretaratze horretara. "2026. urteari hasiera ematearekin batera, urtero egin ohi dugun eta euskal preso, iheslari eta deportatuen auzian lanean gabiltzanontzat urteko data garrantzitsuenetako bat den manifestazioa burutu genuen urtarrilaren 10ean Bilbon. Azken urteetan, Euskal Herriak jende gehien mobilizatu izan duen mobilizazioak aurreikuspen guztiak gainditu zituen beste behin".

Deialdi hark izandako harrerari lotutako eskertza helarazi zuten ostiral iluntzean, frontoi atzeko kontzentrazioan. "Urtarrilaren 10ean, "Ezin da gehiago luzatu" lelopean, konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren alde, jendez lepo bete genituen Bilboko kaleak. Sare Herritarretik gure eskerrik beroenak luzatu nahi dizkizuegu bertaratutako guztiei, baita ere, noski, euripean txandak egiten aritu zineten ehunka herritarrei".

Bilboko manifestazioa mugarri izatea nahi luke Sarek urte honetan. "Euskal gizartearen gehiengoa ordezkatzen duten alderdi, sindikatu eta eragileekin batera, gizarte zabalaren zati oso garrantzitsua elkartu ginen iraganari ateak itxi eta etorkizunari ateak irekitzeko eskaera lau haizeetara zabaldu asmoz. Behar gisa identifikatzen dugun konponbideak ezin du gehiago luzatu", galdegin dute.

Urte mugarria
Horregatik, urte hau mugarri izatekoa nahia agertu du Sarek. "Uste dugu aukera handiak ditugula euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzean, salbuespenarekin amaitzeko urratsak ematen jarraitu eta konponbide integral baterantz gehiago hurbiltzeko. Hori da espetxe erakunde zein politikoei galdegiten dieguna. Sufrimendua eragiten jarraitzen duen auziari konponbidea eman nahi bazaio, ezinbestekoa izango da lege eta politika arruntak gailentzea. Ezinbestekoa izango da elkarbizitza agertokietara jauzi egin nahi badugu, iraganeko politikak alde batera utzi eta benetan, etorkizunari begira jartzea. Ezin da gehiago luzatu".

Otsaileko azken ostiralean, hilaren 27an izango da hurrengo Sareren elkarretaratzea, ohiko toki eta orduan; iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan.