Usurbilgo jaiak

Etzi bilduko da estreinakoz, Usurbilgo jai batzordea

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 2a

Uztailaren 2aren bueltan ospatuko diren Usurbilgo jaiak antolatzen hasteko lehen bilera deitu du jai batzordeak etzi, hilaren 4an.

Urruti egon daitezke, baina konturatzerako hemen ditugu. Bost hilabete eskas geratzen dira, Usurbil etenik gabeko ospakizun giroan barneratzeko. Herriko jaietarako oraindik denbora igaro beharko den arren, heldu da festak antolatzen hasteko garaia. Jai batzordeak jada jakinarazi du noiz hasiko den biltzen; etzirako, otsailaren 4rako deitu du lehen bilera, arratsaldeko 17:00etan Potxoenean.

Ohi bezala, saio irekia izango da, ospakizunon antolakuntzan parte hartu edota festei lotutako ekarpenak egin nahi dituzten norbanako nahiz eragileentzat. Gogoan izan, bertan hartu ohi duten lehen erabakien artean, jaien iraupena zehaztea izan ohi da. Horrekin batera, egunez egun izango den ekitaldien eskaintza definitzeko lanketa bideratzen dute bilgune horretan.

Jai batzordean hartzen dira herriko festei lotutako erabaki guztiak; hala nola, txupinazoa jaurtitzeko hautagaiak nahiz egitarauaren diseinua aukeratzeko lehiaketak antolatzen ditu. Eta zeregin gehiago ere izan ohi ditu.

Asteazkenean, hilaren 4an egingo du 2026ko festen prestaketa lanei begirako lehen bilkura, baina ez da azkena izango. Hurrengo hilabeteetan gehiagotan elkartuko da Potxoenean. Saio guztiak, aipatu moduan, irekiak izango dira.

Gazteen mugimendua ere martxan
Jai batzordearen aurretik, Usurbilgo gazteen mugimendua ere jaien prestaketa lanetarako martxan da jada. Iragan ostiralerako, urtarrilaren 30erako deitu zuen lehen bilkura Xauxar txozna batzordeak Artzabalgo gazte lokalean.

"Jaiak herritik eta herriarentzat antolatzen ditugu Usurbilgo gazteok eta guztion laguntza beharko dugu horretarako", jakinarazi zuten. Lehen saio hartarako, "kontzertu eta ekimen proposamenak pentsatuak" eramatea galdegin zuten.