Eusko Jaurlaritzaren osasun sailburu Alberto Martinezek berak EITB-ri elkarrizketa bidez jakinarazi dionez, ESI batean edo bitan antzeman dituzte iraungitako txerto hexabalenteen kasuak; tartean, Usurbilgo udalerria barne hartzen duen Donostialdeko ESI-an.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, urtarrilaren 15ean izan zuten iraungitako txertoon berri. "Osasun Sailak eta Osakidetzak gertakariaren berri izan zutenetik, urtarrilaren 15ean, bi jarduera-ildo jarraitu dira: txertatutako pertsonen segurtasuna bermatzea eta gertatutakoari buruzko ikerketa sakona abiaraztea".
Txertoa jarri zaien pertsonei dagokienean, Osasun Sailaren arabera, "laborategi fabrikatzailearen, Sendagaien Espainiako Agentziaren eta Euskadiko Txertoen Aholku Batzordearen txosten teknikoak egin dira eta ondorio kaltegarriak izateko arriskurik ez dagoela ondorioztatzen da".
Dagoeneko "Osakidetza familia guztiekin harremanetan jarri da eta, kasu batzuetan, berriro txertatu dira jada".
Kasu gehiago
Iaz jarritako 170.000 txerto aztertzen ari da egunotan Osakidetza. Osasun Sailaren arabera, hasieran 253 kasuren berri izan zuten, gero 103 zirela ziurtatu eta egunotan 30 pertsona izateraino murriztu daitezkeela kasuok adierazi dute.
Halere, hedabideen arabera, jarritako beste bi txertoetan dosi iraungiak izan daitezkeela ohartarazi dute. Beste 78 kasu egon daitezke honenbestez; 49 kasu txerto tetrabalenteari lotutakoak, eta 29 txerto hirukoitz birikoari dagozkio. "Kasu horietako bakar batean ere ez da osasunerako arriskurik ikusi, eta kasu guztiak banan-banan berrikusten ari dira, berriro txertatzeko beharra baloratzeko", Osasun Sailaren arabera.
Osasun Sailak ikerketa zabalik du gertatutakoaren zergatiak argitu eta etorkizunean halakorik ez errepikatzeko. "Ildo horretan, Txertoen Ikerketa eta Trazabilitate Batzordea eratu" dute.