"Errespeturik gabe, kirolik ez"

Isilunearekin ekin diete asteburuko futbol eta eskubaloi partidei

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 31

Usurbil F.T.-k eta Usurbil K.E.-k bat egin dute Gipuzkoako kirol federazioek nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiak "errespeturik gabe, kirolik ez" aldarripean, asteburu honetan kirol arloko indarkeriaren aurka deitutako ekimenarekin.

Asteburu honetan jokatzen ari diren jardunaldiko partidetan, markagailua martxan jarri dute Oiardo kiroldegian nahiz Haranen, baina jokalariak, epaileak, entrenatzaileak, ikus-entzuleak... ez dira mugitu ere egin. Dena gelditu, guztia isildu da tartetxo batean. Geldirik, baloia zelaiaren erdigunean neurketak hasteko prest jarri dute, baina ez dute mugimendu txikiena ere egin nahi izan.

Modu horretan, neurketen lehen minutuan isilunea egin dute Usurbil K.E.-ko nahiz Usurbil F.T.-ko kideek, asteburuan Oiardo kiroldegian eta Haranen hurrenez hurren, jokoan diren partidetan.

Gipuzkoako beste hainbat eta hainbat jokalekuetan ere antzeko irudiak ikusi ahal izan dira. Izan ere, "errespeturik gabe, kirolik ez" aldarripean adierazpen instituzionala sinatu zuten ostegunean Gipuzkoako kirol federazioek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, "kirolean egiten diren indarkeriazko ekintzen aurka".

Horren harira, jakinarazi zutenez, "saskibaloiko, eskubaloiko, futboleko eta areto-futboleko partidak minutu erdiko geldialdiarekin hasiko dira asteburu honetan, kirol afizionatuak gure lurraldeko esparruetan gertatzen diren irain eta kirolen aurkako istiluen aurrean duen gogaitasuna agerian uzteko".

Usurbilen, eskubaloi eta futbol taldeek bat egin dute deialdi horrekin. Kirol arloko indarkeriaren aurkako hiru keinu zelairatu dituzte. Batetik, "Federazioak antolatutako partidetan parte hartzen duten guztiei, kolore ezberdineko bi galtzerdi eramatea", galdegin zaie; galtzerdi zuri eta beltz bana.

Bigarrenik, "taldeen aurkezpena egiten den bitartean, bertako klubak kirolean indarkeriaren aurkako" audio bat ere entzun ahal izan da zenbait partidetan.

Azkenik, adostua zutenez, "sakea egin behar duen jokalariak, partida hasten denean, baloia askatuko du, eta lurrean utziko du inork ukitu gabe. Epaileak, unea iristen denean, play on markatuko du, eta hasiera batean atera behar zuen taldeko edozein jokalarik baloia hartu eta jokoari ekingo dio. Baloia hartu duen pertsonak baloia askatu badu, ez da inolaz ere bikoitzik epaituko".

"Lanean jarraitzeko konpromisoa"
Asteburuko ekimen honen deitzaileen esanetan, "kirolen aurkako portaera gero eta handiagoa denez, hogeita zazpi federazioek lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute, kirolari guztiek beren jarduera ingurune seguru, osasungarri eta errespetuzko batean egin ahal izatea bermatzeko. Halaber, irmotasunez adierazi dute oinarrizko errespetu-eta tolerantzia-arauen arabera jokatzen ez dakiten pertsonek ez dutela lekurik Gipuzkoako kirolean".