Susto ederra hartu dute Etxebeste kale inguruan zirenek larunbat arratsaldeko 16:00ak aldera. Izan ere, lekukoen arabera, leherketa hotsa entzun da Etxebeste kaleko zazpi zenbakidun atarian. Hotsak bizilagunak hurbileko eraikinetan nahiz inguruko tabernetan zirenak aterarazi ditu.
Leherketak sutea piztu du berehala atari horretan bertan eta suteak Dema plaza ingurua une batzuetan keak hartu du. Inguruan ziren zenbait herritarrei esker, susto hutsean geratu da dena. Su-itzalgailuarekin joan dira sua amatatzera. Larrialdi zerbitzuei deituta, handik gutxira gerturatu da Ertzaintza baita larrialdi zerbitzuak ere, haien artean, suhiltzaileak.
Bertan zirela aterarazi dituzte larrialdi zerbitzuen laguntzaz, eraikin barruan ziren bi pertsona eta txakur bat, itxuraz onik. Gertaerak zorionez, itxuraz behintzat ez du kalte pertsonal larririk eragin. Suteak utzitako arrastoa nabaria da eraikinaren atarian bertan.





